18 AOûT 2018 IKUSMIRA PENTSIODUNEN BORROKA, OPORRIK GABE Izaga, Xabier Pentsiodunek ez dute oporrik, entzun ohi da batzuetan, txantxetan. Egia da, ez baitute lanik egin behar, soldatapeko lanik, alegia. Soldatapeko lanik egin gabe bizi dira. Gehienak, nekez. Lanik gabe eta gehienak pentsio duinik gabe. Horregatik, duela zenbait hilabete ekin zioten borrokak ere ez du oporrik. Saiatu ziren batetik eta bestetik desaktibatzen, oraingo miseriatik lehengo miseriara itzultzea eskainita, baina pentsiodunek «aski da» esan dute. Herenegun manifestazioa deitu zuten astelehenerako, Bilbon. Aste Nagusia politizatzeko asmo maltzurra egotziko ote die baten batek? «Urte osoa daukate protesta egiteko, orain jaietan gaude» entzunda baikaude aspaldi luzetik gure herrietako jaietan. Eta bai, urte osoa dute beren pentsio ziztrinak hil amaierara arte helarazteko; urte osoa, jaiak barne. Miseriak ez du oporrik hartzen, eta pentsiodunak erakusten ari dira beren borrokak ere ez duela atseden hartzeko asmorik. Xabier Izaga Gonzalez