GAUR8 - mila leiho zabalik

Twitter sutan


Azken asteetan ugariak izan dira komunikabide tradizionaletan emandako berriei Twitterren kritika egin dieten mezuak. Kritikei erantzun ere egin diote berriemaileek, Twitterren bertan. Eztabaida puntualetatik harago, interesgarria iruditzen zait ikustea zer den kritikagarri berri-emate batean. Alegia, ikustea zer den kazetari bati eskatzen dioguna honetaz edo hartaz berri bat ematen duenean, eta zer den onartzen ez dioguna.

Duela hilabete inguru, Sortuko lau kide atxilotu zituen poliziak. Horren berri ematean, ETB2ko kazetari batek esan omen zuen «ETAko lau kide» izan zirela atxilotuak. Berehala etorri ziren kritikak Twitterren. Duela hamar bat egun, berriz, “El Diario Vasco”-n albiste zabala argitaratu zuten, Usurbilgo San Juan suak Zaldibarko suteek baino hamar aldiz dioxina gehiago sortu zuela esanaz. Twitter sutan piztu zen: albistean esaten zena gezurra zen. Eta, hori denok dakigu, kazetari batek ezin du gezurrik esan albiste bat ematean.

Bi kasu horietan, ziztu batean erantzun zuten bi kazetariek, txioari txioz erantzunez. Arrazoi zuten kritikoek: berriak ematean esan zutena ez zen zuzena, eta berehala eskatu zuten barkamena. Orain, ez zitzatela, mesedez, sutan kiskali: ez zuten gezurrik esan; okertu egin ziren, eta hori oso desberdina da. Desberdina da, bai. Gezurra esatean eta okertzean, bietan egiten dugu gauza bat berdina: faltsua den zerbait esaten dugu. Hortik aurrerakoak, ordea, oso desberdinak dira bi kasuetan: gezurra esan duena jakitun da faltsutasun horretaz, eta asmo osoz esan du faltsua dena, bestea engainatzeko. Okertu egin dena, aldiz, ez da jabetu zerbait faltsua esaten ari zela eta, beraz, ez zuen inori ezer faltsua sinetsarazteko inongo asmorik.

Aldea handia da, eta kazetariaren asmoetan datza alde osoa. Faltsua den zerbait esan dute biek ala biek, baina, zein asmo zuten hori esatean, hori kazetariek dakite. Bien argibideak bide horretatik etorri dira: ez dira beren okerraz jabetu, ez zuten asmo makurrik. Gainerakook, sinetsi ala ez sinetsi, horixe egin dezakegu.

Beste kasu bat ere izan da duela hogei bat egun, berriro ere Zaldibarko gaiari lotuta, eta oraingoan Euskadi Irratian emandako albiste bati buruzkoa. Albistegiaren hasieran Zaldibarko gaian ETA nahastu izana kritikatu zioten albistea eman zuen kazetariari. Kazetariak, honek ere Twitterren, ezetz erantzun zion kritikoari: EAJk salatutakoa (ETA tartean zela, alegia) aipatu zutela albistegian, ez besterik. Beraz, ez zegoen ez okerrik, ez gezurrik: kazetariak ez zuen ezer faltsurik esan, egia baita EAJk hori salatu zuela. Eztabaidan urrats bat aurrera egin zuten kritikoek, ordea: arazoa ez da berria ematean zer esan zuten, baizik eta horri albistean lekua eman izana zen kritikagarria. Zerk merezi duen albiste izatea eta zerk ez, hortxe eztabaida.

Esaten dugun guztia esaten dugu zerbaitegatik. Bestearentzat «errelebante» iruditzen zaigulako, esango luke komunikazioaren teoria handi batek. Inor ez zaio lagunari gerturatzen eta «olagarroek hiru bihotz dituzte» esaten, horrela, besterik gabe, zergatik eta esandakoa egia delako. Albistegietan, berdin eta are nabarmenago: entzule masa handi batentzat gai bati buruz zer den errelebante erabaki behar du kazetariak.

Auzi baten inguruan posizio kontrajarriak daudenean, ahotsa nori eman izaten da erabaki beharreko kontu bat. Gure demokraziarako joera itsuan, askotan pentsatzen da alderdi guztiei berdin eman behar zaiela ahotsa. Horrela jokatzen dute, esaterako, hedabideetako eztabaida askotan: zerbaiten alde eta kontra daudenak, biak eseri mahaiaren bueltan eta biei ireki mikrofonoa. Aspaldi antzeman zaio joera horri bere okerra, ordea: erakutsia badago homeopatia iruzurra dela, ez da bidezkoa hedabide batean, mahaiaren bueltan, mediku bat eta homeopata bat esertzea. Bigarrenari, merezi ez duen zilegitasuna ematen dio mahaian esertze hutsak. Zerbait faltsua defendatzen duenak ezin izan dezake zerbait egiazkoa defendatzen duenak duen eskubide bera hedabide batean albiste izateko.

Ez dakit, agian oker nago. Gezurrik ez dut esan, hori seguru. •