17 FéV. 2018 HAUSNARTU SARIAK Guraso erdaldunak ikastoletara hurbildu dituzten arrazoien ikerketa, saritua Hausnartu Euskal Soziolinguistika sarien X. edizioko lehen golardoa irabazi du Urko Ikardo Enparanek «Ikastoletako guraso erdaldunak eta euskararen jarraipena Lapurdiko kostaldean» lanarekin. Euskal Herriko zein kanpoko pertsonak elkarrizketatu ditu haurrak euskaraz matrikulatzeko arrazoiak ulertu nahian. Idoia Eraso Soziologian lizentziatua eta euskara teknikaria da Bortzirietan Urko Ikardo Enparan. Bi urtez Bruselako Unibertsitate Libre frankofonoan egon zen soziolinguistika masterra egiten, eta ikastaro horren bukaerarako egin zuen tesina da Hausnartu saria irabazi duen ikerketa. «Gaiari lotu nintzen nire lanarengatik eta interesengatik. Bi interes gune ditut, gizarte ikerketa eta euskararen normalizazioarekin eta biziberritzearekin lotutako gaiak. Euskara teknikari gisa gure lana horretan eragitea da, eta horretarako egoera ezagutu behar duzu, diagnostikatu eta ikertu», azaldu du Urko Ikardok. Euskararen biziberritzean guraso erdaldunek haien seme-alabak euskaldun egiteko bidea hartzeak duen garrantzia hartu zuen kontuan ikerlariak gaia hautatzean: «Jakin nahi nuen zergatik Lapurdi kostaldeko guraso erdaldun batzuek eramaten dituzten haien haurrak ikastolara». Ipar Euskal Herrian bereziki, familiaren baitan ematen den euskararen transmisioa eten egin da. «Horren aurrean, berebiziko garrantzia dute hainbat aktore eta faktorek, irakaskuntza barne, eta horregatik aukeratu dut hezkuntza sistemaren baitan euskaldunak sortzeko bidea». Ikerketa honekin hainbat aurreiritzi apurtu nahi izan ditu Ikardok: «Pentsa daiteke guraso horiek daudela euskararengandik urrunen, horregatik aztertu nahi nuen zeintzuk diren etenaren kontrako bidea hartzeko arrazoiak, eta zergatik sartu diren berreskurapen logikaren barnean». Hori ulertzeko eta horretan sakontzeko, gurasoen biografietara jo du, eta horretarako haien bizipenen berri lortzeko duten elkarrizketa luzeak egin ditu: «Hizkuntzari loturiko biografiak egin ditut, txikitatik euren familian hizkuntzekin eta euskararekin izandako harremanak, praktikak eta balioak jasoz. Bizitza berreraikitzen saiatu naiz erabaki hori nondik datorren ikusteko». Transmisioaren gaia jorratzean ez-euskaldunek jokatutako rola ez dela behar bezala ikertua uste du egileak: «Erdaldun talde hori anitza da. Badira bertan sortuak direnak, eta euskara izan dutenak euren familietan aski hurbil, eta eurei euskara ez irakatsi izanagatik badute frustrazio, lotsa eta injustizia sentimendua. Horiekin batera baditugu batez ere Frantziatik etorritako erdaldunak; batzuek bertako bikotekidea dute, eta, beste batzuek ez, ez dute euskararekiko esperientzia hori izan». Euskarara heltzeko esperientziak ezberdinak izan badira ere, bi kasuetan konstante batzuk badaudela nabarmendu du ikerleak: «Euskarara hurbildu dira neurri handi batean konpartitzen dituztelako harreman edo zirkulu batzuk euskaldunekin edota euskaltzaleekin. Bikote harremanen edo lagunarteen garrantzia handia da, baita beste manifestazio batzuenak ere, kultur ekimenak, festak edo lan giroa bera ere zenbait kasutan. Konpartitu dituzten momentu klabe batzuetatik heldu dira euskarara eta euskarazko irakaskuntzaren alde egitera». Seaskak proposatzen duen ibilbide guztia bildu du, haur hezkuntzatik bigarren hezkuntzara bitarte. Hendaia, Ziburu, Donibane Lohizune, Bidarte, Biarritz eta Baionako ikastoletako, Piarres Larzabal kolegioko eta Bernart Etxepare lizeoko gurasoak elkarrizketatu ditu. «Lapurdi kostaldean egin ditut elkarrizketak, gune urbano eta populatuena Ipar Euskal Herrian», azaldu du. Gurasoen xede eta arrazoiak Egindako hamasei elkarrizketetatik ateratako ondorioen arabera