GAUR8 - mila leiho zabalik

Zuretzat mailua, ergela!


Haserretzen zarenean zer zara, mututzen den horietakoa? Ala zumar negartia? Baliteke etxeko sukaldean epaiketa bat muntatzen dutenetakoa izatea, fiskal paperean aritzeko, eztabaida infinitu luzatuz, inor zergatik haserretu den oroitzen ez den arte. Denak isiltzeko garrasi histeriko bat botatzen dutenetakoa izan zaitezke, ala bertze haserretu mota bat. Zarena zarela, rola errepikatzeko joera izanen duzu eztabaidaro, baita zure ingurukoek ere.

Bazkari batean, lankideok bi bandotan banatu ginen, haserre daudenean pasatu arte bakean uztea behar dutenak, eta konpondu arte gauzak argitzen saiatzea behar dutenak. Nola bete bien beharrak, justu kontrakoak izanik?

«Izan fidela zure buruarekin, eta pentsatu iritzi bakar batek balio duela: zureak». Hori da “Bizitza izorratzeko artea” liburuan Paul Watzlawickek ematen duen aholkuetako bat. Idazleak dioenez, edozein bizi daiteke ozpindua, baina bizitza nahita zapuztea ikasi egiten den arte bat da. Adibidez, lagun bati mailua falta zaio eta bizilagunari eskatzea erabaki du. Zalantza sortu zaio: “Ez badit utzi nahi? Atzo ez ninduen sobera jator agurtu. Agian zerbait du nire kontra. Zer izanen da? Ez diot deus egin. Norbaitek tresnaren bat eskatuko balit, utziko nioke. Nola erraten ahal dio ezetz halako mesede erraz bati? Pentsatuko du bere mende nagoela, mailu bat duelako soilik”. Azkenean, lagunak hala oihukatu dio bizilagunari: «Zuretzat mailua, ergela!». •