04 JUIL. 2020 ZALDI ZORO Mari Sandozek idatzi zuen biografia euskarara ekarri du Aitor Fresnedok Lakota nazioko Oglala tribuko buruzagi handi Zaldi Zororen biografia mamitsua argitaratu zuen Mari Sandoz idazleak 1942an. Ia laurogei urte igarota, euskaraz eman du Aitor Fresnedo Gerrikabeitiak Estatu espainoleko espetxeetan, bera ere «istorio eder bezain gordin» baten protagonista bilakatuta. Xabier Izaga Gonzalez Harribitxi bat. Harritzar itxura ere badu, 565 orrialde baititu; nolanahi ere, harribitxia da, kontatzen duen istorio edo historiatik hasita haren itzulpenaren azken xehetasuneraino. Joan den astean aurkeztu zuten Ataramiñe kultur elkarteko kideek, Bilbon eta Larrabetzun, argitara eman duten azken lana, Mari Sandozen “Zaldi Zoro, Oglala Bitxia” obra, hain zuzen, 1942an lehen aldiz ingelesez argitaratua, eta orain, zortzi hamarraldi geroago, Aitor Fresnedo Gerrikabeitia euskal preso politikoak euskarara ekarria, aurtengo urtarrilean Jaengo kartzelan amaitu ondoren. Zaldi Zoro Siux edo Lakota nazioko oglalen tribuaren buruzagi garrantzitsua izan zen. Liburua «haren biografia dramatizatua da», Ataramiñeko arduradunek diotenez, «eta zurien artean Siux Gerrak bezala ezagun direnen testuinguruan jarriko gaitu kontakizunak». Sandozek, esan bezala, ingelesez idatzi zuen, baina pertsonaiarenganako eta haren herriarekiko sentiberatasun aparta erakutsita. Izan ere, ezaguna zuen indiarren ahozko narrazio era eta irakurleari haien mundu ikuskeraren berri emateko asmoz egin zuen. «Ezin uka liburua funtsean menderakuntza historia latz bat denik. Aldi berean baina, herri baten nortasunaren eta askatasunaren aldeko aldarritik ere asko du. Bakean bizi nahi eta ezina», diote Ataramiñeko kideek. «XIX. mende erditik Ipar Amerikan gauzatu den akulturazio eta konkista prozesu bortitzaren lekuko izango gara: usadioak, gerra ekintzak, jazarpena... Kapitalaren logikatik at geratua den mundu baten bizirik eusteko kinka larria». Indiar bufalo ehiztari haien gainbehera betean bizi izan zen Zaldi Zoro, trenbide, urre biltzaile eta Estatu Batuetako soldaduak hedatu ahala beren lur gero eta murriztuagoan jarraitzeko borrokatu zirenen buruan: «Lurraren defentsan egindako borroka eta nozitutako asimilazioa Zaldi Zororen bizialdian gorpuztua azaltzen da. Zaldi Zoro neurri humanora ekarri nahi da, indiar gudari oihulari eta odol gosearen topikoa gaindituz. Siux nazioa ez da aingeru herri bat, baina bere kontraesan eta gorabehera guztiekin libre izaten jarraitu nahi du». Aitor Fresnedo Gerrikabeitia 1996az gero dago espetxean, eta Mari Sandozen istorio mamitsua ez ezik, «haren itzulpena bera ere bada gaur egungo beste historia eder eta gordin baten parte». «Itzulpen bikaina» Jokin Urain giltzapean zela sortu ziren Ataramiñe literatura koadernoak. Kultura elkarte horrek euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen sorkuntza lanak sustatu eta argitaratzen ditu, eta Urainek barrutik ez ezik, kaletik ere parte hartu izan du proiektu nahi baino luzeago horretan. Hurbiletik jarraitu dio Fresnedoren itzulpen honen prozesuari. «Lehenik eta batez ere nabarmenduko nuke Aitorrek, ‘Zaldi Zoro’ euskarara ekartzeko, nolako ahalegina egin duen izen propioak-eta, terminoak oro har, itzultzeko. Sekulakoa, urteetako lana izan da, eta istorio bikaina da. Adiera zahar batzuk bizkaieraz eman eta berreskuratu ditu. Indiarrek erabiltzen duten izendatzeko modua; esate baterako, medicin man, nola arraio ekarri hori euskarara?». Izan ere, Fresnedok bere oharretan azaltzen duenez, medicin man “sorgin” itzuli du, eta medicin hitza daukaten gainerako terminoetarako “zorki” bizkaierazko adiera zaharra erabili du; adibidez, medicin song “zorki abesti” itzuli du. «Kontuan hartu behar ditugu hango natura, hango fauna, hango izenak… dena diferente, arrotz eta