23 JUIN 2018 infraganti SABIN EGIGUREN Bizitza osoa tradizio sakoneko euskal folkloreari eskaini dio Sabin Egigurenek, pasioz. Bidean, transmisiorako altxor diren milaka eta milaka ordu utzi ditu grabatuta eta dokumentatuta. Egindako lan eskergaren gordelekua Bizkai Euskal Folklor Elkartea da, transmisiorako tresna ere badena hamarkada luzez bertan emandako dantza eskolen eskutik. Nerea GOTI Kultura adierazpen guztietan gertatzen den bezalaxe, dantza ulertu eta interpretatzeko modu ugari daude, baita dantzak transmititzen duen mezua jaso eta dekodifikatzeko ere. Bada, euskal folkloreari erreparatuta, azken hamarkadetan lan mardula egin da ez bakarrik dantzak plazara eramateko, baita horien sustraietara heltzeko ere, jatorrizko pausuak eta dantzatzeko erak berreskuratzeko eta aintzat hartzeko. Lan horretan Sabin Egiguren maisu izan da, eta, oraindik, izaten jarraitzen du. Sabin Egiguren Apraiz (Bilbo, 1940) Bizkai Euskal Folklor Elkarteko presidentea da. Bilboko dantzari eskolaren eta Egigurenen bizitza eskutik joan dira azken hamarkadetan. Hitz gutxitan laburtzeko, esan behar da bizitza osoa eta arimaren zati handi bat ere dedikatu diola Egigurenek euskal dantzen unibertsoari, ikerketan zeharo murgilduta, noiz eta informazio eza eta diktadura itogarri bat nagusi ziren garaian. Urteak pasatu dira eta bildutako ondarea itzela da. Berau ezagutzeko onena Bizkai Euskal Folklor Elkartera hurbiltzea da. Euskal folklorearen gaineko jakintzaren zati handi bat bertan dago, euskarri ezberdinetan. Sabin Egiguren 10 urterekin hasi zen pasio izan duen dantzan lehen urratsak ematen. Ume hark Ballets Olaetako zuzendari Bittor de Olaeta Torrezurirekin hartu zituen lehenengo dantza eskolak. Bederatzi urte geroago Bilboko Bizi Nai dantza taldera egin zuen salto, eta, handik gutxira, Begoñako Gaztedi ospetsura. 60ko hamarkadan, Basaurin ere ibili zen «dantza maisu» Egiguren, Edurren. Bizkaiko aurresku txapelduna ere izan zen, baita Euskal Herrikoa ere... Egigurenen ibilbidea markatuko zuen beste gertakari bat ere eman zen 60ko hamarkadan. Izan ere, txikitatik ezagutzen zituen Bilboko dantza taldeetatik haragoko mundu bat aurkitu zuen: «dantza tradizionala» ezagutu zuen Durangaldean. Garai herria izan zuen lehen geltoki. Bertan, Balentin Negugogor Agirrebeitia eta Juan Orbeaskoa Sarriugarte dantzari zaharren legatua jasotzen hasi zen Egiguren. Haiekin ikasi zituen dantza tradizionalen Garaiko aldaerak, eta horrek zabalduko zion bidea beste kontaktu batzuk egiteko Berrizen, bertako dantzari-dantza eta soka-dantzaren aldaerak lantzeko... Luzaroan ibili zen Egiguren Durangaldean jatorrizko dantzak sakonean aztertzen. Ezagututako «benetakotasun» hura gogoan, honakoa dio: «Garai hartan egin nion promes neuri buruari handik aurrera horretara dedikatuko nintzela, autentikoarekiko maitasuna gauzatzea eta ikasitakoa zabaltzea izango nituela ardatz». Korronte nagusiaren kontrako jarduna izan zen Egigurenena; gogoratu duenez, ez zen garai hartako ohiko joera «dantza tradizionalaren egiazkotasuna» berreskuratzea. Hala ere, ikur hori hartu eta defenditzea erabaki zuen berak euskal folklorearen espazioan, eta ekitaldiak, ikastaroak... antolatzeari egin zion. Dedikazio horrek aitortza ere ekarri zion: “Erregelak” dantzatu zituen Durangaldeko Merindadean jaio gabeko lehen dantzaria bilakatu zen. Dantzari zaharren testigantzen bila jo eta ke ibili zen baserriz baserri, eta, bidean, desagertzear ziren “Dantzari-dantzaren koplak” berreskuratzeari ere ekin zion, horietako mordo bat bilduz. Pentsa, Egigurenen asteburuak, aisialdia eta oporrak ere euskal dantzei dedikatuta egon ziren urte mordo batez. Urrats gehiago ere etorriko ziren 70eko hamarkadan. Horietako bat, Bilbo, Erandio, Barakaldo, Derio, Zamudio eta Sondikako hainbat dantza talde batzen zituen Bizkaiko Talde Batuak eratzea. Ekimen gehiago ere jarri zituen martxan: bi urtez “Lantzeko Ijotiak” ikuskizuna prestatu zuen 55 dantzarirekin Euskal Herriko II. Dantza Agerketa Nagusian aurkezteko, “Lantzeko zortzikoa” ikastaroaren zuzendari izan zen Baionan... 