08 AOûT 2020 Miretsi bidea zabaldu dutenak Iker Barandiaran Aspaldidanik miresten dut Patxi Irurzun idazle nafarra, nahikoa ezagutzera eman ez den harribitxia iruditzen zait. Bueno, ez dut “miretsi” hitza erabiliko, berak ez duelako gustuko izango. Aspaldidanik –betidanik?– idazten du maisutasunez eta, gainera, oso gutxik egiten dakiten bezala da kaleko ahotsa bere horretan jasotzeko gai, artifiziorik gabe, naturaltasunez, egiazko tamainan. Sortzaile hutsa da eta, generoz zein tonuz erraztasunez aldatzeko eta dotore moldatzeko gai bada ere, erosoen ikusten du bere burua “galtzaileen” edo gizarte honetara egokitzeko trabak edo kontrakoak dituztenen azalean jartzen denean. Berak ere bizi ditu bereak, asko bizi eta ik(u/a)sitakoa da eta, garrantzitsuena, gai da horiek ondo gogoratu eta paperera –fikzio jantzian bada ere– ekartzeko. Berriki “Tratado de (h)ortografia” eleberri ederra kaleratu du, astean erosi dudana. 80ko hamarkada eta RRVa (Euskal Rock Erradikala) testuinguru izanda, rockero zahar baten gogoetak jaso ditu Irurzunek, marka duen umore eta gordintasunarekin blaituta. Liburu horren argitalpenarekin bat, orain gutxi arte belaunaldi desberdinen txupa, kamiseta eta iruditerian zizelkatuta gelditu diren 80ko hamarkadako talde haien inguruan idatzitako liburuen zerrenda ere egin du. Ezin falta, jakina, Hertzainak, Cicatriz, Kortatu, RIP, Eskorbuto, La Polla, Barricada eta Zarama. Horrez gain, gogora ekarri ditu, baita ere, hamarkada hartako testuingurua hobeto ulertzeko Huan Porrah, Jakue Pascual zein Ion Andoni del Amok egindako lanak. Lagungarria da, batez ere mitifikatu eta garai hura bere gauza on eta txarrekin ezagutu ez dutenentzako bibliografia hori batu izana. Kendu dezagun lastoa eta gelditu gaitezen balio duenarekin; iraganera iltzatuta gelditu gabe, beti dago zer ikasi. Gainera, egia esanda, ez dago halako zeresana eman zuen garai hari buruz hainbeste idatzita. Baina are gutxiago idatzi da –ezer!!– punketik hardcorera, estiloz zein egiteko moduaz, lehen pausoa eman zuten guzti haiez. RRVaren inguruan ibili edo sartu zituztenak ez bezala, hortik kanpo ibili zirenek guztia izan zuten kontran. Gaizki ikusiak izateaz gain, ez zituen inork ulertu (nahi izan). Horregatik oso txalogarria iruditu zait David Von Rivers asturiarrak idatzi duen “Zona Especial Noise (crónica de una destrucción musical en el underground español de los años 80)” liburu mardula. Punkak eta RRVak halako distira hartu zuten garai haietan, musika egiteko moduan zein bizitza ikuspegian modu eraikitzaileagoan eta kritikoagoan harago joan nahi izan zuten gutxi horien kontakizuna jasotzen du Riversek, dokumentazio lan itzela eginez. Lehenik eta behin begi-puntuan hartzen ditu ildo horiek jorratzen aitzindariak izan ziren Euskal Herriko Tortura Sistematika, RIP, Eizen, Autodefensa, Ruido de Rabia eta “Destruye!” fanzinea, besteak beste; Kataluniako GRB, Frenopatics, Attak…; Madrilgo “Penetración” fanzinea; Burgosko Ultimo Gobierno; Andaluziako MG-15; eta Zaragozako IV. Reich, beste askoren artean. Estetikatik, jarrera bortitzetik eta okadatik harago, alternatibak bilatu eta eraiki nahi zituzten. Horren kontzientzia zuten eta saiakera egin zuten. Liburu honek haien lorpen eta etsipenak jasotzen ditu eta, garaian nazioartean bizi zenaren testuingurua gurera ekarrita, orain konturatu gaitezke eremu horretan askok uste genuen baino aurrerapen handiagoak egin zituztela. Haiei zor diegu hein handi batean orain arte izan dugun irrati libre, gaztetxe eta bestelako azpiegitura aberatsa. Horiek ere bai, mirestekoak! • Baina are gutxiago idatzi da –ezer!!– punketik hardcorera, estiloz zein egiteko moduaz, lehen pausoa eman zuten haiez guztiez