GAUR8 - mila leiho zabalik
ARRAZAKERIA EZKUTUA

Brasilgo arrazen arteko harmoniaren mitoak bazterkeria ezkutatzen du

Askoren ustez, beltzak, zuriak eta mulatoak harmonian bizi dira Brasilen, kolore nahasketa handiko jendartean. Mito horrek oso errealitate ezberdin bat ezkutatzen du, ordea. Beltz eta mulatoek lan merkatuan aukera gutxiago dute, eta indarkeriaz hiltzeko aukera gehiago. Arrazakeria estrukturalak badirau bai enpresetan, bai jendarte osoan.


Harmonian bizi den nazio mestizo baten mitoak milaka pertsonak bizi duten egoera, bereizkeriagatik baztertuak izatea, ezkutatzen du Brasilen. Beltzak eta mulatoak gehiengoa dira 200 milioi biztanle duen herri honetan, baina muga ugari aurkitzen dituzte.

Eskolatze maila txikiagoa dute; maila berdina izanda ere, lanpostu gutxiago eskuratzen dute, eta lan egiten dutenean, soldata eskasagoak jasotzen dituzte. Halaber, indarkeriaren biktima izateko aukera handiagoa dute.

Testuinguru horretan ospatu zuten Kontzientzia Beltzaren eguna joan den abenduaren 11n Brasilen, mobilizazio eta ekintza kulturalen bitartez. Ehunka pertsona elkartu ziren hiri nagusietan gazte beltzen aurkako indarkeria eta lehengo horretan jarraitzen duen arrazakeria salatzeko.

«Brasilen populazio beltzaren genozidioa oso bortitza da eta batez ere gazteek pairatzen dute», adierazi zuen Flavio George Brasilgo Erakunde Beltzen Koordinazioko kideak.

Zenbat eta azala ilunago, orduan eta aukera gutxiago ardurako postuetara iristeko. Estatistikek argi uzten dute. Brasileko Geografia eta Estatistika Institutuaren arabera, beltz edo mestizoak direnen %5ek bakarrik okupatzen dituzte goi mailako karguak. Brasildar aberatsenen %10en artean %70 txuriak dira. Eta brasildarren %10 pobreenen artean daude beltzen %74.

Mitoaren atzean dagoen errealitate hau agerian utzi du ID-BR (Brasilgo Identitatea) erakundeak, bideo joko baten bidez. “Pribilegio txuriaren jokoa” du izena eta AEBetako BuzzFeedek egindako proiektu baten esperientzia errepikatzen du. Dagoeneko 1,2 milioi pertsonak ikusi dute Facebooken eta hainbat telebista katek ere zabaldu dute.

Jokoak arau errazak ditu. Lurrean marra horizontalak margotu ondoren, jokalariek atzerako urratsa egin behar dute egindako galderen erantzunek diskriminazioren baten biktima izan direla erakusten badute. Kontrakoa bada, aurrera egin behar dute.

Gizarte maila, senideen arteko bizikidetza edo ikasketa maila agertzen dira galderetan, baina eguneroko arrazakeria ere bai. Esaterako, «entzun duzu adierazpen iraingarririk zure ileari buruz?». Izan ere, Brasilen erabiltzen den esamolde batek ile kizkurrari «ile txarra» deitzen dio. Jokoaren bukaeran beltzak azken lerroan daude. Beti.

«Hori da zuriaren pribilegioa, besteek ez dituzten abantailak gozatzea ohartu gabe», azaltzen du Giovana Freitasek, Rio de Janeiroko Unibertsitate Federaleko Historia irakasleak.

Enpresetan arrazakeria

Locomotiva Institutuko inkesta batek erakusten duenez, gizon beltz unibertsitario diplomadunen soldatak formazio bereko zurienak baino %29 txikiagoak dira batez beste. Emakume beltzen kasuan, zuriek baino %27 gutxiago jasotzen dute. «Beltzek zuriek beste irabaziko balute, 808 milioi erreal (215 milioi euro) gehiago sartuko lirateke ekonomian», dio Renato Meirellesek, Locomotivako presidenteak.

