GAUR8 - mila leiho zabalik

Jaiak bai, baina ez edonola


Badauzkat lagun batzuk areto eta gaztetxeetatik kanpo kontzertuak ikustea maite ez dutenak. Ez dituzte jaialdi handi zein jaietako kontzertuak jasaten. Horiek ez dira musika taldeen eskaintzaz fundamentuz eta behar den bezala gozatzeko zuzenekoak, haien esanetan. Horregatik uko egiten diete irmotasun handiz modatik, parrandatik eta musikaz harago bestelako ezaugarrietatik ere zerbait baduten musika jaialdiei; eta, ondorioz, txanponaren beste aldean, tarteka, beste modu batean ikusi ezingo dituzten talde interesgarriak galtzen dituzte, baina beraien hautua da eta aurrera egiten dute horrekin.

Jaietako kontzertuei dagokienez, egia da ez direla musikaz gozatzeko testuinguru aproposena: programatzeko orduan bestelako arrazoiak egoten dira tartean eta ordutegiak ere jasangaitzak izaten dira askotan; musikak jaitik eta ospakizunetik ere badu, eta jaiaren eta parrandaren testuinguruan bizi behar da halakoetan. Baina musikazaleak garenontzat uda sasoian ez da apenas beste aukerarik izaten, musikariak eta ikusleak gehiago mimatzen dituzten gaztetxe eta areto gehienek orduan ez dutelako programatzen. Horrela, bada, baliteke gustuko taldea ordu txikietan kontzertuari axolagabe diren mozkorrez inguratuta ikusten ahalegindu behar izatea; edo, esaterako, auzotarrek kantu-afariaren sobremesa noiz bukatu zain egon behar izatea ere. Biak ala biak, aurtengo adibideak dira, besterik gabe.

Baina aitortu behar dut, hala ere, jaietan auzoek zein herriek askotan gustu askoz hobea erakusten dutela programatzerako orduan, aurrekontu handiak eta turismoa –barnealde zein kanpokoa– jomuga duen Donostia gisako hiri txiki bezain handikiarekin alderatuta. Hain zuzen ere, Donostiako Udalak aurten Aste Nagusitarako prestatutako gauetako musika egitaraua lotsagarria izan da hitz xuabe bat erabiltzearren; eta espainola, zaharkitua eta gustu txarrekoa ere adjektibo gutxi batzuk erabilita.

Eskerrak aurten ere, kontrara, Donostiako Piratek alternatiba eskaintzeko ahalegin ederra egin dutela, nahiz eta niretzat aurtengo kartela ez den hain erakargarria izan (gustuak gustu). Hala ere, Donostiak azken hamarkada luzean (gutxienez) bizi duen eraldaketa espekulatzaile beldurgarriari aurre egiten dio ausardiaz herritik sortutako ekimen honek eta meritu handia dauka, itzela. Oztopoz oztopo irmo jarrai dezatela!

Eta Piraten lan erraldoi eta jarrera horren erakusle izan da aurtengo jaietan egin dutena. Izan ere, guk ordaintzen ditugun erakundeek ez bezala, Piratek erantzukizun handiz lezio ederra eman dute pasa den Aste Nagusi honetan eraso sexualei planto egiteko Flamenkako egun osoko egitaraua etenda. Jai gunean dauden pertsonen erdien segurtasuna bermatu ezin bada, ez dauka zentzurik ezer ospatu eta ekintzarik egiteak.

Sinesgaitza dirudi, baina oraindik ere sexu eraso ugari gertatzen ari dira eta horietako batzuk herri ekimenek sortutako jai esparruetan. Lan handia dugu hor egiteko, badirudi azken hamarkadako lanak ez duela emaitzarik ematen, baina atzerapauso asko badaude ere, ezin dugu lortutakoa ahaztu. Horren erakusle da, esaterako, gaur egun gero eta halako eraso gehiago salatzen direla, hori da-eta pauso garrantzitsuena: halakorik erantzunik gabe ez uztea eta gizarteak, gutako edonork, horien aurrean irmo eta azkar erantzutea portaera horiek sustraitik edo errotik geldituz, salatuz eta erasotako pertsonari ahalik eta babes gehien ematen. Protokoloak badaude, jakitun gara, baina falta zaigu erasotakoari ezbairik gabe babesa ematea. Hori ez da hautu bat, hori egin beharrekoa da, hori ezin da zalantzan jarri. Era berean, belaunaldi berriak ondo hezi behar dira guztion oinarrizko bizitza legea bermatzeko; hori gabe ez dago ezer. •