GAUR8 - mila leiho zabalik

«Patria», «Martuteneko ihesaldia» eta «Alardea»


Deigarriak izaten ari dira Euskal Telebistan azkenaldian ematen ari diren hainbat eduki. Egiari zor, badira urte batzuk halakoak eskaintzen dituztela, luzaz, gainerako hedabide nagusiek bezalaxe, Euskal Herriko gatazkaren garai gordinenean izandako hainbat gertaera eta gako ezkutuan gordeta eduki ostean. Torturari, presoen egoerari edota, oro har, gatazka horren iturburu politikoari dagokion edozeri ez ikusiarena egin diote hedabide horiek, egiten segitzen diote gehienek, hobeto esanda. ETA zuten jopuntuan gaiari hurbiltzerakoan eta, «kontakizunaren bataila» delako horretan, halaxe dute gaur egun ere. “Patria” izan daiteke azkenaldiko erakuslerik nabarmenena.

Euskal Telebistan, ordea, ateratzen ari da azkenaldian bestelakorik. Urrutira gabe, Martuteneko ihesaldiari buruzko dokumentala eman dute aste honetan “Ur Handitan” saioan. Egun gutxi dira ETB-2 katean Intxaurrondoko kasernari buruz beste erreportaje bat eman zutela, tortura eta droga trafikoa aipagai, eta ETB-1 katean Thomas Lacoste ekoizle frantsesak eginiko “Euskal Herria eta Askatasuna” (“Pays basque et Liberté, un long chemin vers la paix”, jatorrizko izenburua) ere eskaini berri dute. Akaso zer eskaintzen den kate batean (gazteleraz) eta zer bestean (euskaraz), horrek denak ere azterketa mereziko luke, hainbat gai aipatzeko, Joseba Sarrionandiak finkatutako maxima erabiltzeko joera baitugu denok hainbatetan: «Euskara da gure territorio libre bakarra». Lacosteren dokumentalarekin izan da protestarik, baina gazteleraz botako balute «garaile/garaituak» eskeman gotortuta daudenen harrabotsa askoz ere handiagoa izango litzateke.

Dokumentalez gainera, telesailak ere ekoizten ari dira ETBn eskaintzeko. Altsasuko gazteei buruzko bat egiten ari dira udazken honetarako, Alardeari buruzko beste bat berriki eman ostean.

Produktu bakoitzaren kalitatea, bertuteak, akatsak edota gabeziak gorabehera, zergatik heldu nahi izan zaien halako gaiei litzateke erantzuna mereziko lukeen galdera. Telebista publikoak botere politikoarekin lerrokatzeko duen joera nabarmenaren aurrean, gutxieneko arnasbide bila, profesionalek beraiek egindako lana eta ahalegina izan daiteke faktore garrantzitsu bat.

Ezin ahantzi gainera zerk erakartzen duen publikoa ETBra, zein herritar konektatzen diren horrelakoak eskaintzen direnean. Beste produktu batzuk nahi dituzten euskal herritarrek ez dituzte beste horiek ETBn bilatzen, Tele5 eta Antena3 bezalako kateetan baizik.

Seguru asko, halako gaiak ukitzerakoan herri honen balore bihurtu diren hainbat ezaugarri azalarazten dira: elkartasuna, injustiziaren kontrako jarrera edota berdintasuna, besteak beste; nahiz eta horrelako gaietara hurbiltze hutsak kontakizun ofiziala hankaz gora jartzen duen. Ez, Martutenetik ez zuten bi terroristak ihes egin. Gertaera pozgarria izan zen Euskal Herrian. Ez da besterik islatzen dokumental horretan.

Bertako errealitateari lotutako dokumentalak eta, batez ere, telesailak egiteko orduan piper pixka bat ere behar dela ezin daiteke ahatz. Istorioak egiteko historia behar da. Epika pixka bat. Seguruenik, ETBn agintea duten jelkideek bestelakoak nahiko lituzkete, baina ez daukate ez halako historiarik ez halako istoriorik. Zein litzateke telesailaren izenburua, “Autonomiarako eskuduntzak” edo “Josu Jon, Petronorreko lehendakari”? Esan gabe doa: Uriolako alkatea (“Alardea” telesaileko herria) EAJkoa da. •