GAUR8 - mila leiho zabalik
Entrevue
PATRICIA MARAÑA
BELAR HOCKEY JOKALARIA

«Psikologoaren figura funtsezkoa izan da: dinamika negatibo batean sufritzen ari ginen eta hurrengo urratsa gure arteko eztabaidak izango zirela ikusten genuen»

Zurriola ikastolan hasi zen belar hockeyan eta duela 9 urtetik ari da Realean. Bere bigarren liga eskuratu du aurten eta, 25 urterekin taldeko beteranoetarikoa izanik, erantzukizunak hartzea egokitu zaio. Lehen itzuliko sufrimendua irauli ostean, bederatzigarren liga irabazi du Realak.


Egoera jakinen kudeaketa, heldutasuna, sufrimendua iraultzea... Horiexek izan dira Realaren aurtengo arrakastetako batzuk, Patricia Marañaren (Donostia, 1992) esanetan. Liga garaikurra Donostiara ekartzeaz gain, jakina. Jaitsiera postuekin dantzan egitetik, kanporaketa iraulita Lauko Finalera iritsi eta txapelketa irabazi zuten bi shoot out saioren bitartez.

Marañak bere egunerokoarekin jarraitzen du, garaikurra eskuetatik aldendu gabe: «Ez dakit noiz ukituko dudan berriro!». Doktoretza tesia egiten ari da uneotan Tecnun Donostiako Goi Ingeniaritza Eskolan –Zeelanda Berrian pasa zituen hiru hilabete– eta klubak ulertu behar duen baldintza delakoan dago: «Gure kirola amateurra da eta aurreneko erantzukizuna bakoitzaren lana da».

Barneratu duzue txapeldunak zaretela?

Oso zaila da. Agian pixka bat errepikatzen gara, baina talde honi ez zegokion irabaztea. Ez zen unea oraindik.

Arriskutsua izan daiteke?

Inkonformistak bagara, ez du zertan arriskutsua izan behar. Hori da erantzukizun handiena orain. Hau gertatu da atzean lan bat dagoelako, eta orain ezin gara erlaxatu. Hain talde gaztea izanik, alde batetik kristoren ilusioa daukazu gauzak lortzeko, eta, emozionalki ondo bazaude, ilusio horrek bultza egiten zaitu ondobidera. Baina, aldi berean, gaztea izateak suposatzen du konpromiso maila mantentzea zailagoa dela, eta, agian, hain kontziente ez izatea lan hori beharrezkoa dela helburuak edo emaitza onak lortzeko. Eta jakin egin behar da hori nola kudeatu. Lortzen badugu ilusio horrek bultzatzea hobekuntzara, erantzukizun gehiago hartzera, taldeak gorantz egingo du. Bakoitza zenbateraino lan egiteko prest dagoen araberakoa izango da.

Hainbeste sufrimenduren ostean gehiago disfrutatzen dela diote. Hala da?

Nik uste dut sentsazio ezberdinak direla. 2013an irabazi genuen finala, izan zen prozesu baten bukaera moduan. Askotan iristen ginen finalera baina gero galdu egiten genuen. Orduan bihurtu zen zerbait obsesiboa: hori lortu arte ezin genuen deskantsatu. Azkenean, hori lortzea gaineko zama guztia askatzea izan zen. Eta aurtengoa, aldiz, urte guztian zehar kolpe mordoa jaso ondoren heldu da. Lanean ondo ari ginen. Galdu ditugun neurketa asko talde heldu bat ez izateagatik galdu ditugu. Eta, hori gertatzen denean, sartzen zara dinamika batean zeinetan zaila den ikustea egiten zabiltzan lana ona dela eta horrela jarraituta emaitzak etorriko direla. Hori guztia pasatu ondoren, horri buelta ematea eta bukatu dugun moduan bukatzea… Horregatik esaten dugu zaila dela barneratzea. Hain dinamika eskasean egon gara, non hori iraultzea posible izan dela ikustea izugarria den.

Eta zer uste duzu pentsatzen dutela Club de Campok (liga erregularra lehen postuan bukatu zuen), Polok (bigarren sailkatua) edo Juniorrek (laugarren sailkatua)?

