01 SEPT. 2018 SORTUZ, BIZI ALA IRAUN? Artista eta sortzaileen lan baldintzak duintasunera hurbiltzeko urratsak Idazleak, musikariak, aktoreak, dantzariak, sortzaileak hartzen dituen sektoreak oinarri batzuk finkatu dituela albiste da, Artisten Estatutuaren ebazpena onartu baitu Madrilgo Kongresuko Kultura Azpibatzordeak. Aho batez. Eta horixe da sortzaileek nabarmentzen dutena, oraindik ere Estatutua aplikatzeko urratsak emateke egon arren. Ane Urkiri Ansola Ezinegona, zulo sakona», dio Berri Txarrak taldearen abesti batek; “Biziraun” kantuak, hain zuzen. Eta horixe bera da musikariek, aktoreek, idazleek, dantzariek, sortzaileek oro har egiten dutena: biziraun, bizi ala iraun, non eta sortzaile askok aipatzen duten «prekarietatearen basamortuan». Sortzaileen lan-prozesua egunka zenbatzen da askotan –aktoreen kasuan, adibidez–, edo sormenaren bitartez eraikitako edukiak izaten dituzte diru-iturri nagusi, beraz, salmenten edo merkatuaren menpe daude. «Artea ez da sektore bezala hartzen, bakarrik arte plastikoak edo ikus-entzunezkoen arloa hartzen dira kontuan», zehaztu du Fernando Saenz de Ugarte dantzariak. Artisten jarduera «noizbehinkakoa» izaten da, eta, hortaz, zaila dute langabezia jasotzeko haina lanegun batzea. 60 lanegunengatik, esaterako, behar baino gehiago ordaintzen diote aktore askok Gizarte Segurantzari, trukean lanegun gehiago pilatzeko (180 kasu), hala langabezia prestazioa jasotzea errazago izateko. «Gainkostu» hori enpresek ere beren gain hartzea da Euskal Aktoreen Batasunaren aldarrikapenetako bat, Eneko Olasagasti antolakuntza idazkariak aipatu legez. Gotzon Barandiaran idazle eta musikariaren aburuz artistek, sortzaileek, gizarteari egiten dioten ekarpena kontuan hartzea ezinbestekoa da, «ekarpena ez baita soilik kulturala, ekonomikoa ere bada». 2014an Guk Gure Kulturaz plataformaren ekimenez eginiko bi bilera nagusietan sortzaileen lan baldintzak eta egoera definitzeko beharra azaldu eta ondorio batzuk atera zituzten euskal sortzaileek, jakinik artista euskaldunen mugak are handiagoak direla. Bada, Barandiaranen ustez, euskal artistek egindako aldarrikapenak abiapuntu hartuta egindako proposamena eraman zuen Ahora Podemoseko ordezkari Eduardo Maurak Madrileko Kongresuko Kultura Azpibatzordera. Fiskalitatearena da Artisten Estatutuaren barnean jasotako hiru bloke nagusienetako bat, zeinetan guztira 78 puntu batzen dituzten. Lan babesari eta Gizarte Segurantzari buruzkoa da bigarren blokea. Azkenik, erretiroa hartutakoan pentsio izateko eskubidea jasotzen da, sortzen jarraitzeko aukera aurreikusiz. «Hau da, behin erretiratu ostean antzezteko aukera izatea, eta pentsiotik antzezpenogatik jaso duzun dirua kentzea, ez gehiago», nabarmendu du Euskal Aktoreen Batasuneko ordezkariak. Jabetza intelektualarengatik kobratzen jarraitzeko aukera ere aurreikusi da. Erretiroa auzi zaila izaten da artisten kasuan eta hori nabarmendu nahi izan du Olasagastik. Aktoreen artean, esaterako, urteak bete ahala nabarmen jaisten dira lan aukerak, «eta kotizatzerakoan, horiexek dira lansari garrantzitsuenak». Emakumeetan, gainera, lan beherakada hori are handiagoa izaten da, eta, horregatik, lehenbailehen konpondu beharreko auzia dela uste du. «Ia ez dira 40 urtetik gorako emakumeentzako obrak egiten», adierazi du Olasagastik. Haurdunaldiaren auzia «kapitulu aparte bat» dela ere nabarmendu du: «Haurdun dauden aktoreek ez dute lanik, eta, lanik ez badaukazu, ez duzu bajarik ere. Haurdun egonda, lan aukerak are murritzagoak dira». Irteerarik gabeko zurrunbiloa izaten da haurdunaldia aktore askorentzat. Horiek horrela, aktoreen aldarrikapen nagusietako bi «urte txarrenak» kotizazioetatik aldentzea eta langabezia jasotzeko aukera «malgutzea» dira. Oraingoz, Artisten Estatutuan gomendio bezala jasota geratu dira, Gobernuaren onespenaren zain. Itun baten falta «Telebistak ez du dirurik ematen». Hain tinko esan du Olasagastik, ez duela harridurarako tarterik ere utzi. «Orain dela gutxi errepasatu genituen zifren arabera, gure bazkide