GAUR8 - mila leiho zabalik
HERRI HEZITZAILEA

Oinherri: «Haurrak ez dira etorkizuneko herritarrak, hemen eta orain herritar dira»

Oinherri Herri Hezitzailea Euskal Herriko eragile desberdinek osatzen duten sarea da eta garbi dauka zer-nolako jendartea josi nahi duen: haurrak eta nerabeak subjektu aktibo bezala ikusten dituena. Osasun alarma egoeran beren aldarrikapena inoiz baino garbiago eta larriago ikusi dela ulertuta, haurtzaroaren aldeko manifestua egin dute.


Oinherri Herri Hezitzailea ekimena Euskal Herriko eragile sorta batek osatzen du; euskararen, kulturaren eta aisialdiaren inguruan lan egiten dutenak. 2012. urtearen bueltan elkartu ziren herri hezitzaileen filosofia ereiteko eta bultzatzeko. Azken hilabeteotan buru-belarri ari da Oinherri hainbat udalekin lanean herri hezitzaileen sare hori josi nahian. Zazpi ideia nagusiren gainean lan egiten du ekimenak, horietako bat, eta nagusienetakoa, «haurtzaroaren kultura».

Oinherriko Maite Azpiazuk agertu duenez, haurrak herritar bezala ikustea, hori da beren eguneroko lanaren helburua eta motorra. «Haurrak beti etorkizuneko herritar bezala ikusteko joera dago; badirudi 18 urte betetzen dituztenean izango direla erabateko herritarrak. Oinherritik garbi daukagu haurrak hemen eta orain herritarrak direla eta, ondorioz, betebeharrak eta eskubideak dituztela. Bada garaia haurren hitza kontuan hartzen hasteko. Badirudi haurrentzako onena zer den helduek dakigula beti eta akaso bada garaia haurrekin lanean hasteko, haien ahotsa entzuteko, herritar bezala parte hartu dezaten kanalak sortzeko».

Oinherri ekimenaren kezka eta helmuga inoiz baino ageriago geratu dira bizi dugun osasun larrialdi honetan. «Garbi geratu da gure gizartean zein toki ematen zaien haurrei. Azken herritarrak balira bezala hartuak izan dira, zakurren atzetik, eta inoiz baino ageriago geratu da haurtzaroaren kultura aldarrikatzeko beharra. Ez bakarrik itxialdian, gerora ere beharrezkoa da kultura hori bultzatzea», nabarmendu du Azpiazuk.

Oinherri osatzen duten eragileen ustez, asteotan inoiz baino garbiago ikusi da haurtzaroaren kultura bultzatzeko beharra eta egoki ikusi dute “Gora haurtzaroa” izeneko manifestua publiko egin eta atxikimenduak biltzea. Lau egunetan kasik bostehun bildu dituzte eta aurrera begira atxikimendua emateko aukera izango da [www.herrihezitzailea.eus]. Horrez gain, manifestua mahai gainean jarrita, aurrera begira eraiki beharreko jendartearen zimendu izan daitekeen gogoeta orokorra piztea lortu dute.

Subjektu aktiboak

Lehenik eta behin, haurrak ikusgai egiteko beharra jasotzen du manifestuak. «Larrialdi egoerarekin, ez dira kontuan hartu haur eta nerabeen oinarrizko eskubideak, ezta beraien osasun integralerako beharrezkoak diren neurriak ere». Oinherriren iritziz, haur eta nerabeen eskubideak zapaldu dira eta «gizarte hau osatzen duten subjektu aktiboak dira».

Bigarrenik, Nazio Batuen Haurren Eskubideen Adierazpenarekin bat egiten du manifestuak. Haurtzaroaren babeserako, prebentziorako eta promoziorako neurriak jasotzeaz gain, haurren partaidetza ere aldarrikatzen du. «Haurrak gizaki oso bezala jaso behar ditugu, eskubide osoekin. Bereziki, haien bizimoduari dagozkien erabakietan. Eta entzute aktiboa proposatzen dugu haurren behar eta eskaerei kasu egiteko».

