GAUR8 - mila leiho zabalik

«Desbiana»


Bai, nahi bezala idatzi dut eta zuzen irakurri duzue: “desbiana”. Halaxe deitzen omen die gure herriko 90 urtetik gorako amona batek neskak gustuko dituzten neskei. Bilobak kontatu zidanean sekulako grazia egin zidan. Seguru asko, amona horrek lesbiana zuzen ahoskatzen ez duelako esaten du horrela, baina horrela esanda hitzak duen zentzuak uzten baitu umore beltzerako tartea ere. Areago, amona horren ustez, «hobe da ‘desbiana’ izatea, minbizia edukitzea baino».

Laurogeita hamar urtetik gorako amona batek esandakoa izateko, ez da astakeria handia. Kontuan izanda, herri berean, belaunaldi kide ditudanek hark baino pentsamolde atzerakoiagoa dutela. Herriko aulki bat LGTBI harrotasunaren banderaren koloreekin margotze hutsak asaldatzen dituela. Edo festetan “Matxiruloak sutara” dioen pankartaren esanahia ulertzen ez duten itxurak eginda, neskak azalpenak ematera behartzen gaituztela. Sakonean, ulertzen ez omen duten pankartan islatuta sentitu direla badakitenean.

Astakerien artean, halaxe joan da aurtengo Sexu Askapenaren Aldeko Nazioarteko Eguna. 2016ko sanferminetako talde bortxaketagatik zigortutakoak baldintzapean aske utzi dituztenean. Ondarroan konorterik gabeko emakume bat bi gizonek bortxatu zutela entzun dugunean. Eta sexu askapena sustatu ordez, erakundeek, LGTBI harrotasunaren banderarekin, ikuskizun diruz garesti eta edukiz merkeak estaltzen dituztenean. •