urruneko zaigula, eta iritsi zaigun apurra gazteleraren bidez iritsi zaigu. Alde horretatik iruditzen zait sekulako lana egin duela Aitorrek hori guztia euskarara ekartzen», azaldu du Urainek. Itzultzailearen hitzaurrean, bere kezka nagusia azaltzen du Fresnedok: «Testu irakurterraz bat sortzea izan da nire kezka. Alde horretatik, itzulpenak badu bere zailtasuna, Mari Sandozek jatorrizkoan darabilen hizkuntzak poesia kutsu bat duelako (pentsa ezazu filmetan indiarrek erabili ohi duten hizkera berezi horretan eta ulertuko duzu zertaz ari naizen). Hortaz, hizkuntza jaso horren eta esaldi ulerterrazen arteko oreka bat bilatzen ahalegindu naiz, zelan edo halan». Eta egin duen lan ikaragarriaren xedea bete duela dio umil asko: «Barkatu akatsak; ziur nago hobeto idatz litekeela. Nire literatura ez da oso aratza agian; ez naiz itzultzaile profesionala, ezta idazlea ere. Baina, nire ustez, nahiko erraz ulertzen da testua, eta zuzen itzulita dago». Urainek ez du horren zalantza izpirik, eta egundoko konstantzia eta pazientzia izan duela dio, Fresnedok berak ere aitortzen duen bezala: «Liburu hau itzultzea ez da lan erraza izan, egonarri itzela eskatu du». Historia eder eta gordina Beste alde batetik, Fresnedo itzulpengintzan nola abiatu zen nabarmendu nahi du Jokin Urainek. Liburu hori Ocañako liburutegian bere eskuetara iritsi zenean, irakurtzen hasi, katigatu eta haren irakurketak lagundu egin omen zion momenturik onenean ez zegoenean. 2002. urtea zen. «Ocañako espetxean, gurekin zen iparramerikar batekin mintzatu ohi nintzen; nire ingelesa trebatzeko aprobetxatzen nuen. Kansasekoa zen, beltz handikote bat, militar ohia, beti belarra zekarren, eta erre eta berriketan aritzen ginen, mundua konpontzen. Beso batean tattoo bat zuen, indiar baten irudiaz, eta idatzita ‘Crazy Horse’», kontatzen du preso bizkaitarrak bere hitzaurrean. «Liburu hau 2002ko urtean aurkitu nuen, Ocaña I espetxean nintzela. Edo berak aurkitu ninduen ni. Espetxeko liburutegia eguneratzeko garbiketa egiten zebiltzala-eta, katalogatu gabeko zein hondatutako liburuak bota behar zituzten. Honek baldintza biak betetzen zituen zakarrontzira joateko: ez zegoen katalogatuta eta bai apurtuta. Baina, ingelesez idatzita zegoela ikusirik, liburutegiaz arduratzen zen presoak nitaz gogoratu eta gorde egin zidan. Altxor bat oparitu zidan». Euskal presoaren lagun amerikarra beste espetxe batera eraman zuten eta «handik gutxira, liburuzainak oparia egin zidan. Halako kasualitatez betetzen hasi zitzaidan bizitza, gero eta gehiago. Nik, bizitzako une hartan, burua kili-kolo neukan. Ordurako sei urte neramatzan preso, lau isolamenduan. Ordu gehiegi bakarrik, ordu gehiegi pentsatzeko; aurretik, 30 urtera arteko espetxealdia... Bat-batean, egun batez, errealitatea desitxuratzen hasi zitzaidan. Zaldi Zororen liburuak lagundu egin zidan buruari atseden ematen, eta oreka mantentzen ohiko munduaren eta zentzu berri batez ageri zitzaidan errealitate horren artean». Horrenbestez, liburu horrek beretzat esanahi oso berezia duela dio. Mari Sandozen lan zorrotza Mari Sandozen obra oso jakingarria iruditzen zaio Uraini, obra bera eta egilearen zorroztasuna. Bibliografia ugari arakatzeaz gainera, Zaldi Zoro ezagutu zutenen zuzeneko testigantzak ere bildu zituen bere lana egiteko. «Nola entzuten zituen etxean umea zenean indio zaharren ondorengoen istorioak, nola sortu zitzaion jakin-min hori eta nola izan zen historia hau idazteko dokumentazio lana eta abar». Ez du arrazoi falta, idazle amerikarraren hitzek erakusten dutenez: «Nire haurtzaroko etxea Niobrara River Garaian zegoen, antzinako Running Waterren, Indiar Herrialdea zeritzoten lurraldearen ertzean. (...) Leku horiek azken babeslekua izan ziren antzinako bufalo ehiztari askorentzat, bai eta merkatari zaharrentzat, lakio-jartzaileentzat