GAUR8 - mila leiho zabalik
infraganti

JANIRE AZKUETA

Miss Plus Size saria eskuratu berri, are ozenago dio orain Janire Azkuetak modaren munduan neurri guztiak daudela modan eta neurri guztientzat egon behar dela moda. Bide horretan asko egiteko badago ere, kaleko emakumeak badoaz moda munduan espazioak irabazten, eta, modeloak dioenez, ez zaio aldaketari beldurrik izan behar, ez horixe.


Virginia Imaz pailazoaren pertsonaia batek daukan metroa nazioarteko sistemaren neurri-unitate izendatu beharko lukete munduan zoriona areagotzeko. Pausa izeneko emakume liluragarri horrek poltsan daraman metro “magikoak” neurri justua ematen du beti; neurri guztiak dira justuak, beraz. Mezu horren asko dago Janire Azkueta modeloaren kontakizunean.

Erabakitzeko askatasuna eta aske izatea erabakitzeko eskubidea borrokatzen ziren urriaren 1 historikoan Bartzelonan bertan zen Janire Azkueta modeloa, bestelako “borroka” batean murgilduta bera. Estatu mailako Miss Plus Size saria zegoen jokoan egun hartan, eta lortu zuen Euskal Herrira ekartzea.

Sariarekin ate asko zabalduko zaizkio Azkuetari, seguruenik. Baina ate horiekin batera, mikrofonoak ere jarri zaizkio aurrez aurre mezu argi bat zabaltzeko: moda pertsona guztien ondarea bada, ezin da neurri zehatz batzuetara mugatu, guztientzat egon behar da eskuragarri. Mundura zabaldu eta praktikan jartzen duen mezua da. Bide hori aspaldi hasia zuen Azkuetak. Moda munduan ez da berria eta ez da beti neurri handiekin aritu. Modelo gisa hasi eta urte batzuetara heldu ziren neurri berriak. Orduan hasi zen lehenengo pertsonan kanon itxi batzuen barruan ez daudenentzako moda aldarrikatzen.

Janire Azkueta Bilbon jaio eta hazi zen. Orain Bizkaiko hiriburuaren ondo-ondoan dagoen Etxebarrin bizi da, eta, pozik, gainera. Bizitzari eta dakartzan erronkei aurre egiteko behar den esfortzua ukatu gabe, eta zailtasunak ezkutatu gabe, baikortasunez aurrera egiten duen lagun horietakoa da modeloa.

Modeloa, 2003. urtetik

GAUR8ri kontatu dionez, 2003tik da modelo profesionala. 2007tik, berriz, neurri handiagoak hartzen dituen Plus Size arloan ari da lanean. Moda munduan murgilduta zebilela, osasun arazo batek aldatu zizkion gorputzaren neurriak, ezarritako kanonetatik kanpo utziz. Horrek, baina, ez zuen Azkuetaren karrera eten: aurrera jarraitu zuen, guztiek modaren munduan duten tokia tinko defendatzen.

Neurri kontua ez litzateke muga izan beharko bizkaitarren ustez. «Moda mundua ahaztu egiten da neurri handiez. Atzerapen izugarria dago arlo honetan, eta lan asko egin behar da», azaldu du. Neurri estandarren alde dagoen apustu erabatekoa neutralizatzea da kontua.

Neurri handien eremua ez dago estandarizatuta, Azkuetak kontatutakoaren arabera. Eremu beraren barruan sartzen dira neurri handiak eta curvy izeneko bi kategoria; batean zein bestean sartzen diren neurriak ezberdinak dira herrialdearen arabera. «Espainian, ‘neurri handiak’ 46tik gorakoak dira, eta curvy kategorian 40 eta 42 neurriak sartzen dira», zehaztu duenez.

Neurri estandarretan eta horietatik kanpo izan duen ibilbideak esperientzia biak alderatzeko aukera ematen dio, eta batean zein bestean ez du emaitza txarrik izan. «Zortea izan dut eta lan asko izaten dut. Ezin naiz kexatu eta ezin dut esan nire kasuan diferentzia askorik dagoenik. Hori bai, ez da berdina ere; ez duzu hainbeste diru irabaziko neurri handiko modeloa bazara. Nire kasua berezia da, baina badakit gauza pila bat egin behar direla gauza asko aldatzeko eta egoera normalizatzeko», nabarmendu du.

