18 MAI 2019 Nerabezaroa... «neure» aroa Ana Elosegi Serna Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea Nerabezaroa. Noiz hasi eta noiz amaitzen den bizitzako aldi korapilatsu naiz eder hau ezin dugu erraz zehaztu. Batzuek diote orain lehenago hasten dela eta geroago amaitu. Nerabezaroaz denbora daramat hausnartzen. Urtaro batekin alderatu behar banu, udaberriarekin edo udazkenarekin alderatuko nuke. Udazkena aro eder batez agurtzen garelako, haur izate horrekin. Batzuentzat dolu hori gatza izaten da, handitu nahi ez eta beldur sentimenduak etortzen zaizkie... Beste batzuk, aldiz, irrikatan egoten dira. Eta udaberriarekin ere konparatu dezakegu, gaztaroaren aurretik garai berri baten etorrera delako, sentsazio berriak, besteei irekitzea, lagun berriak, harreman sexualak eta emozioak, garai eder bezain zaila… Horri guztiari hormonen jarioa gehitu behar diogu, Dragon Kan batean ibiliko bagina bezala, euforiatik amorrura edota tristurara pasatuz. Aditu bati behin entzun nion etxeetan askotan elkartzen direla bi Dragon Kan; alde batetik amarena eta bestetik seme-alabena, bateko menopausia eta besteko nerabetasuna. Nerabezaroa “neure” aroaren hasiera dugu, gurasoen presentziarik gabe “ni” identitate hori alor ezberdinetan garatzeko bidearen hasiera. Seme-alaben nerabezaroak guztiok mugitzen gaitu, batzuetan sorpresaz hartzen gaituelako, eta, bestetan, geure nerabezaroarekin ahaztuta gaudelako. Izan ere, ariketa ederra da garai hartara bidaiatu eta ohartzea gu ere izan ginela nerabe. Aditu batzuek diotenez, haur garaiko 2-3 urte arteko tarte horrek, alegia, “ni”-aren identitatea garatzen eta sozializatzen hasten garen garaiak eta nerabezaroak badituzte sintomatologia berdin batzuk. Umetan beldurtiak izan bagara, kasketosoak, edota irekiak, gerta liteke gainditu gabeko beldurrok gainditzeko beste aukera eder bat sortzea nerabezaroan. Nerabezaroan, bestalde, garuneko garapenean ezaugarri berezi batzuk izaten dira; amigdalaren eta kortexaren handitzea ez omen da paretsu ematen. Amigdala handiagoa izaten dute kortexa baino, eta horrek askotan emozioak ehunetik ehunean bizitzera eramaten ditu nerabeak, hausnarketa gerorako utziz. Nerabezaroa iristerako aurretik etxean lanak eginda egon behar lirateke, gurasoen paperetik nerabeari espazioa utziz eta aldi berean koltxoi emozionala deitzen dioguna sendo sortuz, nerabea deskuidatu edo beldurtzean, segurura eta babesera joateko bidea ireki eta lasai deskantsa dezan. Garai ederra da nerabezaroa, esperientzi berriz betea: maitemintzeak, lehen erakarpen sexualak, plazer eta dantzak, lagunen arteko konfidentziak, kirola, musika, mugimendu sozialak… Guk, helduok, alda dezagun nerabeen gaineko ikuspegi negatiboa, gu ere izan baikinen nerabe eta asko ikasi genuen. Garai honetan, beraiekiko atxikimendu seguru bat sortzea eta bere bidaiaren bidelagun izatea da garrantzitsuena. Bidaia on, gazteak! •