GAUR8 - mila leiho zabalik
Entrevue
Nerea Barjola Ramos
FEMINISMO ETA GENEROKO DOKTOREA

«Alcasserko kasuaz egin zen errelatoa emakumeon artean sexu-terrorea zabaltzeko baliatu zen»

Alcasserko kasuak emakumebelaunaldi oso bat markatu zuen.Errelatoak beldurra zabaldu zuen; huraaztertu eta esanahi berria eman dio.


Alcasser herriko hiru neskatxaren hilketak belaunaldi oso bat markatu zuen Estatu espainiarrean orain 26 urte; are gehiago, emakume belaunaldi oso bat zauritu zuen. Miriam Garcia, Desiree Hernandez eta Toñi Gomez gazte valentziarrek jasandako torturez eta bortxaketez hedabideek egin zituzten errelatoek muga guztiak gainditu zituzten: etikoak, moralak, deontologikoak… 1992ko azaroaren 13an, orduan 14 eta 15 urte zituzten hiru neskak desagertu egin ziren, eta, 75 egun geroago hilik agertu ziren, tortura basatiak jasan zituzten zantzuekin.

Nerea Barjola Ramosek (Santurtzi, 1980) gertaera lazgarri haiek hartu eta tesia egin zuen EHUko Feminismo eta Generoko doktorego ikasketen baitan. Orain, Virus argitaletxearen eskutik, “Microfísica sexista del poder. El caso Alcàsser y la construcción del terror sexual” liburua argitaratu du, Silvia Federiciren hitzaurrearekin. Defendatzen duenez, krimena sexu-arriskuari buruzko kontakizuna izan zen, sexu-beldurrari buruzkoa. Egin zen errelatoa, emakumeei helarazitako mezua, kontuz ibiltzekoa izan zen, espazio publikoa hartu baino lehen bi aldiz pentsatzeko. Emakumeen askatasunaren aurkako mezua izan zen. Eskainitako xehetasun makabroek sexu-krimena ikuspegi politiko-feministatik pentsatu edo aztertzea saihestu zuten. Eta emakumeen gainean jarri zen begirada, gertatutakoaren ardura edo erantzukizuna haiena zela iradokiz, «auto-stop egin zuten-eta».

Sexu-arriskuaren gainean egin ziren irudikapenez egin duzu hausnarketa…

Lanarekin hasi nintzenean oinarrizko asmoa honakoa zen: ikustea nola sexu-arriskuaz egiten diren errepresentazioek emakumeon praktikak eta jokabideak mugatzen eta baldintzatzen dituzten. Sexu-beldurraren gainean existitzen diren irudikapen guztiek benetan egiten dutena zera da: jokaerak zuzendu, mugak zehaztu, egin dezakeguna eta egin ezin duguna finkatu.

Hortik abiatuta, ezinbestekoa iruditu zitzaidan ikerketa Alcasserkoa bezalako kasu batekin egitea. Nire kasuan, gainera, sexu-arriskuaz jaso nuen lehendabiziko errelatoa izan zen; kasuaz egin zen kontakizunak gazte belaunaldi oso bat baldintzatu zuen bere jokabideetan.

Zein da sexu-arriskuaren irudikapenaren adibide bat?

Hedabideek zein garaiko jendarteak neskek gau hartan auto-stop egin izanari izugarrizko garrantzia eman zioten. Errelatoak bere oinarriak gazteen erruduntasunean jartzen dituen unean ekintza soil bat egin izanagatik, kasu zehatz honetan auto-stop egitea, sexu-arriskuaren irudikapen bat eraikitzen ari da, eta gainontzeko emakumeei ohar argi bat igortzen zaie: zer den egin behar ez dutena gauza bera gertatzea nahi ez badute.

Zergatik erabaki zenuen Alcasserko kasuan oinarritzea?

