06 OCT. 2018 IKUSMIRA MAY, AMILDEGIRAINO DANTZAN Oli SCARFF | AFP Dabid Lazkanoiturburu Inoiz babestu ez duen Brexita gestionatzea tokatu zaion lehen ministro Theresa Mayk erronka larria zuen iragan astean. Jeremy Corbyn laborista ez zen erreferendum berriaren tranpan erori aurrekoan eta hauteskundeak aurreratzeko exijitu zion. Boris Johnson «alderdikideak» kristorenak eta bi bota dizkio eta kontserbadoreen artean gero eta gehiago dira kargua berandu baino lehen utzi behar duela diotenak. Aitzitik, Mayk ez du inolaz ere amore eman eta Abba taldearen «Dancing Queen» abestiaren erritmoari hala-hola jarraituz igo zen tribunara. Dena den, erronka izugarriagoa du datozen hilabeteetan Downing Street 10eko maizterrak, negoziazio epea agortzear den honetan. Brexitak konponbiderik ez duela dioenik baden arren, argi dago irtenbiderik baldin badu inor ez duela aseko. Horrela, bada, zera erabaki dute «tory»-ek nahiz laboristek: May bera izan dadila amildegian erortzen dena. Dantzan.