11 MAI 2019 NATURA Milioi bat espezie desagertzeko zorian jarri ditu bakar baten jarduerak Planeta berea eta amaigabea izango balitz bezala jokatzen jarraitzen du gizakiak. Naturak ezin dio guk ezarritako erritmoari eutsi eta dagoeneko amildegira iristen ari garela ohartarazi digute adituek. «Gizartearen aldaketa sakona» ezinbestekotzat jotzen dute bioaniztasunari eutsi ahal izateko. France-Presse Une honetan, milioi bat espezie daude galzorian beraien habitata suntsitu dugulako. Espezie horietako azken kideak hiltzean, erremediorik ez da izango. Gizakiok naturaren beharra dugu bizirik jarraitu ahal izateko, arnasa hartzeko, jateko, edateko, berotzeko, babesteko, sendatzeko… NBE Nazio Batuen Erakundeko adituek joan den astelehenean margotu zuten panorama ikusita, belaunaldi berriei etorkizun iluna eta beldurgarria utzi diegula aitortu behar. «Geure ekonomien zutabeak beraiek higatzen ari gara, geure ogibideak, elikagai segurtasuna, osasuna, bizi kalitatea… Mundu osoan gainera», ohartarazi zuen Robert Watson IPBES Biodibertsitateari eta Ekosistema Zerbitzuei buruzko Gobernuen arteko Zientzia eta Politikaren Plataformako presidenteak. 150 adituk, Unai Pascual Ikerbasqueko BC3 zentroko irakaslea barne, beste 310 egileren laguntza izan dute, gai honi buruz inoiz egin den ikerketarik zehatzena egiteko. Hiru urtez aritu dira lanean eta azken 50 urteotan eman diren aldaketak aztertu dituzte. Bioaniztasuna galtzen ari gara, inoiz baino bizkorrago gainera, baina txostena egin duten adituek itxaropenik badute oraindik, egoera beldurgarri honetatik ateratzerik badagoela diote, «baina bakarrik aldaketak berehala eta maila guztietan egiten badira», Robert Watsonen hitzetan. Lehorrean zein itsasoan eragin du suntsiketa gizakiak. Gizakion jarduerak «modu larrian» aldatu ditu lurren %75, eta itsasoaren %66 ere kaltetu du dagoeneko. Deforestazioa, nekazaritza intentsiboa, gehiegizko arrantza, arrapaladako urbanizazioak, meategiak… Beste espezieen lekua hartu dugu eta emaitza kopuruetan jarri dute IPBESeko adituek: zientzialariek kalkulatu dute zortzi milioi espezie dagoela gaur egun planetan, abereak zein landareak, eta milioi bat, guztien %12,5, galzorian daude eta datozen hamarkadetan erabat desagertu daitezke. Tokian tokiko lurreko espezieen %20 desagertu egin dira dagoeneko, gehienak 1900tik hona. Anfibioen %40, koralen %33 eta itsasoko ugaztunen herena baino gehiago desagertzeko mehatxupean daude. Intsektuei dagokienez, espezieen %10 desagertuko direla kalkulatu dute zientzialariek. Ornodunak ez daude hobeto: gutxienez 680 espezie desagertu egin dira XVI. mendetik. Azken 150 urteotan, koralezko uharrien ia %50 galdu ditugu. Aldi berean, espezie inbaditzaileak ikaragarri hedatu dira leku askotan, %50era iritsiz hazkundea 21 herrialdetan. Industria iraultzaren garaian baino askoz ere baso gutxiago dugu gaur egun: %32 gutxiago lurrean hartzen duten azaleraren arabera. Ez da harritzekoa, nekazaritzak erabiltzen dituen lurren ia erdia deforestazioari esker sortu baitira. Gainera, gizakiok oihan primarioak ustiatzen jarraitzen dugu: horien azalera %7 murriztu da 2000 eta 2013 artean. Orain arteko bilakaera oso kezkagarria da: 2000. urteko neurketen arabera, gizakiok munduko zingiren %80 erabat suntsitu ditugu. Gainera, gaur egun lurraren heren bat nekazaritzak erabiltzen du. Ingurumena arrantza tradizionalak baino askoz gutxiago errespetatzen duen arrantza industriala, itsaso gehienetara iritsi da eta 2015ean egindako ikerketa baten arabera, kasu askotan ontzi horiek arrain gehiegi hartzen dute, baimendutako kopurua baino gehiago. Oro har, urtean gizadiak 60 bilioi tona baliabide natural ustiatzen ditu, baliabide jasangarriak batzuk, ez jasangarriak besteak. Adituen arabera, kopuru hori bikoiztu egin da 1980. urteaz geroztik. Aditu horiek esandakoa bat dator zientzialari askok aspaldi honetan adierazitakoarekin. Txostenak hitz horiek erabili ez baditu ere, begirale batek baino gehiagok «iraungipen masiboak» ekarri ditu gogora. Egungoa litzateke «seigarren iraungipen masiboa», eta lehen aldiz gizakia da txikizioaren erantzulea. Mark Tercek Nature Conservancy gobernuz kanpoko erakundeko presidenteak nabarmendu du, hala ere, egun abian dugun «iraungipen masiboa» saihesteko, edo mantsotzeko behintzat, moduan garela oraindik, «erabakitasunez une honetan bertan modu egokian jarduten badugu». Tankerako