hiru dira gurasoek haien seme-alabak Ikastolen Federazioan matrikulatzera eraman dituzten arrazoiak: euskal nortasunarekiko atxikimendua, integrazioa eta euskararen balio praktikoa. Arrazoioi ematen dieten garrantzia aldatzen bada ere, hirurak aipatzen dituzte guraso guztiek. Euskal nortasunarekiko loturak, «euskal identitatearekiko atxikimendua eta kultura horren parte sentitzea ekartzen du, euskara izanik horren elementu funtsezkoa». Zentzu horretan hautematen den jarrera azpimarratu du euskara teknikariak: «Identitatearen ikuspegi ez esentzialista horretatik, euskaldun egiten gaitu euskaraz egiteak; hizkuntza edo ikasketaren bitartez heltzen gara gure kasuan euskaldun izatera, eta horrek eraman ditu hautu hori egitera». Nortasunarekin lotuta, bertako pertsonengan bereziki atzeman zitekeen beste sentimendu bat ere nabarmentzen da: «Zenbait gurasoren esperientziatan sumatu dut injustizia sentimendua, eten dena josteko misioa. Hau da, beste batzuek zapaldu dutena berriz ere abian jartzeko nahia». Arrazoi praktikoek ere garrantzia badute: «Aukera bezala kontsideratzen dira, hau da, kontuan izaten da euskarak balio dezakeela etorkizunean lanbide aukerak irekitzeko edo ikasketa ateak zabaltzeko». Haurraren garapenean izan dezakeen eragin positiboa ere agertzen da sarri: «Elebitasun goiztiarra adimenaren garapenerako oso positiboa dela azpimarratzen dute, bi hizkuntza txiki-txikitatik ezagututa aiseago egingo dutela hirugarren edo laugarren hizkuntza baterako jauzia». Azken arrazoi multzoa integrazioarekin dago lotuta: «Euskara ikusten da seme-alabak bertakotzen lagun dezaken tresna bat bezala, eta hori gehienbat sumatu dut kanpotik etorritakoen diskurtsoetan». Arrazoi multzo horren baitan pertsona batek Euskal Herri osoari begira izan dezakeen ekarpena ere aipatu zuen: «Bazegoen guraso bat Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko integrazioa aipatzen zuena ere». «Erran nahiko nuke motibazio hauek presente daudela guraso guztien kontakizunetan, eta euren artean harremanetan daudela. Orokorrean ez nuke esango puru-puruan motibazio bakarra dagoenik», laburbildu du saridunak. Hiru multzo horiek agertzen badira ere oro har, nortasunari eta kulturari loturikoak denen ahotan asko agertzen dira, eta horrek orain arte egindako beste ikerketa batzuek ateratako ondorioak berresten dituela azpimarratu du ikerlariak. Guraso talde hau ez dela bereziki ikertua izan ere nabarmendu du, euskararen normalizaziorako oso garrantzitsua izanagatik. Motibazioaren inguruan ñabardura bat egin du: «Azterketan guraso erdaldunei buruz aritu naiz, gaia pixka bat mugatzearren, eta horretan badelako zer ikertua. Baina horrek ez du esan nahi derrigor guraso horiek beste motibazio batzuk dituztenik». Aldi berean, heldu horien artean euskararekiko engaiamendua haien umeen hezkuntzatik harago doala ere egiaztatu du, haietariko batzuek euskara kurtsoak hartzen baitituzte adibidez. Azken hamarkadan euskararen tokia Ipar Euskal Herriko gizartean anitz aldatu da, eta horrek ondorio zuzena izan du euskarazko hezkuntzaren matrikulazioaren gorakada handian. Horrek anitz aldatu du ikastolara bertaratzen diren gurasoen soziologia: «Guraso erdaldunen kategoria asko zabaldu da, eta denetarik egote horretan badaude erritmo ezberdinak eta inplikazio maila ezberdinak. Aniztasun handiagoa dago ideologikoki». Horrek sentsibilitate politikoan izan dezakeen oihartzuna ere kontuan hartu du Ikardok: «Galdeketak egitera joan nintzenean gidoi batekin joan nintzen. Ideologia eta parte hartze politikoa oso lotuta daude horrekin, baina ez ziren bizitza kontakizunetan atera». Hori bai, gurasoak hartutako erabakiaren pisuaren kontziente dira: «Guraso hauek guztiek euren seme-alabak ikastolara