Ez da ezaugarri berak eduki eta nigan halako eraginik izan duen beste errelatorik egon, baina egia da belaunaldi bakoitzak sexu-arriskua suposatu duen errelato propioa izango duela. Gaur egun, nerabe askok Diana Quer izango dute buruan, duela urte batzuk Marta del Castillo izan zitekeen bezala. Beste batzuk ere egon dira lehenago: Rocio Wanninkhof, edo Euskal Herrian Virginia Acebes… Nire kasuan Alcasser oso garrantzitsua izan zen; kasuak oso ezaugarri gordinak ditu, muga guztiak gainditu zituzten, xehetasun guztiak argitaratu ziren eta oraindik egun ere eragina du, Alcasser mintzagai da.

Iaz 25 urte bete ziren gertatutakotik, eta aitzakia izan zen berriro mugak gainditzeko…

Hedabideek ez dute beste ikuspunturik baliatu gertatu zena aztertzeko. Ez dute kontatzen krimena muga politikoak birpentsatzeko, baizik sexu-terrorea erreproduzitzeko. Argi dago arreta hiru gazteen gainean jarri zela: beren jokabidea epaitu zen, kritikatu egin zen, mugaren bat edo beste gainditu ote zuten aztertu zen… eta baita zer jazo zitekeen egin izan ez balute ere. Ez zen arreta egileen gainean jarri. Eta gauza bera ikusi dugu Iruñeko [sanferminetako] erasoarekin. Eta beste hainbeste erasorekin, erailketa matxista bakoitzarekin... Fokua beti jartzen da emakumeen jarreren gainean, eta hori abisua da gainontzeko emakumeontzat.

Zergatik gertatzen da hori? Ezer aldatu al da azken 25 urteotan?

Funtsean ez da ezer aldatu. Gero eta kazetari gehiago ari dira lanean ikuspuntu feministarekin, beste kazetaritza mota batekin konprometituta dauden kazetarien adibideak baditugu, baina errealitatea jendartea edo gorputz soziala makina matxista heteropatriarkala dela da, misoginoa da, eta oso zaila da horren aurka borrokatzea. Horrek zaildu egiten du errelato ez matxista bat egin ahal izatea. Niretzat, gainera, zitalena da diskurtso feministak ikasiak dituzten hedabide batzuek, ondoren, indarkeria matxista kasuak kontatzean, errelato matxista erreproduzitzen dutela.

Zergatik igarotzen da emakumearen gorputza pribatua izatetik publikoa izatera? Kritika, epai eta iritzi iturri bihurtzen da gainera…

Erregimen sexista batean bizi gara, oinarriak egitura patriarkalean dituena. Xehetasunean sartuz gero, esango nuke emakumeen gorputza gorputz publiko bezala eraikitzen dela. Hedabideek emakume gazteen belaunaldi oso bat egituratu zuten. Alcasserko kasuan, jendarteak gazteen erruduntasunaren inguruko errelatoa eraiki zuen neurrian, sufritu zituzten sexu-torturez mintzatu ziren hedabideak, detaile morbosoenak eskaini zituzten, autopsiak eskura izan zituzten… Desiree, Toñi eta Miriamen gorputzak erasotzaileentzat bezain publiko bihurtu ziren. Gorputz publikoa eraiki zen, eta emakumeez ari garen bakoitzean gertatzen da.

Nesken heriotzek eta egin zen errelatoak mugimendu feministak orduan irekiak zituen bideak hautsi zituela aipatzen duzu liburuan.

Mugimendu feminista 80ko eta 90eko hamarkadetako borroka garrantzitsu batetik zetorren, eta krimenok mito eta estereotipoak ahultzeko oztopo izan ziren. Familia indartu zuten, gizonen babes eginkizuna finkatu zuten, gizonek emakumeen gorputzaren gainean duten boterea indartuz. Bide penalean ematen ari ziren aldaketak eragina izaten hasiak ziren arlo sozialean. Espazio publikoa okupatzearekin batera, emakumeak aurrerapausoak ematen hasiak ziren: Dibortzioaren Legea, antisorgailuen erabileraren deskriminalizazioa, abortua… Horiek guztiak familia ereduaren aurkako erasotzat hartzen ziren. Alcasserko gertaerak berrikuntzok egunerokoan txertatzen ari zirenean jazo ziren.

