GAUR8 - mila leiho zabalik
JUAN ZELAIA, BILDUMAGILE

«Juan Zelaia. Arte bildumagilea», patxadaz ikusteko moduko erakusketa

Arabako Arte Ederren Museoan zabalik dago urriaren 13ra arte «Juan Zelaia. Arte bildumagilea» erakusketa. Duela bi urte zendutako enpresaburu eta kultur sustatzaile oñatiarraren izena duen fundazioaren funtsetik hautatutako 4O obra daude ikusgai, gehienak XIX. eta XX. mendeetako euskal egileenak.


Arabako Arte Ederren Museoan Juan Zelaiaren bildumako hainbat margolan daude ikusgai. Duela astebete zabaldu zuten “Juan Zelaia. Arte bildumagilea” izeneko erakusketa. Duela urte bitsu zendu zen oñatiar enpresaburuaren izena duen fundazioak eta Arabako Foru Aldundiak gordailutze hitzarmen bat sinatu zuten; haren arabera, artelanen gordailua lau urterako izango da, baina epe hori luzatu liteke.

Juan Celaya Letamendi Fundazioak neurri batean enpresaburu oñatiarraren mezenas lanari eman dio jarraipena, «euskal kultura babestu, sustatu eta bultzatzea, zentzu zabalenean, eta soilik adibide modura, era guztietako jarduerak antolatu eta finantzatzea, euskara eta euskal kultura, haren ezagutza, praktika, zabalkundea eta transmisioa» helburu duela.

Zelaiaren interesa, arteari dagokionez, XVI. eta XVII. mendeetako zenbait garaietatik XX. mendeko artelanetara zabaltzen da, eta askotariko teknika eta materialak dituzten lanak hartzen ditu bere baitan. Bere bildumarako irizpidea, berriz, gustua zuen, merkatu estrategien menpeko izan gabe.

Fundazioaren funtsetik hautatutako 40 obrak Arabako Arte Ederren Museoko bildumarekin lotuta daude, XIX. mendeko eta XX. mendearen lehen erdiko euskal artea eta garai bereko espainiar artea baititu ardatz. Ignacio Diaz Olano, Eduardo Zamacois, Alberto eta Jose Arrue, Jose Jimenez Aranda, Fernando Amarica, Andres Apellaniz, Mauricio Flores Kaperotxipi, Maximo Juderias Caballero, Valentin Zubiaurre eta Aurelio Arteta dira lanen egileak, Euskal Herritik kanpoko beste margolari bakan batzuekin batera.

Artetaren “Gerrako triptikoa” lan eder eta gordinak zabaltzen du erakusketa. Museoko bigarren solairura igo eta berehala topatzen du bisitariak “Frontea”, “Exodoa” eta “Atzealdea” koadroek osatutako obra. Ez dira, beraz, margolarien bigarren mailako lanak. Izan ere, Diaz Olano gasteiztarraren obrako lan esanguratsuenetako batzuk ere badaude ikusgai, adibidez “Biaoa”, “Gorulariak eta ehuleak” eta “Lisatzaileak”.

Erakusketa urriaren 13ra arte egongo da zabalik; beraz, ez dago ikusteko presarik; hori bai, komenigarria da astia hartu eta patxadaz ikustea. Bide batez, lehenengo solairuan hainbat euskal margolariren eta beste zenbaiten lanak ikusteko aukera ere badago, tartean goiko erakusketako batzuenak. Areago, beheko solairuan Fernando Amarikaren ondarea ikusgai dago beti. Begiek eta gogoak eskertuko dute.

 

Juan Zelaia, enpresaburu eta kultur sustatzaile

Enpresaburu ezaguna izan zen Juan Zelaia. Ingeniaritza ikasketak egin zituen eta 1959an, bere aita hil berritan, hark sortu zuen Cegasako presidente gisa hasi zen. Tuboplast eta Hidronorren presidente ere izan zen. Oso ezaguna zen Cegasa, eta bertan egiten zituzten Tximist pilak, marketin zuzendariak Espainian pilen izena ez zutela ondo hartzen esan eta aldatu zuten arte, Miel Elustondori “Argia” aldizkarian argitaratutako elkarrizketa batean azaldu zionez. Ardogintzan ere jardun zuen, Lan bodegetan eta Upaingoa txakolindegian. Enpresaburu arrakastatsua, bere bizitzako azken txanpan Cegasaren porrota ere ezagutu zuen. 2016ko abuztuaren 10ean hil zen Juan Zelaia Letamendi oñatiarra, gaixotasun luze baten ondoren.

60ko hamarkadan, Deba ibarreko beste hainbat enpresaburuk bezala, Gasteizera eraman zuen bere enpresa. Ikastolen sorreraren garaia zen, eta berak diruz lagundu zituen. Izan ere, oro har euskalgintzarekin, euskal kulturarekin eta kirolarekin harreman estua izan zuen. UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroa eta euskararen eta kulturaren aldeko hamaika ekimen eta proiektu babestu zituen. Baita euskal komunikabide ugari ere. Jakina da Noticias taldeko administrazio kontseiluko presidentea zela hil zenean, baina beste proiektu asko ere lagundu zituen, gehienetan anonimatutik: “Egin”, “Euskaldunon Egunkaria”, “Argia”, GARA eta “Berria”, besteak beste.

Tximist espedizioak ere Zelaiaren laguntza jaso zuen, 1974an ikurrinarekin Everestera abiatu ziren mendizale haiek Cegasa baitzuten babesle. Eta 1980an mendi bereko gailurrera lehen euskal herritar mendizalea eta ikurrina bera eraman zituen espedizioaren babesle ere izan zen.

Euskal kulturgintza bultzatzeko asmo horretan, Euskal Fundazioa sortu zuen beste batzuekin batera, eta ondoren Juan Zelaia Saria beka, hainbat saiakera lan argitaratzea ahalbidetu zuena.

Mecenas moduan ez zen bere burua nabarmendu zale. Hala ere, hainbat instituzio, erakunde eta elkartek aitortu zioten bere eskuzabaltasuna. Bakan batzuk aipatzearren, 2000. urtean Gasteizko Gobernuak Lan Onari saria eman zion; 2003an Gipuzkoako Foru Aldundiak, Antton Abbadia saria eta Urrezko Domina; urte berean, Araba Euskaraz ikastolen jaiak omendu zuen Oionen; 2008an Durangoko Azokako Argizaiola saria jaso zuen.

Juan Zelaia, enpresaburu eta oroz gain Euskal Herria maite zuen gizona.