30 JUIN 2018 IKUSMIRA EURAK ETA GU? Juanan RUIZ | FOKU Xabier Izaga Aurrera egin dugu. Gaur egun –ez horren aspalditik, ordea– homosexualitatea edo transexualitatea ez dira gaixotasuna, ez arimakoa, ez gorputzekoa. Gaur egun LGTBI kolektiboko lagun asko ezagutzen ditugu... baina oraindik ere, «baina» ugari iristen zaizkigu gogora, eta, inguru «aproposean», ahora. Gaur egun edozein filmetan agertzen dira LGTBI kolektiboko lagunak naturaltasun osoz... ukitu progrea edo komikoa emateko osagarri gisa. Gaur egun jendartean onartuta daude, baita, neurri batean, legeetan ere, baina oraindik ere nerabe transexual baten suizidioak edo LGBTIfobia oinarri duten erasoek asaldatu egiten gaituzte maiz, maizegi. Aurrera egin dugu, zalantzarik gabe. Gizarte hobea dugu, ez dakit justuagoa baina bai justiziazaleagoa, eurei esker. Aurreiritziak eta tabuak hausten goaz edo, hobeto esateko, eurek hautsi dizkigute. Eta eurek erakusten duten harrotasun bera erakutsi beharko genuke, eurei eskerrak ematearekin batera. Harrotasun bera borroka bereko kide gisa, helburu berbera ipar. Eurak ere gu direlako, gu ere eurak garelako.