04 JAN. 2020 VENEZUELA ERASOPEAN (I) Erasoak kanpotik, kontraesanak barrutik Venezuelak pairatzen duen gerra hibridoaren eragin larriak agerikoak dira Caracas hiriburuko zein landaguneetako herritarren egunerokoan. Blokeoari aurre egin ahal izateko, duintasun eta tinkotasuna erakustetik harago, venezuelarrak zenbait hutsune eta kontraesan endemikori aurre egin beharrean ere badira. Iñaki Etaio Venezuela ez da sozialismo bolivartarraren paradisua, ezta hondamendi humanitario betean murgildutako diktadura ere. Irudi sinplifikatzaile hori emanda ez dago inolako asmorik erdibidean jartzeko. Prozesu eraldatzaile guztiak arriskuz, oztopoz eta kontraesanez beteta daude. Kontraesanak aldaketaren motorra dira. Eta Venezuelan gertatzen ari dena horixe da: egoera oso zailean dagoen prozesu askatzaile bat, bere lorpenekin, ekarpenekin, akatsekin eta konplexutasunarekin. Askapenaren brigadak aukera eman digu AEBen inperialismoaren ofentsibak herritarren artean dituen ondorioak gertutik ezagutzeko, baita prozesuaren konplexutasunera hurbiltzeko ere. Blokeo ekonomikoa Venezuelako herriaren kontra AEBetatik ezarritako blokeo ekonomiko eta finantzarioa gerra hibrido baten parte da, beste agresio mota batzuekin konbinatuta: gerra diplomatikoa Venezuela bakartzeko, gerra mediatikoa errealitatea eta chavismoa desitxuratu eta interbentzio bat justifikatzeko, gerra psikologikoa herria etsipenera eraman eta kaleak desegonkortzeko, sabotajeak ekonomia eta bizitza zailtzeko, eraso paramilitarrak chavistak hil eta terrorea zabaltzeko... Venezuelari ezarritako blokeoak alderdi “makro” asko biltzen ditu: transakzio finantzarioak egiteko ezintasuna, atzerrian dauden aktibo ekonomikoen blokeoa, kanpoko inbertsioak eragoztea, AEBetan dauden enpresa venezuelarren interbentzioa… Celag Latinoamerikako Geopolitikako Estrategia Zentroaren kalkuluen arabera, blokeoak 245.000 eta 350.000 milioi dolar arteko galerak suposatu zituen 2013 eta 2017 artean (venezuelar bakoitzari 8.400 eta 12.100 dolar artean). Kaleko ekonomiara jaitsiz, ezinbestekoa da aipatzea egoera auzoz auzo asko aldatzen dela. Caracaseko ekialdeko auzoetan (erosteko ahalmen handiagoa dutenak) produktuen gabezia gutxi sumatzen da eta luxuzko produktuak ez dira falta. Europako likoreak, urdaiazpiko iberikoa, kosmetikako produktuak... arazorik gabe eros daitezke; horretarako diru nahikoa izanda, noski. Aldiz, herriarentzako oinarrizko produktuek ez dute erraz inperialismoak jarritako oztopoak eta esportatzaileei egindako presioak gainditzea. Ondorioz, produktuen faltak, prezio altuek edota gauzak erosteko ilaran eman beharreko denborak lehen oso sinplea zena benetako ardura bihurtu dute gehienentzat. Estrategia argia da: herria sufriarazi, gatibu hartu, itxaropena galarazi, errendiarazi, azkenean etsipenak herria kalera atera dezan Gobernuaren kontra protestatzera. Azpiegituren eta elektrizitate sarearen aurka egon diren eraso zuzenez gain, ordezko piezen gabeziak mantentze-lanak eskasak izatea dakar eta, ondorioz, hornidura falta, zeharkako sabotajetzat har daitekeena. Garraioan ere nabarmenak dira ondorioak, auto gutxiago izatean, arazoak handiak baitira garraio publikoan. Elektrizitate mozketak ere ia eguneroko kontua dira eta, argi faltatik haratago, aktibitate asko geldituta geratzen dira: lanpostu askoren jarduera, Caracaseko metroa, ur-ponpatzea, hozkailu eta tresna elektronikoak, komunikazioak... Monetaren kontrako erasoa ere erabatekoa da, eta eraginak herriak pairatzen ditu, batez ere dolarrak lortzerik ez dutenek. Diruaren debaluazioa hain da azkarra, DolarToday atarian bolivarraren eta dolarraren arteko trukea zenbatean den begiratzea herritarren bizitzaren parte bihurtu dela. Poltsikoetan sartzen ez diren billete-sortekin dendetan ordaintzea bera ere egunerokoaren parte da. Diruaren prezioaren gaineko segurtasun eza