GAUR8 - mila leiho zabalik

IZAR ETA SARA, ESPETXE POLITIKAK ETA MATXISMOAK KOLPATUAK

«Izarrekin, Sara etxera». Aldarrikapen horrek oihartzun zabala izan du 2017 honetan, Sara Majarenas presoaren alaba Izarrek bere aitaren eskutik jasandako eraso basatiaren ondotik. Biziaren aldeko borroka izan da Izarrena, biak aske izateko borrokan jarraitzen du bere amak.


Urtarrilaren 15ean, igandez, aitarekin asteburua pasatzeko baimen batean eraso egin zion honek Izar txikiari. Labanaz egin zion eraso 2 urteko alabari. Izarren ama, Sara Majarenas, zigortu nahi izan zuen erasotzaileak eta zauri sakonak sortu zituen biengan. Espetxe politika krudel baten biktima zirenak indarkeria matxistaren biktima ere bihurtu zituen.

Sara eta Izar Picassenteko (Valentzia) espetxean zeuden orduan, Euskal Herritik 540 kilometrora. 2005ean hartu zuten Sara atxilo Valentzian eta 2007an hamahiru urte eta bi hilabeteko zigorra ezarri zioten. Legedia arruntari erreparatuta aspaldi behar zuen Sarak aske, kondenaren hiru laurdenak beteak baititu 2015etik. Izarrek 5 hilabete zituen orduan. Euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespeneko neurrien ondorioz, ordea, 2018ko apirilean du aske gelditzeko data.

Izarrek sistema bidegabe horren baitan egin ditu bere bizitzako lehen urteak, ez du besterik ezagutu. Kartzela izan du etxe eta handik kanpora ezagutu duena ez da hobea izan. Sarak espetxean ezagutu zuen Izarren aita. Haurrak eraso bortitza izan zuenerako banantzeko tramiteak hasiak zituen amak espetxetik kanpo zegoen bikotekide ohiarekin. Aitarekin egoteko baimenak izaten zituen Izarrek asteburuetan eta horietako batean gertatu zen dena.

Gerora jakin genuen, Sarak Indarkeria Matxistaren aurkako Egunean publiko egindako gutun baten bidez, beldurra aspalditik egin zela haren jabe. Aspalditik sentitzen zelako tratu txarren biktima. Izu horrek eraman zuen urtarrilaren 15 hartan Izarren aitari telefonoz deitzera. Alaba hiltzeko mehatxua egin zion, Sarak Izarren oihuak entzuten zituen bitartean. Labanaz eraso egin eta Guardia Zibilaren aurrean bere burua aurkeztu zuen ondoren, alaba hil zuela esanez. Etxeko atea apurtu ostean, haurra lurrean aurkitu zuten, kontziente baina zauri larriekin.

Motxiladun umeak

Erasoaren osteko lehen asteak bereziki gogorrak izan ziren. Kontxi Ibarretak, Izarren amonak, itoaldi batean harrapatuta egin zuen Valentziarako bidaia. 500 kilometro baino gehiago telefonotik zintzilik, bilobari zer gertatu zitzaion jakin nahian, Sara alaba kartzelan eta haren alaba txikia besarkatu ezinik. Lehen egun haietako Kontxiren kontakizuna gogorra izan zen benetan.

72 ordu itxaron behar izan ziren umea larritasunetik atera zela baieztatu ahal izateko. Zainketa Intentsiboetako Unitatean eman zituen hamar egun. Zauriak larriak ziren eta birika bat zulatua zuen. Amona Kontxi ez zen une bakar batez harengandik banandu. Sarari, ordea, traba trabaren gainetik jarri zioten bere txikiarekin egon ahal izateko. 48 orduero, hau da bi egunean behin, ordubeteko baimena baino ez zuen Sarak Izarrekin egoteko. Haurra konorterik gabe egon zen egunetan amak bakarrik sufritzen zuen krudelkeria hura. Egun gutxian baina, Izarrek kontzientzia berreskuratu zuen eta inguruan gertatzen zena ederki sumatzen zuen. Amaren falta sufritzen zuen eta ez zuen ulertzen zergatik ez zegoen berekin. Haserretu ere egiten zen. Nola azaldu 2 urteko umeari, aitaren aldetik eraso bortitza jaso ostean, ama bere ondoan ez egotearen arrazoia?

Otsailaren 9an Sarak ospitalean iraunkorki egoteko baimena lortu zuen, ama-alaben onerako. Ordurako, Sara eta Izar elkarrekin mantentzeko aldarrikapenak oihartzun zabala hartu zuen Euskal Herrian. Eremu ezberdinetako pertsonak inplikatu ziren, mobilizazio koloretsuak sustatuz. Lehentasunezko helburua Izarren eta Sararen arteko banaketari amaiera jartzea zen. Horrekin batera, Sara askatzeko aldarrikapena. Legez kanpoan behar zuen preso donostiarrak, eta jasandako erasoak premiazkoagoa egiten zuen oraindik askatasun hori. Epailea ukazioan tematu da orain arte.

Hala, otsailaren 20an Izarri alta eman ziotenean ama eta alaba Picassenteko espetxera itzuli ziren. Aferak bazuen beste erpin bat. Izarrek martxoaren 2an betetzen zituen 3 urte eta legearen arabera haur batek hori du epemuga bere amarekin espetxean egoteko. Hori dela eta, Izarren urtebetetze egunera bitarteko asteak mobilizazioz josiak egon ziren, ama-alabak banandu ez zitzaten. Donostiako Udalak ere babestu zuen eskaera, PPren kontrako botoarekin. GARAri emandako elkarrizketa batean, Kontxi Ibarretak kontatzen zuen Izar eta Sararen sufrimendua. «Banaketaz hitz egiten dugunean Izarrek amari heltzen dio, beldur da», zioen orduan amonak. Psikologoek ere ohartarazi zuten banaketak haurrari ekar zekiokeen kalteaz.

Izarrek 3 urte betetzen zituen egunean bertan, Castro epaileak erabaki zuen ama-alabak elkarrekin jarraitu ahal izango zutela Madrilgo harrera pisu batean. Espetxe Zaintzaren ardurapean dagoen pisua da, eta askatasun eskaerak bere horretan jarraitu duen arren, Madrilen jarraitzen dute. Izarrek ikasturtea Donostian hasteko eskakizun zabala egin zen irailean. Horri ere ezezkoa eman zion epaileak.

Izar eta Sararen kasuak lortu du Euskal Herrian haur eta guraso askok bizi duten egoera bidegabea azaleratzea, izarrak eta motxilak sinbolo bihurtu dira. Presoen kontrako salbuespen neurriak amaitzeko eskaeraren ikur, zama handiegia daramaten motxiladun ume gehiago egon ez dadin.