Duela hamabost urte, ezkerreko Gobernuak kuota sistema jarri zuen unibertsitatean. Ordutik, goi mailako ikaskuntzan beltz eta mestizoen proportzioa %8tik %27ra hazi da.

«Diskriminazio positibo politika hauek guztiek eragina izan dute, baina pertsona diplomadun hauek oraindik arazo handiak dituzte lan merkatuan bere tokia aurkitzeko», gaitzesten du Esteban Cipriano ID-BR erakundeko irakaskuntza programako arduradunak.

Gizarteratze politikek gaur egun duten erritmoan, lan merkatuan berdintasuna lortzeko 80 urte gutxienez beharko dira, Shelika de Carvalho Ethos institutuko Giza Eskubideen aldeko Ekintzen arduradunaren ustez. Beraren iritziz, arrazismoa enpresaren munduan estrukturala da.

ID-BR erakundeak enpresen aurrean jarduten du beltzak eta mestizoak kontratatu ditzaten. Adibidez, Rio de Janeiroko Maria Filo jantzi enpresarekin lan egin du. Iaz enpresa honek ateratako bilduma batek polemika sortu zuen, esklabismoa oroitarazten zuten motiboak zituelako.

«Gure begirada aldatu da elkarrizketari esker. Guztiok gaude erneago orain», azaltzen du Isabel Beaklini jantzi enpresako marketin arduradunak. Enpresako beste hamabi langileekin batera, ID-BR erakundearekin elkartzen da hilero kontzientziazioaz eztabaidatzeko. «Bilera horietako batzuk izan ondoren iraingarriak izan zitezkeen kanpainei uko egin diegu», aitortu du Beaklinik.

Komunikabideak

Pentsamoldeak aldatzen hasi dira, baina arraza kontuek oraindik hainbat eztabaida sortzen dute. Halaber, afro-brasildarrek komunikabideetan gizartean baino presentzia askoz txikiagoa dute, eta gutxitan ikusten da iragarkietan azal iluneko modelorik.

Komuneko papera ekoizten duen enpresa batek duela gutxi kanpaina berri bat abiatu du paper beltza saltzeko, “Black is beautiful” leloarekin (beltza ederra da). Sortutako haserrearen aurrean, kanpaina bertan behera utzi zuten. Eta biluzik, paper beltzaz estalita agertzen zen aktore zuriak barkamena eskatu zuen.

Duela bi aste, Globo telebistako albistegietako aurkezle ospetsu bat, William Waack, zigortu egin zuten kameren aurrean esaldi arrazista bat esateagatik. Zuzeneko emanaldia prestatzen ari zela, aurkezleak klaxon hotsa entzuten zela-eta gogaituta «É coisa de preto» (hori beltzen gauza da)» esan zuen, eta barre egin zuen. Haserre bizia sortu zen sare sozialetan, baina beltzek esaera bereganatu zuten, beltzek egindako ekarpenak goraipatzeko. Beste batzuk, euren bizitza pertsonaleko esperientzia zabaldu zuten.

NBEaren datuen arabera, Brasilen bortizkeriaz hildako hamarretik zazpi beltzak dira, eta urtero 23.000 gazte beltz hiltzen dira indarkeria dela-eta. Hau da, 23 minututik behin gazte beltz bat hilda. Indarkeriaren zenbakiak hobetzen ari dira Brasilen NBEren arabera, baina soilik azal argiago dutenentzat. Besteentzat gauzak gero eta okerrago daude. Gizahilketa tasa 100.000 biztanleko %12 jaitsi da 2005 eta 2015 urte bitartean beltzak ez direnentzat. Beltzen tasa, berriz, %18 igo da epe berean. NBEren ustez, zenbaki hauek «Brasilgo indarkeria egoeran arrazakeriak duen pisua erakusten dute». Aurten argitaratutako Indarkeriaren Atlasak jasotzen duenaren arabera, beltz batek beste arrazetako pertsonek baino %23,5 aukera gehiago du eraila izateko.