eta mugatarrentzat orokorrean; hots, alanbre kizkiaren eta golde ibiltariaren etorrerari erdeinuz begiratzen ziotenentzat. Halako gizonak, aspaldiko sasoi heroikoetan bizitakoak, istorio kontalari apartak izaten dira sarritan, eta nire aita Jules Zaharrak horiexek erakartzen zituen, behinola zuhaitz artetik goratzen zen ke adats batek edo kafe irakin berriaren usainak erakarriko zituzkeen bezala. Hortaz, gure sukaldeko mahai inguruan, edo gure etxe ondoko bidearen bestaldean –siuxak maiz hor egoten baitziren kanpaturik– iluntzean piztutako suen inguruan, antzinako jende horri istorio liluragarri asko entzuna nion; ehizari buruzko istorioak –bufaloarena, adarrandiarena, eta grizzlyarena–, bai eta indiarren borroken eta erasoen inguruko istorioak». Maiz istorio haien protagonista zena bere liburuaren protagonista izango zen: «Istorio haiek entzutean, larruzko tira margotua soka txirikordatuan bezala, norbaiten izena behin eta berriz agertzen zela ohartu nintzen; haren herriko buruzagia tirokatu zutenean oglalen ume bat zen norbait; hamabi urte izango zituen orduan; isila, serioa, azal argiegia indiarra izateko, eta ilea hain mardoa eta argia zuena Kizkur deitzen zioten, edo Mutil Ileargia. Baina gerra horren bukaera heldu zeneko, hogeita hamahiru urte geroago, oglala borrokalaririk handienaren ospea zuen; eta bere izenak, Zaldi Zoro, izua eragiten zuen bere lurraldera tropelean zetozen zurien seme-alaben artean, baita snake eta crow bere indiar etsaien gudaririk ausartenen artean ere». «ZALDI ZORO, MEMORIA POETIKOA», LITTTLE BIG HORN-EKO GUDALDIAREN URTEURRENEAN, BESTE BATZUK GOGOAN Ez dugu hautatzen geure sorlekua. Halaber, leku zehatz baten erditzen dira emakumeak eta horri lurraldea deitzen diogu. Lurra, izadia, edertasunaren arragoa edota odolaren mintzoa izan daitekeena, aldi berean. Lurra modu metaforikoan hartu daiteke, haustarria bezala, eguneroko ñabardurak lantzeko, edo gudaleku, gizaldiz gizaldi, geure ezberdintasunak konpontzeko sortu eta erabili dugun agora. Lurra zuten egonleku eta bizibide antigoaleko indiarrek. Hesi gabeko lurrak; bizirauteko elikagaia non, gogoa han. Ipar Ameriketako indiarrei edo Lehenengo Nazioei buruz ari natzaizue, Jaengo kartzelan gatibu dagoen Aitor Fresnedo Gerrikabeitiak euskarara ekarri baitu Zaldi Zoro siuxen buruzagi handiaren biografia. Egun batean, bizibide zituzten lur eremuetatik igarotzen zen saltzaile batek itaundu zionean ea non zeuden bere lurraldeak, Zaldi Zorok, begirada hodeiertzean jarriz, erantzun zion: «Nire hildakoek atseden hartzen duten horretan diraute nire lurrak». Orain dela egun gutxi urteurren bat bete da, 1876ko ekainaren 25ean Lehenengo Nazioek Custer jenerala garaituz hain izen handia hartu zuen Little Big Horn-eko gudaldiarena. Bertan egon zen Zaldi Zoro, beste buruzagi batzuekin. Zaldi Zorok guda irrintzi bat zuen: “Hoka Hey”; hau da, “gaur, hiltzeko, egun aproposa da”. Nonbait irakurri nuen iragana berreskuratzean badagoela zerbait asebetetzen gaituena. Honi, Milan Kundera idazle txekiarrak “memoria poetikoa” deitu zion: hunkitu gaituen hori erregistratzea. Zergatik da hain garrantzitsua guretzat norbait hiltzen den tokia? Akaso, mina dagoen lekua sakratutzat hartzen dugulako? Seguruenez, interpretazioak modu subjektiboan egiten direnez, bakoitzak bereak ditu. Lurrari atxikita gaude mundura gatozen unetik. Euskaldunok ondotxo dakigu hori, antigoalean piztu zen gatazka politikoak oraindik bizi-bizirik dirauelako. “Gora Euskadi” oihu egiten dugu. Klandestinitatea eta borroka sinbolizatzen ditu. Jendea Euskadigatik hil da eta hil du. Gure historia hori da, eusko lurra, eta lurraren azalean odola ere mintzo zaigu. Ekainaren 15ean 36 urte bete ziren Juan Luis Lekuona Elorriaga, Katu, eta Agustin Arregi Perurena, Txuria, hilik