01 JUIN 2019 Entrevue Elene Lizarralde kazetaria eta idazlea «Raketistekin hartutako konpromisoa bete dudala sentitzen dut; nire modura, haien bizitza kontatu dudalako» «El Silencio de Clara Lyndon» bere lehen nobelarekin, raketista izandako emakumeen bizipenak lehen lerrora ekarri ditu. Ez da kirolaren inguruko kontakizuna, bizitzari buruzkoa baizik, baina eliteko kirolari izandako emakumeen bizitzak izan dira bere abiapuntu eta inspirazio. Elene Lizarralde Amagoia Mujika Telleria Bere lehen nobela argitaratu du Elene Lizarralde kazetariak. “El silencio de Clara Lyndon” izeneko lanak oihartzun gutxi izan duen kirol gertaera baten inguruko istorioak jasotzen ditu. 1917tik 1980ra bitartean, ehunka emakume raketista profesionalak izan ziren, horietako asko euskaldunak. Hamahiru urtez raketistekin izandako elkarrizketetatik eta sortutako laguntasunetik idatzi du liburua Lizarraldek. Kazetari donostiarrak telebistan osatu du batez ere ibilbide profesionala; aurkezle, gidoigile eta zuzendari aritu da. Ezaguna da Euskal Telebistako lehen emisioa egin zuelako 1983an eta bertako lehen aurkezleen artean aritu zelako. Madrilen bizi den arren, maiz etortzen da Donostiara, ahal duen bakoitzean. Bisita horietako batean azaldu dizkio GAUR8ri beren lehen lan literarioaren barrunbeak. «Izugarri eskertuta nago Euskal Herriko liburutegietan nire lanari egin dioten harrerarekin. Benetan gustatuko litzaidake euskarara itzultzeko aukera izatea», nabarmendu du. Zure lehen nobela raketisten inguruan osatu duzu. Nola jakin zenuen emakume kirolari horien berri? Antena 3 telebistan lan egiten nuenean, egunero deitzen nion amari. Ni Madrilen bizi nintzen eta, bera, Donostian. Ordurako ama alarguna zen eta arratsaldero ateratzen zen lagunekin. Egun batean deitu eta arratsalde hartan norekin geratu ote zen galdetuta, «gaur raketisten taldearekin geratu naiz», erantzun zidan. Ikastolan ikasitakoa eta Euskal Telebistan lan egindakoa izanik ere, inoiz ez nuen raketisten inguruan ezer entzun. Harrituta geratu nintzen. Amari galdetu nion raketisten inguruan eta zerbait kontatu zidan. Informazio hori nire disko gogorrean gordeta geratu zen. Behin Antena 3 utzi nuenean, idazten hasi nintzen, formatu desberdinetan. Halako batean raketistekin gogoratu eta gehiago jakiteko grina piztu zitzaidan. Gai horri buruz ikertzen hastea erabaki nuen. Amaren bitartez raketista baten telefonoa lortu, haren bitartez Madrilgo beste batena... Horrela hasi nintzen bati eta besteari elkarrizketak egiten. Nola jaso zuten raketista izandakoek zure deia? Bitxia izan zen. Guztiek mesfidantzaz hartu zuten nire deia. Bere bizitzan inork ez zien aurretik galdetu raketista bezala egindako bideaz, inork ez zuen interesik agertu eta harrituta geratu ziren. Gaur egun desberdina da, jende gehiago ari da gaia ikertzen, batez ere raketista haien senideak. Baina duela hamahiru urte haien ateak jotzen hasi nintzenean, hasieran mesfidantzaz hartu ninduten. Gerora laguntasun bihurtu zena. Bai, adiskidetasun handia sortu zen gure artean. Ordu asko eman ditut raketistekin hizketan, beren gaztaroa gogoratzen. Askotan galdetzen zidaten, «Elene, honekin zer egingo duzu?», eta nik erantzuten nien ez nekiela, eta, egia esan, hasiera batean ez nekien oso ondo zer egingo nuen