GAUR8 - mila leiho zabalik

Txikia izatea ona da, txikia zarela sinisten ez baduzu


Globalizazioa bete-betean jo du koronabirusak. Mugak nagusi dira berriro. Beren golkora bildu dira berriro estatuak, nazioak, eskualdeak, herriak, irlak, auzokide taldeak, betiere, kanpotik datorren kutsatzeko arriskua saihestu nahian, berandu bada ere. Hori baita konfinamendua: muga. Ezer berririk ez euskal herritarrentzat; laster itxi zuten Irun eta Hendaia artekoa, lehen borroka politikoa zen aitzakia eta orain Covid-19a argudio.

Mugatze horrekin, paradoxikoki, txikia izatearen abantailak begi bistan jarri zaizkigu berriro. Lelo politak egin ohi dira horren kontura: small is beautiful, txikia handi... baina orain ari gara egiaztatzen. Pandemiak exijitzen duen ahalegin erraldoiari nekez egingo diote aurre estatu handiek (Alemania salbuespen), baina tamainako erantzuna eman dezakete boteregune txikiek (Venetotik Islandiara). Erraza da ulertzen: eremu zabal batean sakabanatutako ehun milioi laguni koronabirus probak egitea edota maskarak ematea ezinezkoa gerta daiteke; ehunka mila edo milioi gutxi batzuei, ez hainbeste.

Ezin esan, tamalez, krisialdi honetan Euskal Herriak bere txikitasunari etekina atera dionik.

Ekimen batzuetan nabari egin da gaitasuna: Ipar Euskal Herriko Elkargoak 600.000 maskara enkargatu ditu, herritar bakoitzeko bi; EHUko ikertzaileek test berritzaile eta merkea asmatu dute, Estatuan beste askori aurrea hartuz; inork gutxik ezagutzen zuen Mondragon Corporationeko Bexen Medical hilabetean hamar milioi maskara ekoizten hasi da Etxebarria eta Hernanin... Baina gero politika etorri da, beste behin ere, potentzialtasun horiek murriztera: egunero EHUko test horien 10.000 ale ekoizteko hogei egun pasatxo alfer-alferrik joan dira, eta Bexen Medicaleko maskarak Gobernu espainolak erosi eta banatuko ditu, Euskal Herriari populazioaren arabera dagokion apurra bakarrik utziz, ez besterik. Eredu autonomikoaren egungo café para todos; maskarak guztientzat berdin-berdin.

Alarma egoerak zentralizazioa ekarri duela ezin uka, baina benetan ez al dute Iruñeko eta Gasteizeko gobernuek beren kabuz ekarpen handiagoa egiterik izan? Zaila da sinistea maskaren aferari erreparatzen badiogu: batetik, Pariseko radarretik urrun den Euskal Elkargoak egin egin du, eta, bestetik, Hego Euskal Herrian Eudelek ere 300.000 maskara banatu ditu udaletxeen artean. Ez al dituzte beren gaitasunak apaldu Chivitek eta Urkulluk, Sanchezekin talka egitea saihestearren?

«Koordinazioa ez da menpekotasuna», salatu du behin eta berriz EAEko lehendakariak, espainiar presidentearekin kexu. Baina koordinazioaren eta menpekotasunaren artean bideak badaude, esaterako, herri txikiek askotan erabili dutena eta Euskal Herrian berezko izena hartu duena: pase forala. Zerk eragotzi die maskarak masiboki banatu, testak azkartu edota aurretik Osakidetza eta Osasunbidea hobeto prestatzea?

Txikia izatea abantaila da, bai, mandatari txikiak izan ezean... 2009. urteko pasarte bati ez zaio gehiegi erreparatu asteotan, baina zer pentsatu eman beharko liguke guztioi. Orduan A gripe delakoa zela-eta pandemia deklaratu ostean, 60 milioi maskara erosi zituen Gabriel Inclanek, Ibarretxeren Gobernuko Osasun sailburuak. Alferrikakoa gertatu zen operazioa gero, haien beharrik ez zelako izan, eta bi milioi euro zakarrontzira joan zirela aurpegiratu zitzaion Inclani. Seguru gaurko talaiatik jada ez dugula hura berdin ikusten. •