mezua plazaratu du Watsonek: «Ez da beranduegi, baina oraintxe bertan hasi behar dugu jardunean, gure gizarteari aldaketa sakonak eraginda». Bere iritziz, lortu beharreko lehen helburua bioaniztasun galera eragiten duten «motorrak» mantsotzea litzateke. Izan ere, gizakiontzat klima aldaketa bezain mehatxagarria da biodibertsitatea galtzea, hori ulertzea asko kostatzen bada ere. Suntsiketaren motorrak Bioaniztasuna kaltetzen duten «motor» horien artean lurren erabilera ageri da lehen postuan, nekazaritzak eta deforestazioak espezie asko jarri baitituzte galzorian, beren habitata suntsituta. Bigarren postuan ipini dute adituek baliabideen ustiapen zuzena (arrantza eta ehiza). Eta gaur egun horrenbestetan aipatzen dugun klima aldaketa hirugarren tokian jarrita dago, laugarren lekuan dauden kutsadurak eta bosgarren tokiko espezie inbaditzaileak baino kaltegarriagoa delakoan. Edonola ere, txostenaren egileek gogorarazten dute sailkapen hori aldatzen ari dela, eta klima aldaketak gora egingo duela bertan fenomeno horren aurka ezer egin ezean, beste faktore horien kaltegarritasuna larriagotzeaz gain. Hori bai, adituek eransten dutenez, negutegi efektua eragiten duten gasen isurketa murrizteko hartzen diren neurri batzuek naturari sekulako mesedea egin diezaiokete. Gizakiok zer jaten dugun aldatzeak sekulako garrantzia dauka bioaniztasunari eutsi nahi badiogu. Demografoek aurreratzen dute planetak 10.000 milioi biztanle izango dituela 2050ean, eta horiei guztiei modu jasangarrian ekoiztutako elikagaiak emateak erabateko aldakuntzak exijitzen dituela nekazaritzan: agroekologia zabaltzea eta ura era egokian kudeatzea, kasu. Baina nekazaritza-eredua aldatzea ere ez litzateke nahikoa izango, kontsumitzaileon ohiturak ere aldatu beharrekoak baitira: alferrik galtzen diren produktuak saihestu behar dira eta, batez ere, dieta aldatu, haragi gutxiago jate aldera. Hori bai, IPBESek egin duen testuak ez du haragirik ez jateko zuzenean esaten, seguru asko haragia ekoizten duten herrialdeen eraginez. «Helburua bizi kalitateari eustea da, ez hazkunde ekonomikoa» «Hazkunde ekonomikoaren dogma albo batera utzi behar da sistema ekonomiko jasangarri bat lortu ahal izateko». Eduardo Brundizio txostenaren egileak France Presse agentziari esan dionez, «helburuak bizi kalitateari eustea izan behar du, ez hazkunde ekonomikoak». IPBESeko adituek makina bat proposamen egin dituzte beren txostenean: gehiegizko arrantza murriztuko luketen neurri eraginkorrak ezartzea, esaterako. Gizakiak naturarekiko menpekotasuna duenez, geure espeziea ere desagertzeko zorian egon daitekeela pentsa daiteke. «Ezetz esango nuke, ez behintzat epe laburrean –esan du Josef Settele egileak–. Baina helburua ez da soilik bizirautea». Izan ere, bizi kalitateak behera eginez gero, biztanle pobreenei tokatuko zaie egoerarik txarrena. Eta horiekin batera, naturarekin bat eginda bizi diren jatorrizko herriei, indigenei alegia. Josu Jon Imaz, pertsona kaltegarrienen artean Josu Jon Imaz EAJko Euzkadi Buru Batzarreko lehendakari ohia eta egungo Repsol konpainiako presidentea ageri da Jordan Engel kartografoak egin duen munduko pertsona kaltegarrienen zerrendan. Klima aldaketaren erantzukizunik handiena duten 100 enpresa eta horien arduradun nagusiak jasotzen dituen mapa egin du The Decolonial Atlas webguneak, “Argia” kazetak jakitera eman duenez. Klima aldaketaren arduradun nagusiei izen-abizenak jarri dizkien mapak gure planeta hiltzen ari direla dio, azken hilabeteotan Greta Thunberg suediar nerabeak esan izan duen moduan. Klimaren alde eta agintarien jarreraren aurka, bere herrialdeko Parlamentuaren aurrean protesta egiten hasi zen bakar-bakarrik Thunberg, eta bere jarrerak beste gazte asko inspiratu ditu. «Zuek ederki asko dakizue zeintzuk diren sakrifikatzen ari zareten balore ordainezinak», esan zien britainiar parlamentariei ganberara gonbidatu zuten batean. Espezie asko desagertzen ari dira gizakion eraginez, eta klima aldaketarekin ere gauza bera gertatzen da. Errealitate beraren bi aurpegi dira. Adituek itxaropenik badute oraindik, egoera beldurgarri honetatik ateratzerik badagoela diote, «baina bakarrik aldaketak berehala eta maila guztietan egiten badira»» Bioaniztasuna kaltetzen duten «motorren» artean lurren erabilera ageri da lehen postuan, nekazaritzak eta deforestazioak espezie asko jarri baitituzte galzorian