informazio horrekin. Saiatu nintzen egunkariren bati istorioa saltzen, baina ez nuen inor konbentzitu. Hasieran nire seme Xabierrekin gidoi bat idazten hasi nintzen, film bat egiteko asmoarekin. Lagun bati ideia aipatu nionean, aholkatu zidan lehendabizi eleberria idazteko, eta, gero, etorri behar bazuen, etorriko zela pelikula. Errealitate baten gainean marraztutako fikzioa da. Bai. Jende askok galdetzen dit raketisten inguruko liburu bat ote den, kirolari buruzkoa. Ez da horrela, nobela erromantiko bat da, baina raketista izandako baten bizitza kontatzen du. Eta sentitzen dut nik raketistekin hartu nuen konpromisoa bete egin dudala, nire modura haien bizitza kontatu dudalako. Pertsonaiak eta istorioa fikziozkoak dira, ez dira benetakoak. Baina pertsonaietan zein gertaeretan nik raketistei jasotakoak daude; haien nortasuna, ausardia, borrokarako grina, aurrera egiteko gaitasuna, pasadizoak, gertaera batzuk... Baina liburuan ez dut jasotzen raketisten bizitza pertsonala. Kontatu zizkidaten gauza asko lagun bezala kontatu zizkidaten eta haien intimitatea errespetatu behar dut. Bizi izan zuten giro politikoa eta soziala ondo islatzen da nobelan. Bai, hori oso presente zeukaten. Kontuan izan behar dugu oso garai konplikatua zela, emakumearentzat oso garai gogorra. Frankismoarekin, emakumearen eskubideak eta aukerak asko murriztu ziren; ezin zuten kontu korronte bat izan beren izenean, ez zeukaten pasaporterik, gaizki ikusiak zeuden soldata propioa zeukaten emakumeak, edozertarako senarraren baimena behar zuten... Emakumeok horri guztiari aurre egin zioten eta hori goraipatzekoa da. Egia da, hala ere, beharragatik egin zutela, ez militantziagatik. Gehienak familia xumeetatik zetozen eta diruaren beharra zeukaten. Raketistentzat bide hori aukera ekonomiko bat zen, aurrera egin eta familiari laguntzeko bide bat, eta horregatik sartu ziren mundu horretan. Hori guztiek aitortzen zuten. Raketistena goi mailako espektakulua zen. 1917an Anabitarte enpresa-gizonak pentsatu zuen emakumeak frontoian sartuz gero, negozio ona izan zitekeela. Horrela hasi zen frontoirik frontoi raketista bila. Eta emakume horiek bide bat ikusi zuten, aukera bat, eta asko saiatu ziren kirol arloan aukeratuak izateko. Madrilen, Bartzelonan, Kanarietan, Errioxan... frontoi mordoa eraiki zen bakarrik emakumeentzat. Espektakulu bat zen; jantziak, apustuak... Raketistak kontziente ziren beraiena espektakulu bat zela, baina, era berean, oso garbi zeukaten kantxara irtetean serio egin behar zutela lana, maila ona eman behar zutela kirolari bezala, bestela ez zutelako aurrera egingo. Kirolariak ziren, goi mailako kirolariak. Euskal Herria raketisten harrobi garrantzitsua izan zen. Bai, hemen pilotan aritzeko tradizioa zegoen eta umetan neskato asko aritzen zen pilotan. Horrek izango du zerikusirik seguruenik. Nik Estatu osoko raketistak ezagutu ditut, madrildarrak nagusiki, eta haiek kontatu zidaten kantxan jokatzeko euskara erabiltzen zutela, euskarazko hitz eta esaldiak. Denek erabiltzen zituzten euskal esamolde horiek, baina, aldi berean, politikoki bakoitzak bere ideiak zituen. Raketisten artean denetarik zegoen; abertzaleak, anarkistak, frankistak... Hori ere jasotzen du zure eleberriak. Aniztasun politikoa egon arren, raketisten artean