06 AVR. 2019 IKUSMIRA EUSKARAREN KOLOREAK Xabier Izaga Gonzalez 1997ko azaroaren 24an, Iruñeko Erraldoien Txokoan, Koldo Zuazo hizkuntzalari eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak Nafarroako euskalkien gaineko hitzaldia egin zuen, Udako Euskal Unibertsitateak eskatuta. Hitzaldi hartan, gaur egungo euskalkien sailkapena eta mapa aurkeztu zituen. Ordura arte, indarrean zegoen Louis-Lucien Bonapartek 1869an argitaratu zuena. Bien artean ia 130 urteren aldea zegoen, beraz. Tarte luze horretan dialektologiak aurrera egin zuen nabarmen, eta azterketak egiteko tresna gehiago eskaintzen zituen. Euskara ere nabarmen aldatzen ari zela konturatu zen Zuazo, eta aldaketa horretan eten nagusia 60ko eta 70eko hamarraldietan sumatzen zuen. «Euskara batuaren, ikastolaren, euskara idatzizko zereginetan erabiltzearen emaitza da euskara berria». 1998an “Euskalkiak gaur” artikulua argitaratu zuen, gaurko euskalkien ezaugarriak eta euskalki batek baino gehiagok partekatzen dituztenak azalduz. Aurrerago, “tarteko hizkerak” ere jasoko zituen bere sailkapenean, eta behin baino gehiagotan egokitu du, aurkikuntza berriak eta zuzenketak jasoz. Irudian, euskalkien maparen azken bertsioa, joan den astean amaitua.