Iruñeko bortxaketa aipatu duzu. Kasu gutxik mugitu du jendartea honek egin duen bezala. Zein paper du mugimendu feministak?

Erabatekoa, masa mugitzen ari den subjektu politikoa da feminismoa, metatu diren indarrak bideratzen ari da. Baina hortik harago, mugimendu feminista beti egon da presente, eta indarkeria sexista eta matxistari izena jarri dio. Gauzak bere tokian jartzen dituen elementua da. Bere azken helburua ez da legea aldatzea, eta ezkerreko indar ororen ezkerrean egongo da beti, pauso bat aurrerago.

Nola eraikitzen da sexu-terrorearen diskurtsoa? Eta zeintzuk dira diskurtso horren elementuak?

Osagaiak anitzak dira oso, baina erabat koordinatuta daude. Alde batetik, hedabide indartsuak ditugu, etengabe emakumeoi mezuak igortzen. Albisteek ez dute benetako eztabaida sustatzen gizonek emakumeen aurka sexu-erasoak egiteko duten pribilegioaren inguruan; azken finean, emakumeek egin behar ez lituzketen gauzen gainean sortzen dituzte albisteak. Bestetik, gure errealitate soziala dago. Jasotako mezuokin ulertarazten da gertatzen dena eta tresna horiekin ematen zaio testuingurua indarkeria matxistari ere.

Ezertan aldatu al dira emakumeoi helarazten zaizkigun mezuak?

Mugimendu feministak saiakera handiak egin zituen Alcasserko kasuan eztabaida termino egokietan eman zedin, baina hiru gazteen heriotzak halako inpaktua eragin zuen oso zaila izan zela indar horri aurre egitea. Egun, bestalde, azpimarratuko nuke mugimendu feministaren aldetik oso erantzun sendoa existitzen dela; onerako zein txarrerako, sare sozialak mugimenduarentzat arma eraginkorra dira. Era berean, ordea, indarkeria gune dira, kide askok sufritzen dute egunero. Edozein kasutan, indartsu gaude.

Mugimendua mundu mailakoa da. Horren adibide dira #metoo edo #cuentalo bezalako ekimenak. Ahots asko piztu dira, emakumeok ez dugu isilik jarraitu nahi…

Uste dut iraganaren eta geroaren artean marra finkatu dezakeela mundu mailan ematen ari den kontzientziazioak, aktibazioak… Ziur naiz hau geldiezina dela. Eta ez bakarrik sareotan eman diren salaketak direla-eta, Irlandan abortuaren inguruan erabaki berri dena beste adibide bat da.

Zein da, lana amaituta, atera duzun ondorioa? Akaso zenuen ideia berretsi duzu…

Lanarekin, batez ere, Alcasserko errelatoari beste esanahi bat eman nahi nion, ikuspuntu feminista batetik. Azken batean, testuinguruan kokatuta, sexu-arriskuari buruzko errelatoak oso tresna eta arma indartsuak dira feminismoarentzat. Baina, bestetik, gustatzen zait azpimarratzea ere Alcasserkoa ez zela bakarrik sexu-arriskuari buruzko kontakizuna izan, erresistentziaren errelatoa ere izan zen aldi berean: emakumeok gure gorputzetatik eutsi genuen, ez genuen gure espazioa dohainik entregatu. Alcasserko kasuaren inpaktua sufritu zuten hainbat emakume elkarrizketatu ditut liburua idazteko eta, gauza batzuk egiteari uko egin bazioten ere, transformazio bat ere eman zen haiengan ikuspuntu feminista batetik. Ondorioz, askok auto-stop egin zuten berriro, espazio publikoa hartu zuten… Sexu-terrorearen errelatoak erresistentzia errelatoak ere badira feminismotik beste esanahi bat ematen diegunean.