09 JUIN 2018 IKUSMIRA HORREGATIK MOZTU DIZKIOTE HEGOAK Izaga, Xabier Ez da terrorismoa, esan zuen auzitegi beldurgarri hark, baina eraman egin dituzte. Elkartasunak gainez egin du herrian, eta herriz herri hedatuz doa, suminarekin batera. Altsasun, Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo gero eta ozenagoak dira oihuak, oihulariak gero eta gehiago. Baina absentzia jasanezina da, Guardia Zibilaren presentzia bezainbeste. Altsasun eta Sakana osoan gaurko gazteek bezala duela 50 urte eta gehiagokoek ere ondo dakite kontrolez, larderiaz, isunez beren maitasuna lortu nahi duten horien berri. Badakite mendekuaren eta bidegabekeriaren jomuga direla. Hamarkada askoan aurre egin izan diete kontrolei, larderiari eta isunei, beren herria maite dutelako. «Eraman dituzte», dio Espainiako kartzela batean dagoen gazte altsasuar baten amak. Badaki bere herriak, gazteak ezagutzen ez dituen jende askok ere, ikaragarri maite dituela, baina absentzia jasanezina da. Espainiako Guardia Zibilak, Justiziak, Gobernuak ere maite omen dute txoria, horregatik moztu dizkiote hegoak, maitasun eske. Xabier Izaga Gonzalez