28 SEPT. 2019 infraganti MAITANE ALONSO Maitane Alonso 18 urteko sodupetarrak elikagaien bizitza luzatzen duen makina bat garatu du. Janari soberakinei probetxua ateratzeko nahiak eraman zuen etxeko txoko batera ikertzera, eta, handik, nazioarteko zientzia azoketara heldu da, gazteek mundua aldatzeko duten gaitasuna egiaztatzera. Gakoa, jakin-mina piztu eta hauspotzea. Nerea GOTI Zer egin daiteke jakien bizitza luzatzeko? Galdera potoloa da eta arazoari irtenbidea bilatzeko ahaleginak hamaika ertz izango ditu ziurrenik, goseak kolpatzen duen bitartean elikagai tonak zaramara botatzen baitira mundu global honetan. Planeta osoan, seguruenik, milaka buru arituko dira arazoari behin betiko konponbidea nola eman pentsatzen. Bien bitartean, baina, Euskal Herrian, Sodupen, balizko irtenbide bat sortu da, makina forma du eta 18 urteko gazte batek garatu du. Orain dela bizpahiru urte hasi zen gaiaren inguruan ikertzen Maitane Alonso. Sodupeko gaztea medikuntzako bigarren maila ikasten ari da uneotan Euskal Herriko Unibertsitatean. Asmatu duen makina aurkezten munduko zientzia eta teknologia azoka garrantzitsuenetan egon da azken boladan, baita sariak eta goraipamenak jaso ere. Zientzia erakusleiho horietan ikusi duenarekin harrituta itzuli da. «Ez nekien hainbeste gazte egon zitezkeenik hainbeste ideia zoragarrirekin!», kontatu dio GAUR8ri. Arlo publiko zein pribatutik laguntzak jaso dituzten ikerlari gazte asko ezagutu ditu, baita laguntzarik gabe sekulako proiektuak garatzen dituztenak ere. «Horrek adierazten du gazteok sekulako potentziala daukagula mundua aldatzeko. Egia den arren sarri ez dugula erabiltzen», nabarmendu du. Ildo horretan, aipatu du ulertzen duela gazte askok ikasteko erakusten duten ilusio falta. «Niri ere pasatu zitzaidan, unibertsitatean sartu arte ez nengoen pozik hezkuntza sistemak proposatzen zuenarekin: ez da bultzatzen sormena, jendeak bere kabuz pentsatzea, ideiak izatea... Nire kasuan, ikerketa proiektuak piztu zidan gehiago ikasteko gogoa, baina ulertzen dut batzuk desilusionatuta egotea». Horregatik, Alonsoren ustez, «egungo hezkuntza sistema guztion artean aldatu beharko genuke jakin-mina sustatzeko». Unibertsitatera saltoa ematean igarri zuen aldaketa Alonsok. «Unibertsitatean jakin-mina pizten dizute. Zorte handia izan dut irakasleekin, nire proiektua bultzatu eta ikertzen jarraitzera animatu nautelako». Mikrobiologia saileko laborategiak utzi dizkiote lanerako, eta izugarri eskertzen du laguntza hori, baita unibertsitatearen zein enpresen aldetik jasotako sostengua ere. Zientzia udalekuak Istorio guztietan bezala, hasiera bat dago. Alonsorenaren kasuan, etxean du abiapuntua. Txikitatik hartu du parte Elhuyar Fundazioaren udalekuetan eta zientzia azoketan, eta, beraz, oso gaztetatik izan du ikerketarekiko zaletasuna. Etxean bertan izan zuen elikagaien bizitza luzatzeko makina bat sortzeko ideia. Familia giroko barbakoetan soberakin asko gelditzen ziren batzuetan. «Ez zen bidezkoa hainbeste janari alferrik galtzea. Ikertzen hasi eta ikusi nuen kontserbazio arazoak tarteko mundu osoko jakien herena bota egiten zirela!». Alonsok kontatu duenez, «mundu mailako arazo» bati soluziobide handi bat bilatzeak baino, «zerbait egiteko beharrak» bultzatu zuen bera arazoa ikertzera. Jakien kontserbazio txarrak eragindako gaixotasunen arazoa ere aipatu du Alonsok. «Egun hartzen ditugun gaixotasunetako asko elikagaien kontserbazio txarrak eragindakoak dira. Gainera, epe luzera minbizia eragin dezaketen produktuak erabiltzen dira jakiak kontserbatzeko», azaldu du. «Nik asmatu dudana elikagaiak kontserbatzeko metodo berri bat da, jakien iraungipen-data luzatzen duena. Gainera, ez ditu erabiltzen eragin kaltegarriak eta ezezagunak izan ditzaketen produktu kimikoak», azaldu du. Plastikorik gabe Alonsok asmatutako makinak badu beste abantaila bat: plastikoen erabilera gutxitzen du eta «substantzia kimikoek eragin ditzaketen gaixotasun asko ekiditeko» lagungarria du. Makinaren sorrera ekarri zuen ideien