diren aktoreen %80 eta %90 artean langabezian daude», gaineratu du. Gaur-gaurkoz, ez dago euskarazko telesailik, “Goazen” salbu. Sasoi batean, euskal aktoreentzako –batez ere protagonistentzako– berme moduko bat ziren “Goenkale” bezalako telesailak, bertan hilabete edo gehiagoko kontratuak izaten baitzituzten, zinema edo antzerkiak ahalbidetzen ez duena. Uneotan 425 aktore daude Euskal Aktoreen Batasunean izena emanda. Aktoreek lan auzietan duten ordezkari bakarra da gainera elkartea, ez baitago aktorerik, adibidez, ELA edo LAB sindikatuetan izena emanda. Euskal Aktoreen Batasunak egin izan ditu hitzarmen txikiak enpresa edo produktore zehatzekin, baina, sektoreko itun bat negoziatzerako orduan, «legez behartuta gaude beste bi sindikaturekin, gutxienez, elkartu eta mahai-negoziatzaile bat osatzera, eta, oraingoz, ez dugu horretarako adostasunik lortu». Artistek sindikatuetan antolatzeko duten zailtasuna Madrilen 2017ko udaberritik eztabaidatu den Estatutuan ere jaso da: «Sindikatuen legedia kontuan hartuta, zaila da oso, ezinezkoa ez esatearren». Horregatik, prekarietatearekin bukatzeko, egungo legedia moldatzea eskatu dute Kongresuko Kultura Azpibatzordean. Euskal Aktoreen Batasunak ere parte hartu du bertan, Madrileko Aktoreen Sindikatuak eta Conartek bultzatu eta Ahora Podemosek Kongresura eramandako ekimenean. EAJren ordezkari gisa Joseba Agirretxea egon da Azpibatzordean, eta, Olasagastik adierazi duenez, une oro izan dute kontaktua. «Foru aldundiekin ere hitz egin dugu, fiskalitatearen afera hemen garatu baitezakegu: ogasunen konpetentzia gure gain daukagu», azaldu du. Sorkuntza prozesua Sorkuntza prozesuan zehar diru-iturri bat izatea izango da, Artisten Estatutua lege bihurtuz gero, berrikuntzarik garrantzitsuenetarikoa –aurretiaz aipatu ditugunak ahantzi gabe–. Hori irizten dio Fernando Saenz de Ugarte dantzariak. «Artistok, dantzariok, egun bat lan egiteko, aurretik prozesu oso bat landu behar dugu eta prozesu hori guk geuk ordaintzen dugu, trukean ezer jaso gabe. Denbora horretan guztian ez gara Gizarte Segurantzan alta emanda izaten, gure lanaren parte izan arren», adierazi du tinko Dantzaz elkarteko zuzendariak. «Estatutuak nahi duena da entseatzen gaudenean ere ordaintzea; sortzen ari garenean, ordaintzea». Horretarako, baina, beharrezkoa iruditzen zaio Saenz de Ugarteri sindikatu, patronal eta artistek bat egitea. «Nola ordaindu eta beste hainbat auzi ekonomiko definitu gabe daude oraingoz, beraz, edozein pausu aurrerapauso itzela izan daiteke. Baina, gaur-gaurkoz, dena oso nahasgarria da: ez dago finkatuta zein den sindikatua, patronalik badagoen edo ez dagoen, artiston egitekoak ere airean daude... Alde guztiek bat egin behar dugu», aldarrikatu du Saenz de Ugartek. Egungo egoeraren adibide gisa Euskal Herrian Dantzaz konpainia jarri du Saenz de Ugartek. Patronal itxura duen elkarte-enpresa bakarra da gurean gaur egun, «eta hori hamar dantzari eta sei bekadun ditugula kontratupean», dio irribarrez. Gehienez bi urtez luza ditzakete lan hitzarmenak, Dantzaz konpainiak abiapuntu izan nahi baitu. Baina, aldi berean, bi urte horiek segurtasun berme bat dira egungo egoeran, bi urte «luzeko» kontratua lortzea «kasik ezinezkoa baita beste inon». Saez de Ugartek azaldu duenez, Dantzerti Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolak badauka gaur egun gradu bat, baina beste kontserbatorio askotako ikasketek ez dute balio «zure ibilbide artistikoa profesionaltasunera bideratu nahi izanez gero». Dantzaz elkarteko zuzendariak haserre gaineratu duenez, «Lanbidek baditu ekimenak gazteen edo berriki titulatu direnen artean enplegua sustatzeko, baina hor gu guztiz ikusezinak gara. Orkestra batean musikari gisa aritzeko edota konpainia batean dantzari gisa aritzeko ez da berez titulurik behar, audizio bat pasatzearekin nahikoa duzu. Behin hori gaindituta, baina, Lanbidera laguntza bila joanez gero ere, alferrik da». Aktoreen formakuntzarekin lotuta antzeko kezkak ditu Eneko Olasagastik ere. Dantzerti da arte