suertatu zirenetik. Hernani guda zelai bilakatu zen goizeko ordu txikietan Guardia Zibilak herria hartu zuenean ETAko talde bat atxilotzeko asmoz. Militanteek bizileku zuten etxea sutan jarri zuten hainbat armamentu erabiliz. Geroago kiskalita zeuden gorpuak aurkitu zituzten. Urte batzuk geroago, 1990ko ekainaren 25an, Little Big Horneko gudatik 114 urte igaro zirenean, Nafarroan, Irunberriko arroilan eta torturatuta, hilik agertu ziren Susana Arregi Maiztegi eta Jon Lizarralde Urreta, lur emankorrak zeharkatzen dituen Zaraitzu ibaiaren magalean. Beste behin ere lur azalean odolaren mintzoak interpelatzen gaitu, antigoalean piztutako suak bere horretan segitzen duelako. Lurrean identitatearen sustraiek hartzen dute atseden. Memoria poetikoa dei diezaiokegu erregistro horri, gara izan zirelako, lurraren azalean atseden hartuz amesten zutelako, nahiz odolak ere bere mintzoa adierazi lurra jokaleku zein liskar eremu bilakatzen denean. JUANJO LEGORBURU (Juanjo Legorburu zornotzarrak, Aitor Fresnedoren adiskide eta harekin kartzela egun asko partekatutakoak, testu eder hau idatzi zuen lagunaren itzulpena dela eta) «TENEBROSOEN LANAK» Aspaldi luzetik, behin eta berriz entzuna daukagu gutun soil batek ibilbide korapilatsua egiten duela kartzela helmuga duenean. Euskal Herritik edozein helmugatarainoko bidea Madriletik igarotzen da beti. Pentsa Aitor Fresnedoren lan mardula aurrera ateratzeko komunikazioek zenbat denbora eta gorabehera behar izan dituzten. Preso bizkaitarrak argitaratu berri duen hau urteetako lana da. Ikaragarria, Jokin Urainen hitzetan. Eta berak ere ondo daki zer den ziega zuloan idaztea. Ondo daki edozer idazteko, edozein gai dokumentatzeko “endredoak” norainokoak diren: «Laguntza etxekoen eta lagunen baten bitartez… eskaintzan aipatzen ditu lagundu diotenak. Eta euskarazko itzulpena, adierak, zuzenketak… kontsulta hori, etengabeko kontsulta nola egin duen, eskutitzen bitartez, telefono deien bitartez, bisiten bitartez… etengabeko endredo horretan, etxekoekin eta lagunekin, beti egiten dugun moduan, ez?», dio Mendaroko idazleak, morroilope idatzitako bere lan ugarien prozesua ondo gogoan. Bestetik, uste izatekoa da Fresnedok aipatutako egonarria ezinbestekoa dela falta izango ez zituen trabak gainditzeko ere. Urainek oztopo horien berri ere badaki. “Ez dago etxean” saioan (Susa, 2010) gainditu beharreko oztopo horiek hizpide ditu: «Liburuak, aldizkariak, fotokopiak, egunkari zaharrak... erretenitzen dizkigute, hilabete edo gehiagoren buruan emateko edo sartzea debekatu eta etorri diren bidetik atzera bidaltzeko. Azkue eta Orixeren lan batzuk, Amurizarenak, Manex Bergararena, Argia aldizkaria, gure kolektiboaren barne aldizkari eta liburuak... Tenebrosoen lanak denak: ‘No se hace entrega’, ‘No procede su entrega...’». “Endredo” eta traba horien berri ematen du Fresnedok ere liburuaren hitzaurrean: «Hemen, Koldo Zumalde lagun nekaezinaren izena aipatu behar dut, berorrek lagundu baitit, kaletik, akatsak zuzentzen. Nik hari gutunez bidali orri sorta bat, eta berak niri, zuzenketak iradokiz, gutuna itzuli; horrela egin dugu lan, bien arteko posta harremana hilabeteetan luzatuz aldi bakoitzean. Nik komunikazioak interbenituta ditudanez gero, eskutitz bakoitzak, lehenbizi, Madrilera joan behar izan duelako, han azter zezaten. Horrek izugarri moteldu eta oztopatu digu lana. 2012an hasi nintzen itzulpena egiten eta 2017an amaitu, bitartean bi urteko etenaldia izan bazen ere». «Nabarmenduko nuke Aitorrek ‘Zaldi Zoro’ euskarara ekartzeko nolako ahalegina egin duen izen propioak-eta, terminoak oro har, itzultzeko. Sekulakoa, urteetako lana izan da» «Mari Sandozek jatorrizkoan darabilen hizkuntzak poesia kutsu bat du. Hortaz, hizkuntza jaso horren eta esaldi ulerterrazen arteko oreka bat bilatzen ahalegindu naiz»