&esc;[Barrezka] Pentsakor egongo dira. Baina nik uste dut formatu aldaketak ere eragina baduela. Zer lortu nahi da aldaketarekin? Erregulartasuna edo une zehatz batean hobe dagoen taldea zein den jakitea? Guretzako edo hainbeste maila ez duten taldeentzako onuragarri izan da formatu aldaketa. Derrigortzen zaitu bukaera arte adi eta motibatua egotera. Bestela, ikusten baduzu sailkapenaren erdian ez gora ez behera zaudela, ez zara gehiago saiatzen. Egia da, hala ere, aurten gertatutakoa ez dela ohikoa. Lehenengoak, Club de Campok, 50 puntu zituen eta partidarik galdu gabe zen.

Zuek lau neurketa irabazi zenituzten liga erregularrean.

Bai [barrezka]. Pentsa, Club de Campok guk baino hamabi neurketa gehiago irabazi zituen liga erregularrean; bi berdinketa salbu, bat gure aurka eta bestea Taburienteren aurka, partida denak irabazi zituen. Noski, ez da bidezkoa. Orain Europara gu goaz. Baina tira, formatua formatua da.

Zuek presiorik gabe iritsi zineten azken fasera. Onuragarria izan da zuentzat.

Bai. Uste dut inflexio puntu bat izan zela final laurdenetako neurketa. Madrilera joan ginen SPV Complutense taldearen aurka jokatzeko, eta, lehen partida 0-1 irabazten joan baginen ere, bost minuturen faltan markagailua irauli zuten (2-1). Bigarren neurketan beraiek hasi ziren irabazten, hau da, kanporaketa osotara 3-1 zegoen. Batak besteari begiratu eta pentsatu nuen: «Edo jokatzen hasten gara edo bost gol jasoko ditugu». Azkenean, horrek psikologikoki eragina du. Pilak jarri ezean kanporatuak izango ginen. Giltza izan zen segituan sartu genituela bi gol, kanporaketa parekatuz. Hirugarren eta laugarren zatian gai izan ginen erritmoari eusteko eta beraiek ez. Pentsa, ligako aurreneko jardunalditik ginen lau gol sartu gabe...

Hori ikusita, Lauko Finalera iristean edozer gerta zitekeela pentsatu genuen. Gure egitekoa beti egon da argi. Agian jendea harritu egiten da lortutakoarekin, baina nik Realean daramazkidan bederatzi denboraldietan beti jokatu izan du Lauko Finala edo unean uneko azken fase hori. Egon dira talde hobeak, talde okerragoak… baina Reala beti egon da hor. Badakigulako lehiatzen, eta ez daukagulako arazorik neurketa itsusi bat egin behar bada interesatzen zaigulako, egiteko. Zentzu horretan finalean gehiago sufritu genuen Juniorren aurka. Beraiek aukera garbiak izan zituzten. Baina, tira, Maiderrek [Altuna] gola sartu zuenean argia piztu zitzaigun.

Ezustekoz ezusteko aurrera eginda finalera iristen zarenean, nahikoa da edo finalak beti nahi dira irabazi?

Bigarren itzulian egon gara lan egiten psikologo batekin. Etorri zen gurekin azken fase horretara, eta finalerdiaren eta finalaren aurretik egin genituen saio batzuk. Bakoitzaren ideiak taula batzuetan idatzi genituen eta horietako bat zen ez konformatzea. Hau da, oso ondo dago egin duguna, seigarren izanda kanporatu dugu hirugarrena, gero bigarrena… Errazena litzateke finala galtzen hasiz gero amore ematea. Bigarren geratzea ere ez dago gaizki, ezta? Baina lan mental horrek eraman gaitu gure aukeretan sinistera, inongo zalantzarik eduki gabe. Esaten duzunean oso sinplea dirudi, baina gero ez da hain erraza sinistea, benetan barneratzea. Sinisten ez baduzu, kolpe bat jasotzean, gezur hori lurperatu egiten da. Baina benetan sinesten duzunean zure aukerak izango dituzula, nahiz eta beste taldea teorikoki hobea izan eta kolpe aunitz jaso, tematu egiten zara, behintzat aukera bat sortu eta aprobetxatzeko. Eta horixe gertatu zen. Bizpahiru aukera egin eta bat sartu genuen, gainera, errebotez; beraiek sartu zuten beraien atean, baina sartu egin zen.

