GAUR8 - mila leiho zabalik
LINA BEN MHENNI

Gaixotasun batek eraman du Tunisiako blogaririk ezagunena


Lina Ben Mhenni emakume iraultzailea urtarrilaren 27an hil zen Tunisian. Zine El Abidine Ben Ali diktadorea kargutik kentzea eragin zuen giza mugimenduan sekulako garrantzia izan zuen eta azken egunetan ere urteotan herrialdean hil dituzten iraultzaileak zituen gogoan.

Gaixotasun luze batek eraman du Tunisiako blogaririk ezagunena. Giza eskubideen aldeko ekintzaile aparta, herrialdeko diktadoreak ihes egin ondoren Bakearen Nobel Saria jasotzeko proposatu zuten bere izena 2011n.

Ben Ali erabateko diktadore zen garaian oso arriskutsua zen haren erregimenaren gehiegikeriak salatzea, Interneten bazen ere. Baina berak horixe egin zuen. Herrialdeko nekazaritza eremuetan protestaldiak hasi zirenean, bere kamera txikia hartuta herriz herri ibili zen, Ben Aliren aurkako lehen manifestazioen berri sare sozialen bitartez zabaltzeko. Erietxe txikiak bisitatu zituen, poliziek zauritutako manifestariei argazkiak egiteko. Gobernuari leporatu zion egun haietako indarkeria guztia. Sidi Bouzid herriko lehenengo manifestazioak jaso zituen, baita Kasserine eta Regueb herrietan egindakoak ere, segurtasun indarrek sarraski bat baino gehiago egin zituzten egunetan hain zuzen ere.

Berak zabaldu zituen irudiak eta lekukotasunak oso garrantzitsuak izan ziren tunisiar ekintzaileentzat zein nazioarteko hedabideentzat.

Tunisiako neska bat

“A Tunisian Girl” izeneko bloga frantsesez, ingelesez eta arabieraz idazten zuen Lina Ben Mhennik.

Diktadorea oraindik agintean zegoela, bere benetako izena aipatzen zuen blogari bakarra izan zen Mhenni. Garai hartan, 2010eko maiatzean, Tunisiako Gobernuak Interneten ezarri nahi zuen zentsuraren aurka eta makina bat hedabide ixtearen kontra egin ziren protestaldien antolatzaileetako bat izan zen.

Diktadorea kargutik kendu ondoren, demokrazia indartzeko ekimenetan esku hartu zuen. Gobernu berriak hedabideen eta informazio eskubidearen inguruan onartu nahi zituen erreformei buruzko eztabaidetan esku hartu zuen, dimisioa aurkeztu zuen arte.

Ennahda alderdi islamistaren kontraesanak ere blogariaren jomugan zeuden. «Diskurtso bikoitza» erabiltzea egotzi zien islamistei: gauza bat esaten zuten buruek hedabide tradizionaletan, eta oso bestelakoa bestelako komunikabideetan.

AEBetako CNN kateari 2014an esan zion diktaduraren ondorengo urteetan egin zuen ekintzaile lanaren eraginez, mehatxu ugari jaso zituela eta Poliziaren babesa eskatu beharrean izan zela.

Analista batzuek esan izan dute Tunisiakoa «Interneteko iraultza bat» baino ez zela izan, baina zendutako ekintzaile ezaguna ez zetorren bat. Berak gogorarazten zuen Ben Ali kargugabetu zuen giza mugimenduak kalean egiten zituela mobilizazioak, eta diktadoreak bidalitako indar armatuen aurrean eutsi egin behar izan zutela. «Mundu digitalean egindako ekintza benetako munduan egindakoekin konbinatu behar da. Zeure profilean esaldi bat jartzea, bideo bat eskaintzea edo hashtag bat partekatzea ez da nahikoa, kalean egin behar duzu lan, jendea ezagutu eta manifestazioetan esku hartu», adierazi izan zuen blogariak.

Etxean ikasi zuena

Lina Ben Mhenniren gurasoek ere bazekiten ekintzaile izatea zer den. Sadok aita preso politikoa izan zen eta Amnesty International giza eskubideen aldeko erakundeak Tunisian eratu zuen adarraren sortzaileetako bat izan zen. Emma ama, berriz, ikasle mugimenduan aritu zen.