25 JUIL. 2020 Maskararen erabilera ingurunearen arabera Oier Gorosabel - @Txikillana Fisioterapeuta Falta zena: behar zenean erabili ez ditugunez, orain behar ez denean ere maskarak erabiltzera derrigortu gaituzte. Eta ez diot neurri horri kontra egingo (lehen haurrak etxean atxilo mantentzearen kontra egin nuen bezala), ezen, zentzunik erakusten ez duen herriak makila eskatzen baitu. Hori bai, osasun agintarien jarrera ere ez dut zurituko: txarto egin diren gauza asko ekidinezinak izan badira ere –arazoaren berritasunarengatik–, beste gauza batzuek ez dute barkamenik. Hala nola, musukoen erabilpen orokorraren neurri inpopularra hartzeko hauteskundeak igaro arte itxaron izana (erabaki zitala eta koldarra) edo prebentzio neurriei buruzko komunikazio txarra. Jendeari neurriok zergatik eta zertarako hartzen diren ulertaraztea, alegia. Arau bat betetzen ez denean, agintariek egin behar dutena da... betearazi. Ez arau zorrotzagoa eman. Baina orain arte, arau berri bakoitzaren ondoren, poliziak egun gutxi batzuk baino ez ditu eman kalean arauok betearazten. Ostean, jende asko erlaxatu egin da, inork ez baitzion kargurik hartzen. Bestalde, dagoeneko ezarri diren arauen zerrenda luzea da, eta berriak eman ahala zaharrak ez dira indargabetu. Adibidez, osasun etxeetan zaharrendako ordutegi esklusibo bat gordetzea, edo 14 urtetik beherako umeak guraso edo arduradun batekin kalera irtetea. Nik dakidala, oraindik indarrean dauden aginduak dira. Nork betetzen ditu? Inork ere ez. Ganora falta horrekin, nola nahi dugu jendeak arauok serio hartzea? Duela egun gutxi jaso dugu maskara beti erabiltzearen agindua, segurtasun distantzia mantendu daitekeenean ere bai. Ohi bezala, arau kategorikoari laster salbuespenak atxiki zaizkio: kontsumizioak hartzeko, erretzeko, hondartzan eguzkia hartzeko... ken daiteke maskara. Horrek, bistan denez, egoera absurdo askotara eramango gaitu: bost lagun tabernan eserita maskara barik egon ahal izatea, adibidez, baina ondoko eserleku publikoan bakarrik dagoen pertsona ez. Araua zorroztearekin, lehendik betetzen zutenak zigortzen ari baikara –behar ez denean ere maskara erabiltzera kondenatuz–, betetzen ez zutenak libre uzten ditugun bitartean. Egoeraren zentzugabetasunaz jabetzeko, baina, arazoa ulertu behar da. Eta maskarekin dagoen kaka nahastearen zati handi bat musuko motak ez bereiztetik dator. Ez baitira berdinak filtrazio-maskarak (FFP) eta barrera-maskarak (kirurgikoak edo orain alde guztietan ikusten diren maskara fashion horiek guztiak). Biak balekoak dira, baina egoera jakin batean, arrisku mailaren arabera. Mediku batek ebakuntza gelan edo anbulatorioko kontsultan prebentzio neurri berberak hartzen ez dituen bezala, covid-19a “duten” eta “izan dezaketen” pertsonen ondoan desberdin jokatzen ikasi behar dugu. Gaixotasuna konfirmatua dagoenean, asepsia behar delako: maskarei dagokionez FFPak, airean egon daitezkeen aerosol partikulak iragazteko, eta “X” ordutik behin aldatuz. Gaixotasunaren susmo hutsa dagoenean, berriz, barrera-maskara berrerabilgarriekin nahikoa da: baina ahaztu gabe musukook norbere doministikuaren aerosol-txorroari eusteko direla; besteak gugandik babesteko, alegia, ez gu besteengandik. Izan ere, jendeak egoera guztietan barrera-maskarak erabiliz gero, izurriaren gorakada baten aurrean babesgabe aurkituko litzateke; eta beti filtrazio-maskarak erabilita, itolarriaren eraginez askok txarto erabiliko lukete (bekokian, sudurra kanpoan... FFP bat segurua baita, baina deserosoa). Kasu batean zein bestean, emaitza bera da: babestuta gaudela sinestea, ez gaudenean. Egoera hori oso arriskutsua da. Horrelako agindu burugabeekin, ematen du osasun agintariei gehiago ardura zaiela itxura, osasun-prebentzio eraginkorra baino. • www.abante.eus