Oinherrin garbi daukate haurrak eta nerabeak ez direla etorkizuna, oraina baizik. «Orain da haiei hitza emateko momentua».

Haurtzaro eta gaztaro osasuntsu baten garapenean naturak izan behar duen pisua ere aipatzen da. «Gizartea erabat ‘urbanizatuta’ dago eta gure umeek ‘biofobia’ (naturari beldurra) barneratuta daukate. Ezinbesteko beharra dago umeak naturarekin konektatzeko».

Haurrek herriak eta hiriak hartu beharraz ere mintzo da manifestua. «Haurrak parkeetan izan ditugu konfinatuta etxeetan konfinatu aurretik. Hiriekiko ikuspegia aldatu behar dugu, hiriak eraldatu behar ditugu, gure osasuna lehenetsiz, ekonomia eta errentagarritasuna lehenetsi beharrean».

Haurrak eta nerabeak komunitatearen ardura direla ere nabarmentzen du ekimenak. «Alarma egoerak haur eta nerabeei sortu dien eskubide urraketa eta egoera latzari arreta jartzea eta komunitate bezala irtenbideak bilatzen saiatzea», horixe aurrera begira egin beharreko lanen zerrendan jarri dutena.

Haur eta nerabeen eremua eskolara mugatzea ere kezkagarri jotzen da. «Gizarteko eremu eta aspektu guztietan presente egon behar dute».

Hutsuneak hutsuneago

Koronabirusak ataka larrian jarri du jendartea eta haurrek eta nerabeek ere aste aldrebesak bizi dituzte. Zenbait familiak kontatutako egoerak bildu dituzte Oinherrin. «Familia berean, seme txikiena, negar batean, zotinka, amari esanez berdin zaiola besteak kutsatzea eta kalera atera beharra duela. Nagusia, berriz, arduratuta, ez du atera nahi zaborra botatzera ere, bere lagunen baten aitona-amonaren heriotzaren errudun ez izateko».

Aitarekin zaborra botatzera ateratako haur baten egoera ere jaso dute, «konturatzerako aitak frontoian ikusi zuen korrika buelta eta buelta, denbora galdua berreskuratzen».

Azkena, oihu bizian ari zen mutikoarena. «Gurasoak, anai-arreben arteko liskarra zelakoan gerturatu eta ohartu ziren telebistari oihu egiten ziola, bere egonezin eta haserrea deskargatzen ari zela». Eta, pentsatzeko denez, hainbeste etxetan gertatuko ziren beste hainbeste egoera.

Oinherri ekimenak normalean kezkaz ikusten dituen hutsuneak hutsuneago bihurtu dira muturreko egoera honetan. Eta adituek arduraz behatzen dute, oraingo estutasunak gerora utzi dezakeen arrastoekin kezkatuta. Psikologian doktorea den Nahia Idoiagaren hitzetan, «nik uste denok gaudela harrituta haurrak zein ausart eta ‘heldu’ ari diren portatzen, haien rola nola ulertu duten. Baina horrek ez du esan nahi ongi daudenik edo ez guztiz ongi behintzat. Haserrealdiak, kasketaldiak, negarrak askoz ugariagoak ari dira izaten, normala den eran. Loan ere eragina ari da izaten, maila fisiologikoan».

Haurrak birusaren transmisore direla. Askotan entzun den baieztapena da. Mariaje Sarrionandia pediatrak, ordea, baieztapen hori ez dela zuzena dio. «Haurrak ez dira bereziki transmisoreak, kutsatuta badaude transmitituko dute, beste edozein pertsonak bezala; gaur-gaurkoz dakigunarekin, ordea, ezin da esan haurrek helduek baino gehiago transmititzen dutenik birusa».

Oinherritik deia egin dute igandean, apirilaren 26a, balkoietatik haurrei txalo jotzeko, gizartearen parte direlako eta txaloak merezi dituztelako.