GAUR8 - mila leiho zabalik

Urraulgoitiko egurketa


Zenbait egurgile ageri diren argazki hau joan den mendeko 60ko hamarkadan Larekin egindakoa da, Urraulgoiti ibarrean (Adoain, Aietxu, Elkoatz, Eparotz, Ezkanitz, Gindano, Imirizaldu, Irurozki, Lareki, Ongotz, Ozkoidi eta Zabaltza), Zangozako merindadean. Egilea ezezaguna da, eta, seguru asko, argazkilari amateurra izango zen, negatiboaren formatua Kodak konpainiak 1963an Instamatic kameretan sartu zuenari baitagokio. Irudi hori, beste objektu batzuekin batera, ibar horretako Lareki herriko baserri bateko ganbaran gordeta egon da. Elkoazko egurgileek esaten zutenez, zuhaitz horiek ilgoran moztu beharra zegoen, zurak gutxiago pisatzen baitu eta pinuen kasuan hobeto erretzen baita, ez duelako erretxinarik botatzen; ilbeheran moztuz gero, zura ilundu eta ez da arintzen, eta lehortzean pitzatu egiten da. Luis Pedro Peña Santiagok eta Juan San Martinek 1966an jasotako zenbait lekukotasunen arabera, ibarreko herri batzuetan, hala nola Adoainen, enborrak mandoekin arrastatuz garraiatzen zituzten, Zaraitzu ibaiaren ertzera iritsi arte. Han, almadiak muntatzen zituzten. Beste herri batzuetan, Ezkanitzen, esaterako, Aldaxur errekaraino arrastatzen zituzten lehenik, eta, Aretara iristen zirenean, gurdiz eramaten zituzten.