Psikologoaren figura aipatu duzu. Nork eskatu zuen?

Nik uste dut beharra nabaritzen zela. Dinamika negatibo batean sartuta geunden, eta, gurea, talde gaztea da oso.

Erreala zen jaisteko arriskua?

Bai, bai. Argi zegoen. Normalean gure taldea taula erditik gora kokatuta izan ohi da, ez daukagu esperientziarik horrelako egoerak kudeatzen. Hori alde batetik. Beste alde batetik, lehenengo itzulia bukatu genuen zortzigarren, gainera, bigarrenean Olatz Goñi eta ni kanpora gindoazen eta kanpoko fitxaketa batzuk etorri behar ziren. Eta ez dakizu aldaketekin maila jaitsiko den edo ez, ezagutzen duzun jendea ezagutzen ez duzunagatik aldatzen baita. Eta dinamika negatibo batean sartuta zaudenean gainera... Jendeak gehiegi sufritzen zuela ohartuta geunden eta hurrengo urratsa gure arteko eztabaidak izango zirela ikusten hasita geunden. Hori guztia baloratuta, taldeak esan zuen agian behar genuela kanpotik zetorren laguntzaren bat. Psikologoaren figura funtsezkoa izan da. Esperientzia gabeko jokalariei emozio kudeaketa hobetzen lagundu die eta guztioi erraztu digu bide berean kokatzea. Mundu guztia helburu berari begira izatea, alegia. Bestela, berekoikerietan sartzen ginen... Eta jaisteko zaudenean horrek ez du balio, taldeak zer behar duen aurkitu behar da, taldeak zuregandik zer behar duen jakin behar da.

Talde lanean garrantzitsua izango da albokoak zer pentsatzen duen jakitea.

Pertsonak ere ezagutu egin behar dira, eta, ni adibidez, oso gardena naiz, liburu ireki bat. Eta badago jendea ez dena horrelakoa, horregatik, normal ikus dezakezun bati gehiago exijitzen diozu; baina horrelako saio batean ohartzen zara pertsona horri oihu egiteak ez duela balio. Ikasten duzu tentsioko uneetan albokoei, bakoitzari, behar duena ematen.

Askotan beteranoei dagokie oihu horiek egitea.

Lagundu digu enfokatzen nola esan gauzak, ze momentutan esan, nola esan… Nik ikasi behar dut gauzak esateko moduak kudeatzen. Beste pertsona batzuei gehiago kostatzen zaie gauzak esatea eta barruan eramaten dute frustrazioa. Bakoitzaren lekua aurkitu eta ezagutzea oso zaila izan zen lehen itzulian. Zeelanda Berritik itzultzean igarri nuen jendeak gehiago aditzen zidala. Arreta gehiago jarri eta ikasteko grina zutela konturatu nintzen.

Nabarmentzekoa da gehienak etxekoak zaretela.

Aurten ere egon egon dira kanpotarrak. Orain, agian, ezberdin dena da taldearen pisu handiena etxekoena dela.

Eta zer aldatu da bederatzi urteotan, hau da, 2009tik?

Zubietan zerbitzu medikuak oso eskura ditugu gaur egun. Lehen zailagoa zen minen bat edukiz gero Realeko fisio edo medikuengana joatea.

Hobeto zaudete egun, beraz.

Bai, baina hor dago oraindik zelaiaren afera. Muga izugarria daukagu, tetris moduko bat da ordutegiena! Esaterako, asteazken batean aurkitzen dituzu txikiak entrenatzen, handiagoak txikiek erabiltzen ez duten izkina batean beroketa lanak egiten, mutilak lan fisikoa egiten beste hegalean...

Eta ez duzue inoiz eskatu Zubietan zerbait egitea?

Bai, noski. Eta berez badago proiektu bat. Beti esaten digute baietz. Orain badirudi hipodromoan egin behar dutela zerbait. Aurreko astean egon ginen Foru Aldundian eta baietz diote, baina ikusi arte...