GAUR8 - mila leiho zabalik

Kale antzerkia?


Gehienok kale antzerkia zela pentsatu genuen, absurdoaren generoa edo obra surrealista bat, baina teilatutik “salbatu” nahi zuten katua eta suhiltzaileak benetakoak ziren. Bi kamioi ikusgarritan iritsi ziren, garabi bati esker bi suhiltzaile igo ziren teilatura eta segurtasun arnesekin lotuta hasi ziren katuaren atzetik korrika.

Joan den igandea zen, Zumaian geunden igande goizetako bi orduko ibilaldia egin eta bigarren ardoa edaten (Amaren bat, dena esan behar bada) Ardantzabide tabernako terrazan. Errealitateak gutxitan hunkitzen nau baina honen errepresentazioak (antzerkiak esate baterako) oso azkar eta, antzezpen bat zelakoan, zutik jarri eta txalo batzuk jo nituen. Egia da Luis Cañasen ardo horrek euforia puntu bat ere ematen didala. Gertakari erreal baten aurrean geundela ohartu ginenean hasi ginen pentsatzen katu hori “salbatzeko” ez ote zen nahikoa udal langile bat eskailera luze batekin, teilatua hiru bat metroko altueran zegoelako.

Antzezpenak ordu laurden bat iraun zuen. Une batetik aurrera leihoetatik behera salto egiten dutenen babeserako erabiltzen duten oihal gisakoa hartu zuten beste bi suhiltzailek eta harekin korrika hasi ziren katuari segika. Umetatik baserrian hamar metroko altueratik katuak salto egiten ikustera ohituta geundenontzat bitxia zen edo patetikoa ikuskizuna.

Nik ez nuen ezer katu horren kontra. Beharbada katu aristokratiko bat zen, txapelketetan lehen postuetara ohitua edo arraza bereziren batekoa, Mahomaren Muezza haren oinordekoa agian. Baina urduri jartzen hasi zen eta halako batean kalera salto egin eta eskaileretan gora ziztu bizian desagertu zenean katu arrunt baten tankera hartu genion.

Gertakariak zer pentsatua eman zidan, animalismo gaizki ulertuaz, baliabide publikoen erabileraz, gizartearen infantilizazioaz eta abar luze batez. Astean zehar sakontzekotan gelditu nintzen, baina abuztuko beroak eta oporretako joan-etorriek ez didate utzi. Lagun bati komentatu nion neure begiekin ikusia eta ohikoa dela erantzun zidan, askotan ateratzen direla suhiltzaileak katuak salbatzera, eta horrek oraindik kezkatuago utzi ninduen. •