lotura oso berezia dago. Sekulako leialtasuna zegoen raketisten artean. Ni harrituta eta hunkituta geratu nintzen. Jatorri oso desberdinak izan arren, benetako lagunak ziren, elkar maite eta zaintzen zutenak. Leialtasun hori, gainera, oraindik bizirik dago beren artean. Urtero biltzen dira mahai baten bueltan. Eta guztiek garbi esaten dute, berriz jaioz gero, berriz raketista izan nahiko lukete. Beren garaiko emakumeek baino askatasun handiagoa probatu zuten raketistek. Ez zen akaso aukera kontzientea, baina horren jakitun baziren. Bai, zalantzarik gabe. Normalean ezkondu eta utzi egiten zuten frontoia eta erabaki zaila izaten zen. Batzuek ezkondu eta gero ere jarraitzen zuten jokatzen, baita ama izan eta gero ere. Baina horretarako gogor borrokatu behar zuten garaiko gizartearen arauen eta iritzien kontra. Moskardo jeneral frankistak, adibidez, esan zuen raketistak antzu geratuko zirela kirola egitearen ondorioz eta ezingo zutela haurrik izan. Tira, raketista askok ama izan eta gero ere jarraitu zuen kirol ibilbidea. Izan dira 35 urteko ibilbidea osatu dutenak ere. Askotan raketistek “ezkontza onak” izaten zituztela esaten da; pilotari edo apustulari handiekin ezkontzen ziren askotan. Horietako askok porrot egiten zuten gero, apustuetan galtzen zuten diru guztia, eta raketistak atera behar izaten zuen familia aurrera. 1943. urtean 1.432 pilotari profesional zeuden federatuak, horietatik 734 emakumeak. Datuak hain garrantzitsuak izanik, zergatik ez da kontatu raketisten historia? Frankoren garaian emandako gertaera bat izan zen eta egia da jende askok ez zuela ondo ikusten. Pentsa, euskal raketisten senide askok nahiago zuten alaba neskame joan zela esatea, lotsagatik. Raketista askok ez du bere istorioa kontatu ez zaielako aukerarik eman. Eta haien apaltasuna sekulakoa izan da. Harro zeuden raketista izan zirelako, baina, era berean, apaltasun handiarekin bizi zuten beren bizitzako kapitulu hori. Liburuan ondo jasotzen denez, raketistak oso umeak ziren etxea utzi eta urrutiko frontoiren batera joan behar izaten zutenean. Haustura hori ez zen samurra izaten. Bai, horrela da. Euskal Herritik Madrila edo Bartzelonara joaten zirenean, beste mundu batera egiten zuten salto. Baina hasieran ez ziren bakarrik joaten. Beti izaten zen inguruan amaren bat haiek zaintzera joaten zena eta pisuetan elkarrekin bizi ziren. Baina, hala ere, ez zen pauso erraza, erabat bizitza desberdina abiatzen baitzuten. Nik uste dut horri aurre egiten ziotela beren artean ghetto moduko bat osatu zutelako; frontoian bizi ziren, frontoiarentzat, beste gizonezko pilotariekin mugitzen ziren, elkarrekin bizi ziren... Iruditzen zait beren arteko loturak eta adiskidetasunak lagundu ziela mundu berri eta desberdin horri aurre egiten. Familia batetik beste familia batera pasako balira bezala. Gainontzean, ez zuten harreman handirik frontoitik kanpoko munduarekin. Zure liburuko pertsonaiak haustura sakona eta mingarria bizi du bere herriarekin. Antzekoa pasatu zaie raketistei? Batzuei baietz esango nuke. Ezagutu nuen raketista bat, euskalduna, Mexikora joan eta puntako pilotaria izan zena. Irakasle bezala jardun zuen bertako frontoietan, Euskal Herrian familia utzita. Berak beti esaten zidan bizitza gogorra izan zuela, maite zuen guztia