GAUR8 - mila leiho zabalik
AHOA BIZI, BELARRIA PREST

Euskaraldiaren antolaketak harrera bikaina izan du Arabako Lautadan

Euskararen ezagutzak eta ulermenak gora egin dute; erabilerak, ez. Hizkuntza ohituretan eragitea helburu, Euskaltzaleen Topaguneak proposatu eta hainbat elkartek eta erakunde publikok bere egindako ekimena antolatzen dabiltza Euskal Herri osoan. Arabako Lautadan pozik dira jasotako erantzuna dela eta.


Duela urte erdi aurkeztu zuten Euskaraldia eta urte erdi barru ahobizi-ek 11 egunez dakienari edo ulertzen duenari euskaraz egiteko konpromisoa gauzatuko dute; belarriprest-ek, berriz, eurekin euskaraz egiteko gonbita egingo diete euskaraz egiteko gai direnei.

Euskaraldia ez da euskararen aldeko ohiko kanpaina bat. Atxikimendua erakustetik harago, ariketa praktikoa da. Euskal hiztunak aktibatu eta hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa Euskal Herriko hainbat euskaltzale elkartek azken urteetan landutako “Euskarak 365 egun” lan ildotik abiatu zen, eta ekimenak «bi mugarri» izango ditu. Batetik, azaroaren 23tik abenduaren 4ra egingo den “Euskaraldia 11 egun euskaraz” ekimenaren helburua euskal hiztunen hizkuntza ohituretan eragitea da, beren ohiko harremanetan euskara gehiago erabil dezaten. Bestetik, ekimenaren ostean mota guztietako entitateek euskararen erabilera babestu eta sustatzeko neurriak hartzea dute helburu, «hizkuntzaren normalizazioaren ardura pertsonen eta entitateen artean partekatuta».

Ekimenak izan dezakeen eraginkortasuna ikusarazteko iaz aurkeztutako VI. Inkesta Soziolinguistikoa eta VII. Hizkuntzen Kale Erabileraren Neurketaren emaitzak nabarmendu dituzte. Horien arabera, euskaraz hitz egiteko gai den gero eta jende gehiago dago, eta gehiago dira, halaber, ulertzen dutenak; beraz, baldintza soziolinguistikoak gero eta hobeak dira, baina euskarazko harremanak ez dagozkie baldintza horiei. Desoreka nabarmena da.

Arabako Lautadan, pozik

Euskaltzaleen Topagunearekin batera beste hainbat elkarte eta erakunde publiko elkarlanean ari dira, eta batzorde eragile ugari eratu dituzte dagoeneko. Zazpi herrialdeetako 300 udalerritik gora ekimena antolatzeko lanetan ari dira. Ekitaldian parte hartzeko herritarren izen-ematea irailean hasiko da, baina, antolatzaileen ustez, Euskaraldiari buruzko informazioa zabaltzea oso garrantzitsua da. Hedapen lan hori egiten laguntzeko, apirilean zenbait lagun ezagunek Euskaraldiaren lehengo hamaikakoa osatu eta herritarrei nork berea osatzeko gomendatu zieten.

Arabako Lautadan, joan den apirilaren 26an aurkeztu zuten eskualdeko lehen hamaikakoa, Dulantzin, baita egun berean, udalerri horretakoa ere. Joan den astean Aguraingoa eta atzo Asparrenekoa aurkeztu zituzten. Pozik agertu da eskualdeko antolakuntzako kide Asier Lafuente GAUR8ri horren berri ematean.

Abian dituzte hiru prozesu edo kanpaina: izena ematekoa, herritarrak prestatzekoa eta sustatzaileak lortzeko «edo lotzeko» kanpaina. Azken hori Arabako Lautadako kolektiboei, enpresei edo dendei sustatzaile izan daitezen proposatzea da, beren kide, langile edo bezeroak izena ematera animatzeko, ikastaro edo prestakuntza saioak antolatzeko…

Abian daude, beraz, hiru prozesuok eta erantzuna oso ona izan dela dio Asierrek. Iazko udan hasi ziren eskualde osoan bilerak egiten eta hasieratik sumatu zuten jendearen interes handia, horregatik antolatu zuten Lautadako Euskararen Komunitatea. «Hortik etorri da hau guztiau». Hiru batzorde ditu komunitateak: Dulantzin, Agurainen eta Araian (Asparrena). Bestetik, herri guztietan bilerak egin dituzte eta uneotan 42 kontzejutan onartu dute ekimena sustatzea. Eskualdea osatzen duten 63 herrixketatik 55etan eragileak daude, leku horietan sustatze eta antolatze lana egingo den bermea, alegia.

Asierrek azpimarratu du ez dela euskararen aldeko atxikimendua adierazte soila, berekin jarrera aldaketa daraman zerbait baizik. «Horixe da orain artekoarekiko alderik handiena», nabarmendu du. Orain arteko inertzia identifikazio kanpainak egitea izan dela dio, baina orain ez dela «alde nago» esatea bakarrik, baizik eta hizkuntza portaera bera aldatzea. «Horretaz kontziente izan behar dugu eta horregatik eman diogu horrenbesteko garrantzia jendea prestatzeari, ondo ulertu eta konpromisoa har dezaten».

Izan ere, ekaineko agenda ikastaroz eta tailerrez beteta daukate. «Euskaraz hitz egiteak ez du esan nahi ahobizi izango zarenik; horretarako konpromisoa behar da, ulertzen duten guztiekin euskaraz egitea, eta ez gaude horretara ohituta. Belarriprest-ek erdaraz erantzungo digute, eta, normalean egiten ez dugun bezala, euskaraz hitz egin beharko diegu». Oso erabaki kontzientea izan behar duela dio Asierrek behin eta berriz.