itzela da eta venezuelarrak ezin du jakin epe motzean zein balio izango duen daukan diruak. Paraleloki, prezioak etengabe igotzen dira. Sektore pribatuak prezioak ezartzeko botere handia du eta Gobernuaren erantzuna nahikoa epela da. Eta horri gehitu behar zaio bachaqueo fenomenoa: populaziora bideratutako produktuak bidean atzematea, hartzaileari berari edo beste norbaiti askoz prezio handiagoan saltzeko. Bachaqueo-a benetako minbizi bilakatu da, jendearen gabeziez aprobetxatzen direnak ez baitira falta. Fenomenoak, noski, kezka eta haserre handia sortzen ditu. Osasuna eta elikadura Historian zehar setio egoeretan egin izan den bezala, herria belaunikatu nahi dute gosez, egarriz eta gaixotasunez. Blokeoak medikamentuak eta medikuntza-ekipoak lortzea oztopatzen eta garestitzen du maiz, eta, beste batzuetan, ezinezko bihurtu. Beste estatuekiko dependentzia ahultasun handia bihurtzen da medikamentuen kasuan. Are gehiago kontuan izanda %34 AEBetatik inportatzen zirela. Eta Trump Administrazioaren presioek beste estatuetako konpainiekin sinatutako kontratuak ere bertan behera geratzea lortu dutela. Nahiz eta Gobernua beste potentzien bidez printzipio aktiboak, medikamentuak eta ekipamenduak lortzen saiatzen den osasun zentroak, ospitaleak eta farmaziak hornitzen saiatzeko, askotan ez du lortzen, eta ondorioak oso gogorrak dira. Diabetesa edota hipertentsioa duten lau milioi venezuelarrek ez dituzte erregularki jasotzen beharrezko dituzten medikamentuak. Hiesa duten 80.000 lagun antiretrobiralak jaso gabe geratu ziren 2017an. Minbizia duten 16.000 lagun daude beharrezko tratamendua jaso ezinda. Dialisia behar duten 16.000 lagun ziurgabetasunean murgilduta daude. AEBetan osasun arloko blokeoa indartzen duen neurri bat sinatzen den bakoitzean, heriotza kondenak sinatzen dira. Elikadurari dagokionez, bertan behera utzi behar da zabaldutako gezur bikoitza: Venezuelako Gobernuak herria gosetera kondenatzen du. Alde batetik, goseterik ez dagoelako, familia batzuetan otorduak ziurtatzeko estu ibili arren. Beste alde batetik, gezur biribila delako Venezuelako Gobernua denik janari eskasiaren erantzulea. Blokeoaren eraginez, 2013tik 2018ra elikagaien inportazioa 11.200 milioi dolar izatetik 2.460 milioi dolar izatera pasatu zen. Horrez gain, elikagaien hornikuntza falta eta garestitzea izan dira oligarkiak erabilitako tresnetako bat Chavezek prozesu eraldatzailea hasi zuenetik. Janaririk gabe inor ez geratzeko asmoz, Gobernuak 2016an CLAPak sortu zituen, hau da, Comités Locales de Abastecimiento y Producción edo Hornikuntza eta Ekoizpeneko Batzorde Lokalak. Auzoz auzo sortutako batzordeon bidez, zailtasunak zailtasun, familia bakoitzari elikagai kutxa bat ematen zaio ekoizpen eta inportazio kostutik beherako prezioan. Kutxan arroza, olioa, arto-irina, azukrea, lekaleak, pasta edota ontziratutako arraina topa daitezke, mota eta kantitatea erregularra ez bada ere, produktu asko atzerrian ekoitzita baitaude eta, beraz, ez dira libratu inperialismoaren jazarpenetik. 2019ko maiatzean CLAPen idazkari nagusiak jakitera eman zuen Venezuelara elikagaiak eramaten zituzten hamabi ontzi-enpresetatik hamarrek zigorrak jaso zituztela. Horrez gain, ordaintzeko zailtasunek asko atzeratzen dute erosketa prozesua. CLAPek banatutako kutxetan kondentsatzen dira Venezuelako arazo eta errealitate asko: Gobernuaren ahalegina guztiek oinarrizkoena izatea ziurtatzeko, blokeo inperialistaren efektuak, elikagaien ekoizpen atzeratua, inportazioekiko erabateko dependentzia, kontrol falta eta bachaqueo-a. Elikagaiak ekoiztea, funtsezko Latinoamerikako beste herrialde askorekin gertatzen den bezala, Venezuelako ekonomia menpekoa izan da historikoki. Kolonialistek inposatutako monolaborantzak baldintzatu zuen guztiz ekonomia eta egitura soziala. Kolonialismo europarretik AEBen «atzeko patioa» izatera pasatzean, ekonomia dibertsifikatzeko aukerak eragotzi zituzten estatubatuarrek. Ondorioa argia da: XXI. mendean herri latinoamerikar askoren dependentzia erabatekoa da, baliabide naturalen erauzketan eta lehengai ekoizpenean guztiz oinarritutako ekonomia baitute. Venezuelan badago beste faktore bat garapen ekonomikoa guztiz baldintzatu duena: petrolio-erreserba erraldoiak. 