zurrunbiloak etxe ondoko txoko batera eraman zuen Maitane Alonso, inork Steve Jobsen ibilbidearen hasierarekin parekatu duen urrats batean. Izan ere, oso baliabide gutxirekin hasi zen Sodupeko txoko hartan jakien bizitza luzatzeko abentura. Sortutako makinaren funtzionamenduari dagokionez, korapilatsuagoa da gaian aditua ez denarentzat “Aire tratatudun ontziratzea” izena duen makinaren funtzionamendua azaltzea. Alonsok zehaztu duenez, makina sortzeko, deskarga elektrikoak ematen zituen sorgailu bat eta haizagailu bat erosi zituen. Deskargekin airean dauden molekulak bereizten dira, eta, haizagailua, berriz, molekulak produktuaren gainetik bultzatzeko erabiltzen da. «Hala, molekulek ez dituzte mikroorganismoak hiltzen», azaldu du. «Makinak zirkuitu itxi bat sortzen du aire hori bera erabiliz, energia gutxiago erabiltzeko». Formari begira, «txikia baina luzea» den makina bat sortu du etxerako. Erabilerari dagokionez, «plater edo tuper batekin erabiltzea hobe da. Tuperra erdian jarri eta makinan uzten duzu hamar segundoz. Ostean, tapa jartzen diozu eta kito! Janariak lehen baino askoz gehiago iraungo du». Zehaztutakoaren arabera, elikagai guztiekin erabil daiteke. Barazki eta frutekin ere proba egin du Alonsok, eta, dioenez, berehala galtzen diren sagar zatiekin, adibidez, egiaztatu du denbora luzeagoan kontserbatzea lortzen dela. Behin mekanismoa asmatuta, prototipoa garatzea zen bigarren erronka. Horretan ere Sodupeko gaztea ez zen kikildu. Adierazi duenez, hainbat ikastaro egin behar izan zituen eta informazio ugari bildu. Ahaleginak emaitza izan zuen. Kilse, Magma, J-Pack, Eurozon, Harakintza, Luis Thate eta Ameztoi Anaiak enpresen babesa lortu zuen. Enpresok euren instalazioak jarri zituzten gaztearen esku probak egin eta makinaren etxeko bertsio bat sortzeko. Behin makina prest izanda, ezagutzera ematea zen hurrengo erronka. Bada, Alonsok “IAM” bloga sortu zuen proiektua ezagutarazteko. Blogaren izena Alonsoren izen-abizenen laburdura da, atzetik aurrera irakurrita eta ingelesezko esamoldearekin jolas eginez. Azaldu duenez, «bakoitza den bezalakoa izan daitekeela» irudikatu nahi du izenak, «guztiok aukeratu dezakegula gure bidea eta zer izan nahi dugun erabaki». Alonsok hasitako bidea, hori bai, ez da oraindik amaitu. Makina merkaturatu baino lehen «ikerketa sakonagoak» egin nahi ditu orain, bereziki gaixotasun ugari sortzen dituzten patogeno espezifikoekin lotuta. Izan ere, onkologoa izan nahi du Alonsok, txikitatik izan duen ametsa betez. Bere proiektua ere horrekin lotuta dago neurri handi batean. «Konturatu nintzen minbizi kasu asko elikadurarekin lotuta daudela. Pentsatzekoa da minbiziaren aurkako sendagai bat aurkitzeko lanean jende asko ari dela, bada, nik, gaixotasuna aktibatzea ekiditen lagun dezakegula pentsatu nahi dut. Kasu gutxi batzuk soilik balira ere...», azaldu du. Ecofriendly filosofiaz ere aritu da GAUR8rekin. Alonsoren iritziz, egungo sisteman ez da errealista produktu kimiko guztiak eta ontziak desagerraraztea. «Ez da aukera erreala, horregatik sortu nuen metodo hau». Gaineratu duenez, «guztiz naturala da eta irtenbide posible bat gosearen aurkako borrokan. Familien ekonomiarentzat ere positiboa da, dirua aurrezteko». Proiektu berrien zain, oraingoz laborategian sartuta jarraitzen du Alonsok bere egitasmoa hobetzen. Elikagaien kontserbazioa luzatzen da «plastikorik erabili gabe» eta «eragin kaltegarriak eta ezezagunak izan ditzaketeen produktu kimikoak» erabili beharrik gabe Asmatutako makina txikia eta luzea da. Tuperra erdian jarri eta hamar segundoz utzi behar da bertan. Sistema industria erabilerara ere egokitu du, dendei eta industriari begira Sodupeko gaztea oso eskertuta dago jaso duen babesagatik. Gueñesko Udalaren eta inguruko enpresen laguntza jaso du, eta EHUn ere ikertzera eta egitasmoa garatzera bultzatu dute Nazioarteko zientzia azoka ugaritan izan da Maitane Alonso. Gazteek, «laguntzekin eta laguntzarik gabe», mundua aldatzeko duten gaitasuna ikusi ahal izan du bertatik bertara