GAUR8 - mila leiho zabalik
infraganti

SABINA HOURCADE

Donibane Lohizunekoa sortzez, Lapurdi eta Gipuzkoa artean bizi da. Egun, itsasoaren zaintza xede duen Surfrider Foundation Europe elkartean lan egiten du. Fundazioaren Biarritzeko egoitzan elkartuta, larrialdi klimatikoa eta beste zenbait gai izan ditugu hizpide erronka ekologikoa eta diseinuarekiko pasioa uztartzen dituen Hourcaderekin.


Kamera du lagun, betiere off/on diseinuak eskaintzen dituen tresna galeria ia amaigabea ahantzi gabe. Bideogintzaren eskutik, Planetaren aldeko ekimenen oihartzuna biderkatzea izaten da sarritan Sabina Hourcaderi egokitzen zaion misioa.

Surfrider Foundation Europe elkarteak Biarritzen duen egoitzan hartu gaitu Hourcadek, sorkuntzaren eta konpromisoaren arteko mugak alde batera eta bestera zeharkatuz igaro den solasaldia aurrera eramateko. Planetan eragindako zauriak aipatzeko hitzordua egin genuen egunean, eguzkiak gupidarik gabe jotzen zuen azkenaldian fokuen azpian den Biarritzen.

Donibane Lohizunekoa sortzez, Lapurdi eta Gipuzkoa arteko eremuan eman du bizitza gaztetatik gure solaskideak. Hartara, Euskal Ikasketak abiatu zituen Baionako fakultatean, ondoren Andoaingo ESCIVI eskolara jauzia eginez. Ostean, Bordelera jo zuen komunikazio bisualean zuzendari artistiko bilakatzeko eta, jada Surfrider Foundation Europen jarduten zuen bitartean, Parisera user experience desing bezala ezagututako arloa lantzeko.

Surfrider Foundation Europeko eremu naturala kontinente zaharra izanik, sentsibilizazio kanpainak sustatzeko lanean herrialde batetik bestera ibiltzea egokitzen zaio askotan. «Garaiaren arabera, gehiago edo gutxiago bidaiatzea egokitzen zait, baina ohikoa da grabazioak egiteko Euskal Herritik kanpo joan behar izatea», azaldu du.

Garrantzi berezia ematen dio elkarteko kolaboratzaileek, berdin Italian edo Portugalen, martxan ematen dituzten salaketa ekimenak zabaltzeko egiten duen lanari. Finean, beste hainbat alorretan bezala, «klimaren aldeko borrokan ere ezinbestekoa bilakatu delako irudia». Hori bai, ekintzailetzaren eta komunikazioaren artean «tentsio kritikoa» atxikitzeko aholkua ematen du; izan ere, bere ofizioak horrela aginduta, kontzientzia berezia garatu du irudiak duen indarrari buruz, «bai onerako baina baita txarrerako ere».

Ikus-entzunezkoen erresuma gaur egun baino dezente murritzagoa zenean «gizartearen sentsibilizazioa suspertzeko» erabili ohi ziren moduak ezin direla besterik gabe baztertu uste du. «Guztiz baliogarriak dira eskala ezberdinetan burutzen diren ekimenak, eta lehenesten den irizpidea ez da zertan beti izan behar ekintzon dimentsio bisuala».

Bideo zein webguneetan murgilduta ibiltzen den diseinatzailearen arabera, «jarrera osagarriak» lantzea garrantzitsua da. Adierazi duenez, «hasieratik zabaldu nahi dugun mezua eta mezu hori nola barreiatuko dugun, biak ala biak, behar ditugu buruan izan».

Komunikazio formatuen bilakaera gero eta azkarragoa izanik, «morrontza batean erortzeko arriskua badago, eta, gure kasuan, ingurugiroaren aldeko konpromisoa zabaltzeko bidean ahal den eta eraginkorrenak izatea da inoiz ahantzi behar ez dugun irizpide garrantzitsu bat».

Itsasotik haratago

Surfrider Foundation Europe elkartearen irudia itsasoarekin oso lotuta dago. Egoitza Biarritzen kokatzeko hautua bera ere bada konpromiso horren seinale. Hori bai, Hourcadek nabarmendu duenez, urtero garatzen duten itsasertzaren garbiketa operazio famatua ahantzi gabe, elkartearen «eragin eremua zabalduz» joan da.

Hourcaderen ustez, larrialdi klimatikoaren aurrean egun bizi dugun kontzientzien suspertzea ezin da ulertu «hamarkadaz hamarkada, oso bestelako eremuetan, Planetaren suntsipenari aurre egiteko herritarrek sortutako dinamikak eta tresnak behar bezala baloratu gabe». Horregatik, donibandarraren iritziz, urte luzez pilatutako eskarmentuak «sendotasuna» eman diezaioke egun bizi den «olatu berde berriari». Gizartearen eta gizakiaren artean, handiaren eta txikiaren artean, konpromisoak bilatze aldera, «eguneroko keinuak» ekuazioan sartzea ere gomendatzen du Hourcadek.

Donostian bizi da gaur egun diseinatzaile lapurtarra eta, Gipuzkoako hiriburuarekin duen lotura azaltzerako orduan, pasarte berezia azpimarratzen du: barrutik bizi izan zuen Donostiako Piraten eskutik hiriko jai eredua berrasmatzeko «esperientzia ikaragarria». Donibandarrak badu boluntario bezala Donostian bizitako beste esperientzia bat ere, bereziki gogoan atxiki duena; Guardetxean, Urgull mendian kokatuko eremu autogestionatu eta parte hartzailearen eskutik bizi izan zuena, hain zuzen ere. «Hiriari lotu ninduen bizipen garrantzitsua izan zen», oroitu du. «Behetik gorako dinamikak, ezberdinen arteko loturak, herritarren sentimenduak lorpen kolektiboen mesedetan jartzeko estrategiak guztiz balekoak dira». Horrela laburbiltzen du donibandarrak Gipuzkoako hiriburuan bizitako esperientzia horietatik atera zuen ikasgairik nagusia.

Banaka edo era kolektiboan, pertsona da solasaldian zehar web diseinatzaileak marraztu duen erreferentzia nagusia. Hori baita bere lehentasuna kamera atzean denean, baita ordenagailuaren aurrean denean ere errealitate horri «translazio bisuala» emateko asmoz. Horretarako, diseinuaren zein zinemaren munduan garatutako gaitasunak ditu lagun.

Justizia soziala eta justizia ekologikoa uztartuz Estatu frantsesean indar bereziarekin –baita, beste neurri batean bada ere, Euskal Herrian ere– altxatu den mugimendua baikor hartu du. Hori bai, Parisko Gobernutik «ekintzaileen jarduerak saihesteko bidean plantan emandako neurri bortitzek», karrikan adierazpen askatasuna murriztea helburu dutenak, kezka eragiten diote.

Agurreko orduan, arlo pertsonalaren eta dinamika kolektiboaren artean oreka bilatzea xede, benetan egoera iraultzeko «gu geuk dugun botere handiaz» jabetzeko premia jartzen du mahaiaren gainean. «Eguneroko keinu bakoitzarekin ahal dugu botere horren seinalea eman, egunero hautuak hartzen ditugulako, berdin garraio modu bat hobetsiz, berdin produktu bat edo beste erosiz gure platera betetzeko. Botere horretaz jabetzeak sekulako aukerak zabal ditzake Planetak eta gizarteak planteatzen dizkiguten erronkei erantzun berriak emateko». •