GAUR8 - mila leiho zabalik
IKUSMIRA

«RAFI ESTENAMORADO KON NAFIRA»

Marisol Ramirez | FOKU

Bukatu da, auskalo noiz arte, eskolak hauteskunde eskolaz mozorrotzen diren sasoia. Bilboko eskola honetan, ostiralean azken orduan mezua utzi zuen arbelean norbaitek, maitasun istorio baten berri emanez. Agian norabide bakarrekoa da maitasuna; Rafik Nafira maite du, baina ez aldrebes. Akaso Nafira kokoteraino dago Rafiren maitasunarekin eta Rafiren lagunen adar jotzearekin. Mezua sinpatikoa begitandu arren, uste baino mikatzagoa izan daiteke. Arbelaren azpialdeko mahaian maitatzeko moduak ere hautatzen dira, maitasuna politikoa delako, askori ez iruditu arren. Nor maitatu eta nola maitatu ez da erabat modu librean eraikitzen dugun zera magikoa; jendarteko arauen, hesien eta estereotipoen gainean eraikitakoa da. Adinaren arabera, bizitzako sasoiaren arabera, norbere izaeraren arabera, arau eta hesi horiei lotuago edo askeago maitatu daiteke. Eta eraikitakoa deseraiki ere egin daiteke. Baina bai, hauteskundeetan hori guztia ere aukeratzen da, politikariek orokorrean horri buruz hitz egiteko ohiturarik ez duten arren. Horregatik da hain tamalgarria Skolae bezalako proiektuak balantzaka ikustea; ez direlako asko izaten jendartea erraietatik aldatzeko ausardia izaten duten politikariak.