GAUR8 - mila leiho zabalik

Iruñeko udal frankistaren pailazokeria


Errautsetatik piztia berpiztu da. Azken hauteskundeek gogor listutu digute desagertua omen zegoen frankismoa. Iruñeko udal gobernua hartu berri du eta hasia dute euskararen eta abertzale kutsua duen guztiaren aukako ehiza. Enrique Maya eskuin muturreko alkateak debekatu egin du Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek azaroaren 29an Baluarten egitekoa zuten ikuskizuna.

Iñaki Azkuna Bilbok izan duen alkaterik harro eta atzerakoienak ere 2009an hirukotearen emanaldia zentsuratu egin zuen. Ondorioz, BECen antolatu ikuskizunetan 10.000 haur eta guraso elkartu ziren. Nago biak ala biak ez direla lotsagatik masail gorritu ere egin arartekoek salatu arren erabakiok ideologikoak izan direla.

44 urte ondoren hilobitik atera dutenean, “Franco bizi dute!” uste baino herritar eta alderdi gehiagok, eta zoko usaina darion Nafarroako eskuin muturra sorgin ehizaren politikara itzuli da.

Zer ote da baina alkate jaunak gorrotatzen duena, umeek irri egitea? Irri euskaraz egitea? Euskaraz irri egiten dutenak nabarrismoaren etsai potentzialak izatea? Hauteskunde batzuk nahikoak izan dira koloreztatzen ari zen Nafarroa berriro mende erdi atzera zuri-beltzezko amesgaiztora itzultzeko.

Zentsurak negargura eragin die umeei, baina, malko artetik ere, Maya jauna nor den, “herriko gaiztoa”, helduek baino argiago ikusi dute. Aitortzen dut horrek ene Iruñea zahar maitearen etorkizuna kolore anitzekoa irudikatzera eramaten nauela.

Ziur naiz, orain hamar urte Azkunari bezala, abenduan Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin batera milaka haur nafarren irri eta algarek Enrique Maya frankistari negargura eragingo diotela.