GAUR8 - mila leiho zabalik

Zientzia eta teknologia: gizonen kontua soilik?


Duela gutxi, dibulgazio zientifikoko artikulu batean irakurri nuen negoziotzat teknologia-berrikuntza duten enpresak urrats garrantzitsuak ematen ari direla langileen artean arraza, kultura eta genero aldetik aniztasuna lortzeko beren barne-antolaketan. Genero-aniztasunari dagokionez, Googlek, Facebookek, Microsoftek eta abarrek emakume-portzentaje handiak dituzte beren langileen artean –baita goi-mailako postuetan ere–, emakumeak kontratatzeko eta enpresan luze atxikitzeko politika aktiboak dituztelako. Zein da estrategia horren arrazoia? Bada negozio ikuspegia, zeinetan funtsezkoa den emakumeen eta beste kolektibo batzuen ikuspuntua izatea, produktu teknologikoak diseinatzerakoan emaitzak inklusiboagoak eta askotarikoagoak izan daitezen.

Aipatutako artikuluan, enpresa horietan erantzukizun handiak dituzten emakumezkoak elkarrizketatzen zituzten; haien iritziz, goi kargudunen artean emakume kopurua nahiko altua bada ere, oraindik asko dago egiteko. Arlo teknologikoan berdintasuna lortzeko estrategiak markatzen ziren, eta horien artean bat azpimarratuko nuke: garrantzitsua da neskengan teknologiarekiko interesa txikitatik pizten saiatzea, hortxe baitago, nire ustez, hutsunerik handiena. “She Figures 2018” txostenaren arabera, Europar Batasunean, ingeniaritzako tituludun edo doktoreen artean %29 emakumeak dira, eta, konputaziokoetan, berriz, % 21 besterik ez. Ondorioak, noski, lan mundura ere iristen dira, eta emakume zientzialari eta ingeniariak gutxiago dira gizonezkoak baino.

Funtsezkoa da arlo teknologikoetako profesionalei buruz dauden estereotipoak aldatzea eta arlo horietan parekotasuna sustatzea, ikasle emakumezkoak era horretako ikasketak egin ditzaten sentsibilizatzea. Une honetan, badaude helburu horretara zuzendutako ekintzak sustatzen dituzten unibertsitateak: Kataluniako Unibertsitate Irekiak (UOC), esate baterako, gazteen artean teknologia-arloetan bokazioak motibatzeko jardunaldiak antolatzen ditu. Zientzia jarduera humanizatua eta benetan baliagarria dela jendearen arazoak konpontzeko, horixe ikusaraztea da jardunaldi horien helburua. Gainera, argi utzi behar da, nire ustez, zientzia eta teknologia zabalik daudela gizarte-sektore desberdinetako pertsonek parte har dezaten, eta talde-lana funtsezko elementua dela. Azkenik, ezinbestekoa da arlo hauetan paper garrantzitsua bete duten emakumezkoen erreferenteak izatea eta ezagutaraztea.

Hezkuntzako langile garen heinean, antzeko estrategia bat planteatu beharko genukeela uste dut, lehen mailatik hasi eta unibertsitatera bitartekoetan dihardugun agente guztiak koordinatuz, karrera teknologikoetan genero-parekotasuna benetakoa izan dadin. •