eramanda bat egiten dute euskara biziberritzeko helburuarekin, eta kontziente dira horretaz. Beharbada bide ezberdinetatik heldu dira euskarara, espektatiba eta ideia ezberdinak dituzte, baina gutxi-asko denek asumitzen dute euren erabakia ez dela ondoriorik gabekoa, badakite erabaki indartsua dela». Hizkuntzatik harago Ikastolen Federazioaren hautuak ekartzen dituen beste berezitasunei buruz ere aritu dira gurasoak, Seaskak indarrean jarritako «sistema parte hartzailea eta hezkuntza humanista» hautua egiteko arrazoien artean agertu baitira. «Ez naiz sartu tratatzera zer balorazio egiten duten Seaskari buruz. Oro har nahiko positiboki tratatu dute; kritikak egon badira, baina ez dira heltzen joateko nahiera agertu arte», baieztatu du soziologoak. Elkarrizketekin batera, aztertutako zentroetan galdetegiak ere egin zituen Ikardok, eta bertatik ateratako emaitzek aditzera ematen dute gurasoen %25 inguru direla erdaldunak, %15 euskaldun hartzaileak eta %60 elebidunak. Aldiz, elkarrizketak egiteko hautaketa ez zuen ehunekoetan oinarrituta egin; kanpoko eta bertako pertsonen arteko oreka bilatzen saiatu zen. Eta ikerketak aurrera egin ahala, aldaketa batzuk egin zituen: «Hasieran hamahiru elkarrizketa egin nituen, eta lehen unean elkarrizketa pertsonal bezala pentsatuta bazeuden ere, batzuk bikoteka egin nituen, elkarrizketatuek horrela nahita. Orotara hamasei elkarrizketa egin nituen». Masterra Bruselan Gizarte ikerketan espezializatutako soziolinguistika ikastaro bat izan zen ikerketaren jatorria, bertan, aipagai den lana bezalakoak egiteko tresna teoriko eta metodologikoak ikastea zen helburua. «Horregatik tesina nahiko potentea zen; masterrak bi urte irauten zituen, eta, bigarrenean, denbora gehiena tesina prestatzeko zen», azaldu du ikertzaileak. Horrelako lanek egin dezaketen ekarpena garrantzitsutzat du Ikardok: «Erdaldunen gaiak behar du ikerketa berezia, erakarri beharreko taldea baita euskararen galera etetea nahi badugu; euskaldun berriak nahi baditugu, xede taldea da. Erdaldunei eta bere pertzepzioei buruzko ikerketak behar dira, euskararekiko konpromisoa duten erdaldunena». Saria irabazteak ildo horretan izan duen eragina ere aipatu du Ikardok: «Poz handia jaso nuen, ibilbide luze baten akabera zen nolabait. Baina aitortza jasotzeaz gain, ikerketarako aukera berriak eskaintzen dizkit, bultzada ematen dit horretan jarraitzeko». Etorkizunean zer gai aztertuko dituen galdetuta, lehenik pausatzeko astia hartuko duela adierazi du: «Baina baditut gai batzuk buruan, Ipar Euskal Herriarekin lotuak, baina ez soilik. Oso ideia zabalak dira, hiztun berrien gaiari lotuak; edo mugaz gaindiko espazioari buruzkoak, inguru horretan zer toki, balio eta dinamika daukan euskarak, esaterako». «Bertako zenbait gurasoren esperientziatan sumatu dut injustizia sentimendua, eten dena josteko misioa. Hau da, beste batzuek zapaldu dutena berriz ere abian jartzeko nahia» «Azterketan guraso erdaldunei buruz aritu naiz, horretan badelako zer ikertua. Baina horrek ez du esan nahi derrigor guraso horiek beste motibazio batzuk dituztenik» «Hizkuntzari loturiko biografiak egin ditut, txikitatik euren familian hizkuntzekin eta euskararekin izandako harremanak, praktikak eta balioak jasoz» Euskal nortasunarekiko atxikimendua, integrazioa eta euskararen balio praktikoa dira gurasoek seme-alabak Ikastolen Federazioan matrikulatzera eraman dituzten arrazoiak Lapurdi kostaldeko ikastoletan egindako galdetegiek erakusten dute gurasoen %25 inguru direla erdaldunak, %15 euskaldun hartzaileak eta %60 elebidunak «Erdaldunen gaiak behar du ikerketa berezia, erakarri beharreko taldea baita euskararen galera etetea nahi badugu. Erdaldunei eta bere pertzepzioei buruzko ikerketak behar dira»