16 MAI 2020 IKUSMIRA OIHANEAN LAGUNTZA BEHARREAN Jose Angel Oria Osasun sistema eta hileta-zerbitzuak erabat gaindituta daude Brasilgo ipar-mendebaldeko Amazonas estatuan, Jair Bolsonaro eskuin-muturreko agintari arduragabeak pandemiari iseka egiten dion bitartean. Indigenak noizbait nagusi izan ziren eremuan mehatxupean bizi dira gaur egun: diruzalekeriak bultzatutako proiektuek lurrik gabe eta gaixotuta uzten dituzte. Orain, gainera, koronabirusa. Osasun Ministerioak emandako datuen arabera, Europako marka guztiak ere hausten ari den Brasilen koronabirusak 258 indigena kutsatu ditu; eta horietako 19, hil. Hildakoen artean yanomami herriko 15 urteko gaztetxo bat dago. Baita estatuko zentro batean ospitaleratuta zegoen satare-mawe herriko 78 urteko gizon bat ere. Goiko irudian Manaus hiriburutik 80 kilometrora dagoen Sahu-Ape komunitateko kideak telefonoz Sao Pauloko mediku batekin hizketan. Behekoan, witoto etniako erizaina herritar baten tenperatura hartzen. «Indigenen bizitzek balioa dute» irakur daiteke bere maskaran. joseangel.oria@gaur8.info