03 MAR. 2018 Pryscilla eta Kontxita Ana Elosegi Serna Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea Aurreko astean Donostia Unibertsitate Ospitaleko Pediatria Sailean egon ginen egun batez ingresatuta. Hantxe pasatu genuen eguna. Goizean goiz, 07:30etarako, han geunden, gelaren zain, erizain laguntzailearen zain... Tratua ezin hobea izan zen, erizainak eta laguntzaileak jator-jatorrak; umeei goxotasunez zuzentzen zitzaizkien. Zazpi familia, denok gela berdinera joateko zain, haur denak ebakuntza txiki bat izateko zain. Adin guztietako haurrak, hasi urtebetetik eta 13 urte artekoak, neska-mutilak… Bi gela handitan sartu gintuzten, adinez banatuta. Batean txikienak eta bestean zaharrenak. Eta halaxe, adinen arabera, haurrak izenez deitzen eta anestesiarako prestakuntzekin hasten ziren. Zein luzeak itxarote denborak, haurrak urduri beraien unea noiz iritsiko ote zen galdezka. Tentsio handia nabaritzen zen gelan, eta, noski, gurasoon urduritasuna ere hantxe presente. Bat-batean Pryscilla eta Kontxita agertu ziren gelan. A ze sorpresa!!! Bi pailazo, bi emakume, kolore koloretsuekin jantzita, parrez eta pozik agertu ziren gela erdira. Haurren begiradak aldatu egin ziren, bizipoza agertuz aurpegian, baita gureetan ere, egia esan. Eta hantxe hasi ziren beraien ekitaldi txikia eskaintzen, haurrak parrez algaraka eta gurasoak ere… Emanaldia oso sinplea zen; ez argirik ezta material berezirik ez zuten, baina bi pailazo haien presentziak gela guztia betetzen zuen. Eta urduritasuna askatzeko bide ezin hobea, algararen bitartez! Dantzak, gimnasiak, koreografiak, beraien arteko elkarrizketa txikiak… ederra izan zen benetan. Agurtzerakoan, denei muxu goxoak bota zizkiguten. Berehala etorri ziren, gainera, emankizuna amaitutakoan, gure bila. Alabari askoz goxoago egin zioten bi emakume horiek itxaron denbora, askoz alaiagoa. Zein garrantzitsua den umorea haurren ospitaleetan sartzea: profesionalok ekar dezaketen onura ikaragarria da, bai gure bihotzetan baita ziur zientziaren arlotik begiratuta ere. Seguru ikerketak egongo direla gai honen inguruan. Gure alboko gelan Pirata Txikien Gela zegoen; Porrotx, Pirritx eta Marimototsen Ane piratak, eguneko ospitalizazio onkologikoak. Gure ausarta handiak, eta haiengana ere egin zuten bisita. Eskerrik asko Pryscilla eta Kontxitari guregana etortzeagatik, eta eskerrik asko Pediatria Sailari guri eskainitako arretagatik eta berrikuntzok txertatu izanagatik haurren munduan. Izan ere, pailazoon kolore eta umoreak alabaren beldurrak eta gure urduritasuna une batez behintzat ederki samurtu zituzten!!! •