eszenikoen kasuan graduko titulua eskaintzen duen Euskadiko eskola bakarra, beste guztiek ez dute-eta titulurik ematen. Horren aurrean, badu aldarrikapenik Euskal Aktoreen Batasunak. Lehenik eta behin, herrietan dauden musika eskolak «arte eszenikoen ikastetxe» bihurtzea. «Behintzat aukera eman 1992ko dekretua moldatzeko. Gero, udal bakoitzak ikusiko du merezi dion edo ez, aurrekonturik baduen edo ez». Hori aktoreen ibilbide profesionalean ere lagungarri izango litzatekeela uste du Olasagastik, 40 urtetik gorako aktoreei irtenbide profesional bat eskainiko liekeelako. «Baina nola frogatu zure hezkuntza edo formakuntza?». Hau da, nola sortu curriculum osatu bat? Beste eskoletan jasotako edukiak kreditu moduan jasotzea exijitzen dute Euskal Aktoreen Batasunetik. «Dantzertiren sarean sartu nahi dugu. Beste eskolek ez dute titulu ofizialik ematen, baina eskaintzen dituzten edukiak aintzat hartzea eskatzen dugu, etorkizun batean kreditu gisa balio dezaten». Idaztea ez da ofizio «Basamortuan galduta gaude, prekarietateak gogor kolpatuta». Yolanda Arrieta idazlearen hitzak dira, idazlearen ofizioa –«hala deitu badaiteke»– laburbiltzerakoan. Apenas bizi den idazlerik idaztetik bakarrik. «Idaztea ez da ofizio, ez da inoiz izan eta ez da inoiz izango», dio irmo Oier San Martin, Euskal Idazleen Elkarteko kudeatzaileak. Elkarteko bazkideen erdia, gutxi gorabehera, irakasleak direla gaineratu du Garbiñe Ubeda bertako presidenteak. Egun 380 bazkide inguruk osatzen dute Euskal Idazleen Elkartea eta horietatik gutxi, oso gutxi, bizi dira sorkuntzatik. Horietariko bat da Yolanda Arrieta, idazle izaera beste arloetara eramaten jakin duena. Haur eta gazte literaturan espezializatuta, bere irakasle eskolako ikasketak baliatu ditu hitzaldi eta tailerrak ikastetxez ikastetxe eskaintzeko. Horiek ematen diote bermea bizirauteko. «Euskal Idazleen Elkarteak baditu hitzarmen batzuk lotuta, eta horietatik idazleentzat lan batzuk irteten dira, gehienetan bazkideei bideratzen dizkiegunak», azaldu du Ubedak. Normalean argitaratzearren ez dute ordainik eskuratzen idazleek, egile eskubideen aurrerapena egon daiteke, baina hori ere denboraren poderioz desagertzen joan dela zehaztu du Yolanda Arrietak. Diru-iturri nagusia, beraz, salmentetatik eskuratzen dute, eta hor ere idazleak irabaziaren %10 soilik eskuratzen du. Ogasunaren begietan, idazle baten lana idazten hasten denetik bukatzen denera luzatzen da, baina, errealitatean, idatzi artean diru-sarrerarik ez du idazleak. «Galde iezaiozu Saizarbitoriari. Liburu bat idazteko hamar urte pasa baditu, nola ordainduko du urte horiei guztiei dagokien kuota?», jarri du adibide Oier San Martinek. Horregatik, Artisten Estatutuarekin tratamendu fiskal berezia ezartzea espero du, fakturazioaren arabera ordaintzea ahalbidetuko duena. Garbiñe Ubedaren esanetan, eta ondoren Yolanda Arrietak ere baieztatu bezala, gaur-gaurkoz Eusko Jaurlaritzaren bekak dira idazleek profesionaltasunaren bidean duten bultzada bakarra: «Hau da, idazten hasteko dirua jasotzea». Arrieta beka horri esker ari da bere hurrengo liburua idazten. Epe batean entregatu behar du, baina onuragarria delakoan dago: «Idazterakoan pizgarri bat da beka hori berme gisa edukitzea». Honela laburbildu du bere bizimodua Arrietak: «Autonomo bezala jardutea, izateko modu bat da. Airean zaude, baina, azkenean, ikasi egiten duzu sentsazio hori antsietate ez bilakatzen». Sormena zaintzeko, literatura iraunkortzeko, beharrezko ikusten ditu bekak Arrietak, «baina urterokoak behar dute izan, sortzaile ezberdinentzat aukerak egon daitezen. Euskarak merkatu txikia du eta oinarriak finkatzea funtsezkoa da hau zaindu eta, batez ere, pizteko». Artisten Estatutuak 75 puntu ditu. Madrilgo Kongresuko Kultura Azpibatzordeak aho batez onartu du ebazpen proposamena eta orain Gobernu espainolaren oniritzia behar du Sortzaileak.eus webgunean 2.450 euskal sortzailetik gora daude izen emanda uneotan, gehiago ere badiren arren. Sortzaileok eta egiten duten lana ikustaraztea dute helburu