Moda, janzkera, pertsonalitatea, jarrera, jokabidea... errealitate bereko osagaiak dira Azkuetaren ustez. Izan ere, Janire Azkuetak izen bereko blog bat ere badauka. Bertan modaz mintzatzen da; joerak, koloreak, formak... azaltzen ditu eta hainbat gairen inguruko aholkuak ematen ditu. Sarean, Instagram, Facebook edo Twitterren eskura daitezke modeloaren mezuak.

Beldurra kendu, ahaldundu

Aholkularitza lana ez da erraza hain anitza den gorputzen munduan murgilduta. Modeloak dioenez, janzkera komunikatzeko tresna bat da, bakoitzak izaera bat dauka eta janzkerak horretaz hitz egin behar du. «Dugun egoeraren arabera janzten gara. Txarto sentitzen garenean, arropa ilunagoak jartzeko joera daukagu. Izaera indartsua badaukat, berriz, hori adierazten dut nire janzteko erarekin...», azaldu du. Izaera edo egoera bakoitzaren aurrean, modak «tresnak diren jantziak» ematen ditu.

Orain “Love your curves” esloganeko kanpaina batean ari da lanean arropa munduko enpresa talde ezagun batzentzat. «Nire lana da beste neskei aholkuak ematea eta erakustea neurri handiko jantziak egon badaudela», azaldu du. Moda aholkularitzan ere lan egiten du, estilo ezberdinetako janzkeren gaineko aholku pertsonalizatuak emanez norberaren estiloa, gustuak... kontuan hartuta.

Sex appeal-a jokabidean kokatzen du neurri handi batean. «Nahiz eta egun txar bat izan, seguru sentitzen bazara, besteek horrela ikusiko zaituzte». Horretan arropak asko eragiten duela nabarmendu du: «Nik ez dut nire burua berdin ikusten arropa batekin edo bestearekin. Gure burua ‘polit’ ikusten badugu, ondo sentitzen bagara, horrek laguntzen gaitu seguruago, sexyago, osasuntsuago izaten».

Nabarmentzen duenez, gauza ez da loditasuna defendatzea, baizik eta modak mundu guztia barruan hartzearen beharra. Horregatik, argi du mezua ondo ulertu behar dela: «Gauza ez da guztiak lodi egotea edo osasuntsua ez den bizitza bat aldarrikatzea. Bizitza positiboa eta osasuna defenditzen ditut beti: gorputzak anitzak dira eta aniztasun hori modak ere kontuan hartzea da gakoa». Horrek aldaketak eskatzen ditu, «eta aldaketei ez zaie beldurrik izan behar».

«Munduaren arazo nagusia ezagutzen ez denari zaion beldurra da», Azkuetaren iritziz. «Gauza guztietan bezala, modan ere mugak apurtzen saiatu eta aurrera egitearen defendatzaile argia naiz. Politikan eta beste gauza pilo batean bezala. Gu gara ahotsa altxatu behar dugunak erabakiak hartzen dituzten horiek kasu egin diezaguten. Bakar batek egiten badu, ez dute entzungo, baina, askoz gehiago bagara, egingo dute. Botere hori eskuratzen eta beldurra galtzen saiatu behar dugu gauzak mugitu ahal izateko», dio irmo.

Iritziak sendo defendatzen ditu. Ez du ezkutatzen institutu garaian bere bizitzaren «une txarrenetarikoa» bizi izan zuela. «Gaixotasuna hastearekin batera aldaketa izugarria jasan nuen fisikoki, eta, horrez gain, berezia ere izan naiz; ez naiz beti besteekin ados egon, nire iritziak nituen eta ez nion nire buruari besteen eraginpean izaten uzten, eta horrek gelako ‘popularrak’ amorratzen zituen». Bere esperientzia oinarritu, gazteei esaten die gehien maite dituzten pertsonen laguntza behar dutela, gurasoak, familia, lagunak... Eta arazo bat dutenean, kontatu egin behar dutela: «Beti da hobea arazoaren aurrean jarri eta horri aurre egitea, alde batera egin eta erreakziorik ez izatea baino». •