urruti utzi behar izan zuelako. Raketista askok kontatzen zidaten inoiz euskara entzuten zutenean kalean-edo, sekulako mina sentitzen zutela. Egiten zutenarekin zoriontsu bizi ziren arren, barru-barruan sentitzen zuten deserriak eta hausturak mina ematen zien. Zer-nolako harrera izan du liburuak? Mota askotako lagunek irakurri dute nobela eta aipamen asko egin dizkidate. Baina bereziki gordeta daukat emakume errumaniar batek egindako hausnarketa. Esan zidan askotan egin zuela negar metroan liburua irakurtzen ari zela, bere ama eta bere herria gogoratzen. Finean, deserriarena emozio unibertsala da. Eta asko poztu nau nik nire emozio bezala bizitzakoak emozio unibertsal izatera pasatu direlako. Miren Arrue pertsonaia oso sinesgarria da. Belaunaldi jakineko euskal emakume askoren izaera suma daiteke. Pentsa, nire amonaren izena da! Nire familiako emakume asko daude islatuak liburuan; amona, ama, izebak, alaba... Finean, niri kosta egingo litzaidake ezezagunak ditudan emozioak kontatzea eta inspirazioa, askotan, gertu topatu dut. Nobelako emakumeen nortasuna osatzea ez zait asko kostatu, inguruko emakumeei begira osatu dut. Eta gizonezkoen kasuan, berdin. Ni 1961ean jaio nintzen, ikastolen lehenengotako belaunaldikoa naiz... eta horren guztiaren atzean gure aita eta bere erabakiak daude. Finean, non hasten da askatasuna? Norberaren bizitzan hartzen diren erabakietan, nire ustez. Gure aitak hori transmititu zigun. Eta nobelako Simon pertsonaia ere oso gertukoa da niretzat. Nire semeak daukan gaixotasuna dauka pertsonaiak: zefalea kronikoa. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, dagoen minik latzena da. Semeak 31 urte ditu eta 13 urte zituenetik sufritzen ditu buruko minok, ia egunero. Gaixotasun hori dutenen bizitza oso gogorra da, ez dakite inoiz noiz etorriko zaien mina. Eta kanpotik ulertzea oso zaila da. Pertsona normala zara, alaia, eta segundo batetik besterik zure burua akabatu nahi duzu ez duzulako gehiago min hori jasaten. Pertsonaiak gaitz hori izatea oso kontziente egin dudan hautua da, gizarteari erakutsi nahi niolako zein zaila den horrelako gaitz batekin bizitzea. Filmaren aukera zabalik al dago? Bai. Dagoeneko izan ditut horren inguruko pare bat elkarrizketa eta proiektuak aurrera egiteko aukera badago. Argitaletxeak istorioa jaso eta onartu zuenean, adierazi zidan ilusio handiz egin zutela eta proiektu garrantzitsua zela. Gustatuko litzaidake filma egiterakoan ere bide bera ibiltzea; ilusioa pizten dion norbaitekin egitea filmaren proiektua, nik konbentzitu beharra izan gabe. Uste dut bide onean noala. Eta? Hurrengo eleberria? Bigarrenarekin ari naiz. Uste nuen ia amaieran nengoela eta, orain, ez dakit erdia ez ote dudan zaborretara botako [barreak]. Idazketa prozesua horrela da; idatzi, berridatzi eta berriz berridatzi. Bigarrena emakumeen ingurukoa izango da eta Donostian kokatuta egongo da. Niretzat garrantzitsua da liburu batek bide bat erakustea; istorio bat kontatzeaz gain, errealitate bat ezagutzera emateko modua izatea. Raketisten kasuan, hori izan da asmoa eta norabide horretan jarraitu nahiko nuke. «Estatu osoko raketistak ezagutu ditut, madrildarrak nagusiki, eta haiek kontatu zidaten kantxan jokatzeko euskara erabiltzen zutela, euskarazko hitz eta esaldiak»