70eko hamarkadaren erdialdean, berriz, Bizkai Euskal Dantza Tradizionaleko Eskolaren sorrera heldu zen, publiko guztiarentzako dantza eskolak proposatzen zituen proiektua. Garai bertsukoak dira Basauriko Euskal Herriko Agerketa Nagusiak, dantza talde autoktonoei soilik eskainitakoak. «Eskualde edo herri mailako folklorea» lantzen zuten taldeak ziren. Egigurenek nabarmendu duenez, oso gutxi ziren eta oso urriak publikoaren aurrean egiten zituzten agerraldiak. Ez ziren, izan ere, ikuskizunak eskaintzera bideratutako taldeak. Ibilbide luzeetan pasadizo eta anekdota ugari pilatzen dira. Euskal Dantzarien Biltzarren sorreraz hitz egiten du Egigurenek, Bidasoa hegoaldeko klandestinitate garaiez, poliziak zelatatutako dantza elkarteen entseguez... Frankismoaren atzaparrak ere ezagutu zituen Egigurenek 60ko hamarkadaren erdialdean. Atxilotu eta Indautxun torturatu egin zuten. «Aurrean metrailetak nituela egin izan dut dantza», aipatu du garaiko egoera politiko gogorra gogoan. Garai hartaz, «abertzaletasun sentimenduak zuen indarra» nabarmendu du. Komentatu duenez, plazara dantzara irtetea «sekulako sentsazioa» zen. «Kontuan hartu izugarri sentimendu sakonak zeudela jokoan, kaiku bat ere ezin zen jantzi-eta garai hartan!». Mundua bezalaxe gauza asko aldatu da dantza munduan bertan ere, globalizazioaren eraginez seguruenik, eta, Egigurenen iritziz, baita «era zaharrera dantza egiteak» ez duelako «benetako aitortzarik» ere. Gaurko panoramari begiratuta, «balletizazio gehiegi» ikusten du, baina, «esentzia zaharra gordetzen duenik ere badago». Horren adibidetzat ditu Lantz, Luzaide edota Leitza. «Sustraiak galtzen ari gara, baina, dantzak grabatuta gordetzen baditugu, hor geratuko dira», nabarmendu du Egigurenek, dantzak irakasteko baliatutako ispilu handiaren aurrean. Goialdean, “Izan zirelako gara, garelako izango dira” irakur daiteke, eta, alboan, “Nire aitaren etxea defendituko dut”. Transmisioan lan handia egin du Egigurenek Bizkai Euskal Folklor Elkarteko beste hainbat lagunen laguntzarekin. Horren proba dira elkarteak «altxor modura» gordetzen dituen euskal folkloreari buruzko 4.000 bideo orduak. Bideoteka itzela dute, euskal dantza tradizionalaren erakusgarri diren pausu, koreografia, dantzen... bilduma izugarria. Hainbat elementurekin egindako museo ikusgarri bat ere bada ehunka dantzariren izerdia ezagutu duen lokala. Kezka bat ere badute elkartean: hezetasunak VHS formatuko bideo bilduma mardulari kalte egiteko aukera. Bideoez gain, pastoraletako peredikuak, Nestor Basterretxea handiak eginiko kartelak... gordetzen dituzte. Hormak dantzariek erabiltzen dituzten elementuekin eta argazki zaharrekin dituzte apainduta, eta, guztien artean, Silbestre Elezkano Txilibrin albokari ospetsuarena. Aspalditik elkartean sartzean Egigurenek esan ohi duenez, «ate horretatik aurrera dena da euskal kultura». Bada, benetan nabarmentzeko modukoa da pilatutako guztia, are gehiago, Egigurenek berak dioen moduan, «arazo teknikoak gaindituta eta inongo laguntzarik gabe» bildu dutenean. • Euskal folklorearen transmisioa bermatzea izan da Egigurenen ametsetako bat: Euskal Herri osoan zehar grabazioak egin, Bilbon dantzak erakutsi... eta plazak dantzariz bete Egigurenen ibilbideari estuki lotutako Bizkai elkarteak 55 urte bete ditu, eta 40 daramatza dantza eskolak ematen. Bilbo Dantzan proiektua gauzatuko du orain, Udalaren laguntzarekin