GAUR8 - mila leiho zabalik

Maite ditut gure bazterrak…


Gozatu ederra hartu genuen igandeko Bertso Txapelketa Nagusiko finalarekin. Badu zer eskaini euskal munduak alajaina! Bertsogintza euskal hiztun komunitatearen kultur adierazpide goren izatera eraman duen ibilbidean daude, ezbairik gabe, herrigintzaren gako nagusiak. Ez dut hemen errepikatuko askotan esan dena eta Maialenek berak agurreko bertsoan ezin hobeto adierazi zuena.

Lau urtean behingo txapelketa nagusian zer kantatzen den eta nola kantatzen den adierazgarria dela esaten da, euskal mundukideon interesak, kezkak, ilusioak, etsipenak azaleratzen dituela txapelketako bertsokerak, euskaraz bizi garen euskal herritarron psikea agertzen dela nolabait. Hala dela esango nuke nik ere. «Bazterren aroa heldu da, behingoz», esan du Kattalin Minerrek, eta zer pentsatua eman dit. Hemen gogoeta labur-labur bat.

Borroka armatuarekin batera maiuskulaz idatzitako epika desagertu da gure bizitzetatik eta Euskal Herria ziklo politiko berri batean sartu da –nahiz zapalkuntzaren adierazpen gordinek badirauten–, baduena alde eder bat ezbairik gabe: epika handiaren itzalpean zeuden ertzak argitara atera dira, esparru berriak politizatu dira (zaintza, sexu-askatasuna, prekarizazio egoera ezberdinak, prostituzioa, etab.). Bazterrean zegoen horrek itzalpean egoteari utzi dio eta begirada, bizipen, kontraesan eta galdera berriak sortu dizkigu. Orain, labur eta gaizki esanda, argitara atera den horrekin zer egingo dugun pentsatzeko garaia heldu zaigu. Hots, galdera aro hau bazterre(koe)na izatea nahi dugun baldin bada, nire erantzuna hauxe litzateke: hala izan bedi bazterr(eko)ak erdigunera ekarriz erdigunea beste era batera betetzeko baldin bada, eta ez erdigunea bazterretara eramanez erdigunea husteko baldin bada.

Uste baitut emantzipazio proiektu orok boterea konkistatzeko bokazioa eta anbizioa behar duela, hau da, erdigunea eskuratzekoa, eta hori, orain 40 urte bezalatsu, Euskal Herriari lotutako proiektu politiko, sozial, ekonomiko eta kultural bat dela. Eta, beraz, herrigintza aro berri batek Euskal Herria izan behar duela ardatz: burujabetz(e)aren egitasmoak, errepublikaren zerumugak (eskubide guztiak herritar guztiontzat). Herrigintza aro berri baten bisioa ezin da izan kontrakultura bat sortzea, Euskal Errepublikaren oinarri materialak eraikitzea baizik. Uste dut gure ekimen politikoak bazterr(eko)ak erdigune horretara biltzearen aldekoa behar lukeela, eta ez bazterretan erosotzekoa. Kasu, postmodernitateak ongarritutako lurzorua baita hori!

Euskal Autonomia Erkidegoan estatus politikoaren eztabaidari ekingo baldin bazaio datozen hilabeteetan, zein eduki jarriko ditu mahai gainean mugimendu feministak? Zein euskalgintzak? Nola eramango dugu erdigune horretara zaintza, hezkuntza eredua eta abar? Nola interpelatuko dugu EITBren hautu deserrigintzazkoa? Nola euskaldunon eskubideak zapaltzen jarraitu nahi duen erregimena Nafarroan? Nola egingo diogu aurre Espainiatik datorren atzeraldiari? Normaltasunez biziko al dugu Puigdemont-en deserriratzea? Hauek eta beste asko dira garai honetako galderak.

Bukatzeko, eta eranskin gisa, inpresioa dut sarri ahaztu egiten zaigula gure jendarte honek, oraindik ere, proposamen erradikalak egin eta jasotzeko gaitasuna baduela, erdigunean uste baino bazterrekotasun gehiago dagoela alegia. Hiru adibide ematearren, kooperatibagintzak gurean duen tradizio errotuak bide horretan sakontzeko ematen digun aukera, Hik Hasik mahaigaineratu duen proposamenak hezkuntza komunitatean bil dezakeen adostasuna, edota iragan legegintzaldian EAEko parlamentuak onartu eta Auzitegi Konstituzionalak debekatutako Etxebizitza Legea aipatuko nituzke, beste askoren artean.

Moroak gara behe laino artean, bai. Ez dakit moro izaten jarraituz, baina behe laino artetik irtetearekin amesten jarraitzen dut nik. •