Ramon Sola

Kirruli akabatu nahian hil zuten Cabacas

Bilboko epaiketaren hasierako egunetan lekukotasun gordinak entzun ditugu. Latzena Laia Caballerren ahotan, malkoak barruan gorde ezinik. Kale kantoi ezezagun horretan jasandakoa betirako zama du, ez soilik pilotakadak txikitutako Iñigo Cabacasen burua eskuetan izan zuelako, baita Ertzaintzaren basakeria bera guztiz ulertezina egiten zaiolako ere. Eta harridura horren zergatiaz jabetzen naiz: duela urtebete urriko sasoi honetan Katalunia aldean egon ginenok manifestari ultra espainiarrak mossoen furgoneten aurka kolpeka –baita irauli nahian ere– ikusi genituen, eta, poliziakide horiek, geldi-geldirik, eusten, oldartzeak gauzak oker ez zitzan.

Basakeria bai, baina ez nonahi eta nolanahi, ez edozeinen aurka. Ugartekoren ahotsak osatzen du puzzlea: Kirruli herriko taberna bertan izanik, «guztiarekin sartu» behar zuten, horrexegatik zeuden eskopeta horiek zuzen-zuzen jarrita, mina egiteko moduan, «fusilamendu» baten antzera, norbait hiltzeko arriskuarekin. Hortik aurrera, zorte onak ala zorte txarrak erabakitzen du zer gertatzen den. Cabacasen hilketa eskuetatik joan zitzaien, hori baino ez, torturatzen zutenei Mikel Zabaltza edota Gurutze Iantzi eskuetatik joan zitzaizkien bezalaxe. Noizbait gertatu behar zuen, egunero-egunero ez bazen, astero izaten baitziren antzeko oldartzeak. Ez gaitezen engaina: oldartze hura gaur egungo ikuspegitik eta epaiketan entzundakotik ikaragarri gogorra iruditzen bazaigu ere, zauritu oso larri bat eragin izan ez balu, ez genukeen albistegietan ikusiko.

Jakina da epaiketak ez dituela ardura guztiak garbituko, baina Maria Diaz de Haron gertatu zena aski argituta ere, hankamotz geldituko da argazkia, testuinguru hori gehitzen ez badiogu. Jada oroitzen ez badugu ere, 2012 hartan bertan, Cabacas hil baina astebete lehenago, Ertzaintzak berak zauri oso larriak eragin zizkion beste gazte bati, Xuban Nafarrateri, Gasteizen, greba orokor batean izandako mobilizazio batean. Edo bost hilabete geroago, Atarrabiako Aingeru Zudairek begi baten ikusmena galdu zuen, Iruñean Polizia espainolak emandako pilotakada baten ondorioz.

Urte horretako otsailean, bestalde, Iñaki Igerategik eta Iñaxio Otañok tortura gogorrak salatu zituzten Guardia Zibilaren esku izan ostean; ezagutu ditugun milaka kasuetako azkena izan zen. Sortu oraindik legeztatu gabe zen. Maiatzean Arnaldo Otegik eta berarekin batera atxilotutakoek espetxean segituko zutela berretsi zuen Gorenak. Kirruli eta beste ehun bat herriko taberna, auzitegi beraren zain ziren, Auzitegi Nazionalak enbargoa agindu ostean. Aurore Martin harrapatu eta Guardia Zibilaren esku jarri zuten jarraian, Batasunakoa izateagatik. Urtean 665 presorekin hasia zen. Eta abar...

Itxaropena nagusi zen, halere, Euskal Herrian. Urte erdi eskas lehenago, Aieteko Adierazpena onartu zen eta ETAk borroka armatua behin betiko utzita zuen. Baina aurreko inertzia errepresiboei behar berriak gehitzen zizkieten kale kantoi horretan tiro egin eta eginarazi zuten guztiei: ezker abertzalea ahal bezain gogor kolpatzea, bere bidean atzerapausoak eragiteko konfiantzan agian, bere barruan kontraesanak –eta ahal bazen eszisioak ere– eragiteko ahalegin sutsuan.

Cabacas hil zuten, baina Kirruli, ezker abertzale osoa, akabatu nahiak bultzatzen zituen ertzain, ertzain buru eta agintari politiko horiek. Familiaren samina arintzen saiatzeaz gain, norbaitek noizbait onartu beharko dio hori ere ezker abertzaleari, egiari zor. •