GAUR8 - mila leiho zabalik

Gatazka armatuak Covid garaian


Covid eta konfinamendu egun eta asteotan munduaren eta gizakiaren izaeraz eta etorkizunaz hainbat gauza irakurtzen ari gara. Inork ez daki oso ondo zer gertatuko den, baina aldaketa sakonak omen datoz, horretan erabateko adostasuna dago. Edalontzia erdi beteta edo erdi hutsik ikusteko bakoitzaren joeraren arabera, batzuek garai erdi apokaliptikoak iragartzen dituzten bitartean, beste batzuek birusa gure izanaren eta egiten ari garenaren inguruan pentsatu eta etorkizun hobea eraikitzeko behar genuen aukera eskaintzera etorri dela diote. “Ara” egunkari katalaneko zuzendaria zen eta gazte joan zitzaigun Carles Capdevillak haurren heziketan umorea funtsezkoa zela argudiatzen zuen, behin eta berriz, eta esango nuke bizi dugun egoeraren aurrean ere horrela dela.

Ez da batere erraza Covid garaiotan ordenagailuaren aurrean eseri eta azken asteotan gaiari buruzko hamarnaka artikulu irakurri ondoren zurea idazten hastea. Irakurle bezala ere zaila egiten zait koronabirusa aipatzen ez duen artikulu interesgarririk aurkitzea. Saiatuko naiz bi ikuspegiok uztartzen, esango didazue lortu dudan.

Martxoaren 23an Nazio Batuetako idazkari nagusi Antonio Guterresek munduan zehar dauden nazio askapen mugimenduei eta talde armatuei dei orokorra egin zien, Covid-19ak sorturiko egoera tarteko, su etenak ezar zitzaten bakeari aukera bat emanez. Orduan, berria irakurri nuenean, ez nuen pentsatu eskaerak erantzun positibo ugari jasoko zituenik. Borroka armatuan diharduten taldeetako kideak haien eguneroko zailtasunetan imajinatu nituen, eta ez nuen pentsatu beren jarduera eta egunerokoa dei horren arabera moldatuko zutenik. Hara, geroztik ugari dira modu positiboan erantzun dutenak, besteak beste, Kolonbiako ELN, Thailandia hegoaldeko Pataniar BRN eta Myanmarreko zenbait talde armatu. Anbazonia (Kamerun), Hego Sudan, Sudan, Libia, Afganistan, Filipinak, Yemen, Siria eta beste zenbait herrialdetako hainbat talde armatuk ere su etenak iragarri dituzte. Gobernuen edo beste aldearen erantzunak askotarikoak izaten ari dira. Baina aldeetako batek, edo biek, su etena emateak ez du berez ekartzen gatazkaren konponbidea. Baina Nazio Batuek badute modu positiboan erantzun dutenekiko ardura moral eta politikoa, eta, emandako lehen urratsoi erantzunez, gatazkon erroetara begiratuko duten elkarrizketa eta negoziazio prozesuen alde lan eta presio egin beharko lukete.

Ez dut uste aurrekaririk dagoenik. Ez dut uste inoiz mundu osoko hainbeste talde armatuk aldi berean su etenak iragarri dituztenik. Hori ere profitatu beharko litzateke: norbere esperientziatik besteen prozesuetan modu positiboan eragin eta lagundu. Gobernuek, estatuek haien politika eta erabakiak partekatzeko hainbat foro dauzkate, baina ez nazio askapen mugimenduek. Bide horretan ibili direnek badakite zein garrantzitsua eta lagungarria den zure antzeko izaera eta bidea egin duen beste giza talde baten esperientzia ezagutzea. Egia da ez daudela bi gatazka berdin eta ondorioz ezin direla besteen prozesuak kopiatu, baina egia da ere zailtasunak, beldurrak, arriskuak eta mehatxuak oso antzekoak direla kasu guztietan. Baita bizitza eta mundua begiratzeko betaurrekoak ere. •