11 JAN. 2020 Garapen iraunkorrerako teknologia Montse Maritxalar UPV/EHUko Informatika Fakultateko irakaslea Pasa berri den astean, 2020ko urtarrilaren 7tik 10era, nazioarte mailan kontsumo-teknologiaren negozioan liderrak diren edota aurrera egiten duten agente komertzialak bildu dira mundu mailako kontsumo-teknologiaren elkarteak (Consumer Technology Association) antolatutako urteroko topaketan. Teknologiaren azken berrikuntzen erakustokia da Las Vegaseko elektronikaren kontsumoaren CES (Consumer Electronics Show) erakusketa: adimen artifiziala, hiri adimentsuak, garraiorako droneak, konektatutako telebista, osasun digitala… Horrez gain, “inklusio”, “dibertsitate”, “genero” eta “iraunkortasun” hitzak ere agertzen dira gai-zerrendetan. Iraunkortasuna diotenean, energiaren efizientziaz, birziklatzeaz eta material teknologiko iraunkorrez ari dira; baina hori al da garapen iraunkorrerako teknologia sustatzea? Nazio Batuen Batzar Nagusiak ondorengo hamazazpi helburuak onartu zituen 2015eko irailean Garapen Iraunkorrerako 2030 Agendan: pobrezia desagertzea; goserik ez izatea; osasuna eta ongizatea; kalitate oneko hezkuntza; genero-berdintasuna; edateko ura eta saneamendua; energia eskuragarri eta ez-kutsatzailea; lan duina eta hazkunde ekonomikoa; industria, berrikuntza eta azpiegitura; desberdintasunak murriztea; hiri eta komunitate iraunkorrak; ekoizpen eta kontsumo arduratsua; klima babesteko ekintza; uretako bizitza; lehorreko bizitza; bakea, justizia eta instituzio sendoak, eta, azkenik, itunak helburu horiek guztiak lortzeko. Beraz, garapen iraunkorrerako teknologiak aipatutako helburu horiek guztiak izan beharko lituzke aztergai. Teknologiak paper garrantzitsua betetzen du munduaren garapen iraunkorrerako prozesuan, bai ingurumena babesteko, bai klima-aldaketa geldiarazteko, bai gizarteratze-prozesuak errazteko, baita garapen ekonomikoa hobetzeko ere. Izan ere, informazioa eta komunikazioaren teknologian (IKT) espezializatutako International Telecommunication Union (ITU) izeneko Nazio Batuen barruko erakundeak IKTen gaineko txostena idaztean garapen jasangarrirako aipatutako hamazazpi helburuak izan zituen ardatz (“Fast-forward Progress: Leveraging tech to achieve the global goals”). Txosten horretan, besteak beste, datu masiboen erabilera aztertzen da politikaren diseinua zein erabaki hartzeak hobetzeko. Horrez gain, animalien migrazioak zein ingurunearen aldakortasuna aztertzeko satelite bidezko kartografiaren erabilera aipatzen da. Eta munduko edozein biztanleren aukera berdintasunak bermatzeko populazioaren kartografia ere aztergai da. 2020ko bigarren aste honetan ere, 25 herrialdetako Bigarren Hezkuntzako 700 gazte bildu dira ITUk antolatutako gailur teknologikoan, hau da, Genevan antolatu den etorkizuneko iragarleen gailurrean. Bertan, garapen iraunkorrerako hamazazpi helburuak lortzeko teknologiak izan dezakeen papera eztabaidatzen ari dira: zibersegurtasuna, konpetentzia digitalak, adimen artifiziala, ingurumena, irisgarritasuna, haurren online babesa eta hezkuntza dira, adibidez, lantzen ari diren gaietako batzuk. Gazteak etorkizunaren agente nagusienak direnez, ezinbestekoa da beraien kezkak, ideiak eta ekimenak kontuan izatea 2030 Agendan zehazten diren garapen iraunkorrerako helburuak lortu nahi badira. Garapen iraunkorrerako teknologia ez da energiaren efizientzia, birziklatzea eta material teknologiko iraunkorra soilik. Horiek guztiak baino haratago doan kontzeptua da. Beraz, zenbateraino garapen iraunkorraren planteamendua errotuta dago teknologiaren garapenean? Industriak garatzen duen teknologiaren atzean benetako planteamendu iraunkorra egiten al da? Ikerkuntzan aritzen garenok garapen iraunkorrerako helburuak presente al ditugu gure lana bideratzean? Eta hezten ari garen etorkizuneko iragarle ameslari gazteei garapen iraunkorrerako teknologiaz hausnartzeko tresnak eta bideak aurkezten al dizkiegu? •