GAUR8 - mila leiho zabalik

Guardia Zibilaren kontrola, 1925. urtean


Gure herriaren historian hainbestetan errepikatzen den Guardia Zibilaren kontrol baten irudia da hau. Gure gurasoek, aitona-amonek eta haien aurreko belaunaldiek bizi izan dute egoera hori, bai eta guk ere. 1925. urtean Primo de Riveraren diktadura bete-betean zegoen eta euskal herritarrentzat errepresio urte latzak izan ziren. Giro gaiztoa arnasten zen, besteak beste, “Aberri” egunkaria itxi baitzuten eta Eli Gallastegi eta beste hainbat buruzagi erbesteratu baitziren. Pascual Marin nafarraren argazkia Hego Euskal Herriaren eta Ipar Euskal Herriaren arteko mugatik gertu dago egina. Kontrol bat da, Guardia Zibilaren ikuskapen bat, bere trikornio eta kapekin ageri dira, batzuk zaldi gainean. Fusil horiekin jazartzen zitzaizkien inguruko herri eta baserrietako bizilagunei, horrela beldurrarazten zituzten. Edo akaso, beste askotan bezala, hegoaldetik iparralderako pasabide horretatik igaro omen zen norbaiten bila zebiltzan. Era batean edo bestean, herria zapaltzen.