GAUR8 - mila leiho zabalik

Lurraldea euskal kulturaren soinuetan


Euskal kulturaren Loraldia jaialdiak urteroko bukaera festa Bilboko Guggenheim museoan ospatzen du, bertsoen kantekin amerikar-judutarraren arkitektura-zimenduei kilikak egiteko edo. Aurtengo ekitaldian Itxaro Borda, Miren Amuriza, Oihana Iguaran, Maite Mursego eta Amaia Agirre aritu ziren bat-batekoan, eta soinu eta hitzen artean arkitektura gai asko jaurti zituzten, seguru asko protagonisten harridurarako, arkitektura ez baita, printzipioz, haien guztien politika-esparrua. Bordak ekitaldiari jarritako izenburuak, “Buztinezko etorkizuna”, lehen lokarria egiten du arkitekturarekin. Batetik, buztina lehen mailako arkitektura-materiala da, munduko biztanleen %40 buztinezko arkitekturan bizi izateraino. Bigarrenik, etorkizunak jasangarritasunaren paradigmetatik hitz egitera behartzen gaitu, ezinbestean lurralde ikuspegi bat plazaratzera. Puri-purian dagoen gaiak bertsolarien ahotsetik zein forma hartuko zuen jakiteko irrikaz eman zitzaion hasiera ekitaldiari.

Bordaren etorkizun apokaliptikoaren inguruko jardunari, bertsolariek erantzun zioten kutsadura/ardura/negargura, politikari/albistegi/beranduegi, amaitzear/bukatzear hitzak segidan erantsiz. Etorkizun beltzaren aurrean fake diskurtsoak egitearen salaketa agertu zuten kantek, akaberaren katastrofe etikoarekin batera. Beste modu batean esanda, bizitzaren jasangarritasunaren alde nor ez da ageri –zuzentasun politikoa–, baina funtsean lurralde-egituran ezer gutxi aldatzeko prest gaude. Horrenbestez, ez dugu beste paturik: erortzear den munduaren aurrean, Mursegok, biolontxeloa esku batean eta beste eskuko ukabila goian, “ozono, geruza, as-ka-tu” hitzak performatu zituen, ekoabertzaletasun tonua erabiliz.

Buztinaren arkitekturak metafora boteretsu gisa funtzionatu zuen, buztina/lohia/zikina errimekin lur-materia eskuekin egiteko moduen erreferentzia bilakatu zutelako, gaur eguneko egikera dinamiketatik urruti (azkartasuna, eraginkortasuna, errentagarria). Euskal kulturaren etorkizuna buztinezko eraikuntza baten irudiarekin aurkeztu zuten, euskal kulturak figura estuegiak eta forma zurrunegiak dituelakoan. Buztinezko eraikuntza batek posible egiten du sortze eta deseraikitze lanetan modu kolektiboan aritzea, materiaren hauskortasunari balio emanez, zentroan jarriz. Arkitektura garaikideak antzeko parametroak aldarrikatzen ditu, obra kolektibotzat joz, iraganeko itxurek sortutako identitate-autoritateetatik ihes eginez eta kategorizazio askeagoen alde eginez.

Ekitaldi zoragarriari, baina bat. Oholtza gaineko kideek plastikozko ur botila banarekin osatu zuten eszena; atrezzo desegokia nire ustez. Bizitzaren iturri den ura plastikozko botila indibidualean xurgatzen dugunean, gure pribilegioak performatzeaz gain, ekodelitu bat ere irudikatzen dugu; ideia hori barneratu beharko genuke guztiok, botere-zapaltzaileen produktua delako, eta, beraz, gure gorputzetatik ere gaitzetsi beharko genukeen erosketa. •