1920ko hamarkadatik aurrera, ekonomia gero eta gehiago lerrokatu zen petrolioaren atzean, estatu errentatzaile bihurtzeraino (2010eko hamarkadan diru sarreren %95 petrolioari lotuta zeuden). Labur-labur azaltzeko, Venezuelak petrolioa esportatzen zuen eta lortutako diruarekin den-dena inportatzen zuen, nekazaritzaren eta elikagaien ekoizpenaren kalterako. Hamaika nekazarik atzean utzi zuen lanbidea, landak, pilatutako jakintzak eta nekazaritza kultura bera galbidera eramanez. Hiri handietara abiatu ziren lan bila eta kanpoaldeko auzoetan pilatu, hirigintza planik gabeko ranchito-ak. Estatuak historikoki izandako utzikeriak arazoa hazten utzi zuen, bazterketarekin lotutako fenomenoak areagotuz: «biharko egunera begirako» errealitatea, familia-desegituraketa, eskolatze eza, delinkuentzia, indarkeria, droga-trafikoa… Errealitate horren gainean hasi zen Chavez bere proiektua eraikitzen. Herriak benetako subiranotasuna izateko elikatzeko autosufiziente izatean arreta jarri zuen Chavezek, baita herriari antolatzeko eta ekoizteko baliabideak ematen ere. Hala ere, lur pribatuak berreskuratzeko emandako pausuak nahikoak ez izateaz gain, ekimen estrategiko horrek ohitura hondagarriekin egin zuen talka. Aurrerapenak izan arren, egindako inbertsioak ez zuen izan bilatutako ondorioa. Zarrastelkeria, formazio politiko eta kontzientzia falta, antolaketa eskasa eta kontrol falta errotuegi daude eta, hein handian, aukera ederra galdu zen autosufizienteagoak izan eta etorriko zen eraso ekonomikoari egoera hobean erantzun ahal izateko. Egun elikagaiak ekoiztea benetako erronka da, borroka ezinbestekoa. Arazoak arazo, amore eman gabe Blokeoak ez du lortu krisi humanitarioa eragitea, baina sufrimendu handia bai. Europan antsietate krisi bat sortuko balu ere, venezuelar gehienek aurre egiten diote egoerari beren idiosinkrasia partikularretik eta pazientzia, etsipena eta duintasuna uztartuz. Era berean, krisia ez bada handiagoa chavismoari esker da. Gobernuari oinarrizko beharrak asetzeko ahalegina aitortu behar zaio. CLAPak dira adibide onena. Edozein kasutan, ez ziren posible izango herri antolatuaren egituren laguntza gabe. Antolaketak erraztu du salbuespen egoerari aurre egitea, diagnosi eta prebentzio lana eginez eta programa sozialak bideratuz. Kritikez harago Madurok mantentzen duen herri sostenguak, chavismoaren antolaketak eta sektore zabal baten kontzientzia mailak ekidin dute beste herri batean aspaldi matxinada bat litzatekeena. Venezuelar asko erresistitzeko prest daude. Argi dute defendatzen ari direna beren herriaren subiranotasuna dela. Estrategia argia da: herria sufriarazi, gatibu hartu, itxaropena galarazi, errendiarazi, azkenean etsipenak herria kalera atera dezan Gobernuaren kontra protestatzera Diruaren prezioaren gaineko segurtasun eza itzela da eta venezuelarrak ezin du jakin epe motzean zein balio izango duen daukan diruak. Paraleloki, prezioak etengabe igotzen dira Sektore pribatuak prezioak ezartzeko botere handia mantentzen du eta Gobernuaren erantzuna nahiko epela da. Tamalez, jendearen gabeziez aprobetxatzen direnak ez dira falta Gobernuak herria gosetera kondenatzen duela gezurra da. Batetik, zailtasunak zailtasun, ez dagoelako goseterik. Bestetik, gezurra delako Gobernua denik janari eskasiaren erantzulea Madurok mantentzen duen herri sostenguak, chavismoaren antolaketak eta sektore zabal baten kontzientzia mailak ekidin dute beste herri batean aspaldi matxinada bat litzatekeena