GAUR8 - mila leiho zabalik

«Coronacircus»


Dibertimendu berri bat iritsi da gure artean luzerako geratzeko. Beste hizpiderik ez dago lantokiko edota eskolako patioko solasaldietan. Asterixen komikietako pertsonaiaren izena duen izurriteak atzean utzi ditu alderdi hegemonikoarentzat ezerosoak izan zitezkeen beste afera batzuk. Iritzi publikoaren arreta desbideratu du, noiz eta hauteskunde kanpainaurrean. Izan ere, gripea madarikazio jainkotiarra da, nonbait, gizakien borondateari ihes egiten dion zigor zerutiarra. Berez, ez luke zertan zipriztindu gobernuko gidaritza orbangabea.

Zaldibarko hondamendiaz aginteko alderdiak egin duen kudeaketa eskasa albistegietako azken interesgunera zokoratu dute, bitxikerien eta kirolen artean. De Miguelena bezalako ustelkeria auziek, zer esanik ez, iragan urruneko kontuak dirudite. Eta Osakidetzako oposizioetako iruzur sistemikoak. Eskandaluzko beste kasu batzuk, berriz, isilarazi egin dituzte, erabat; hala nola, Bilboko portuan aldiro ontziratzen dituzten Saudi Arabiarako armak, edota EAEko gobernuaren diru publikoaren partaidetzaz Palestinako okupaziorako azpiegiturak eraikiko dituen CAF enpresarena.

Baina, kontrako kalkulua egina bazuten ere, zorigaiztoko birusak ere lotsariak bistan utzi ditu ustezko kudeatzaile paregabeak; ez mundu mailako pandemia baten errua erkidegoko gobernuari leporatu dakiokeelako, baizik eta izurriak agerian utzi duelako osasun sistema publikoa urtez urte azpikontratatzeko politika pribatizatzailea. Denok pairatu dugu noizbait osasun zerbitzu publikoetako baliabideen murrizketa, hilabeteetako itxaron zerrendak, mediku falta osasun zentroetan, ordutako itxaronaldiak larrialdi zerbitzuetan... eta azkenean iritsi da birusa, eta eremu ongarriztatua aurkitu du: osasun sistema publiko deuseztatu bat, alderdi hegemonikoaren kudeatzaileei esker. Orain gestore horiek agintetik botatzeko aukera dugu... edo, bestela, Jainkoak eta lege zaharrek konfesatuta harrapa gaitzatela. •