GAUR8 - mila leiho zabalik

Euskararen talibanak


Ez dakit euskaldun berritzat har naitekeen. Ikastolan ikasi nuen euskara, hiru urterekin. Garai horretan nire amak euskara ikasten jarraitzen zuen eta ziur zekien guztia eta gehiago anaia eta bioi hitz egiten zigula. Ama, ausarta beti, Francoren azken hatsekin batera Iruñeko erdialdeko eliza baten atzealdeko bajera batean hasi zen ikasten 1975. urtean, gero Arturo Campion mitikoan jarraitu zuen. Amak kontatu izan dit aitak aulkitxoan eramaten ninduela bere bila Comedias kaleko lokal horretara. Aita berriz, behin baino ez zen saiatu euskara ikasten. Euskaltegiko lehenengo klasera joan ondoren erabaki zuen euskara bihotzean eramanen zuela betirako, baina esfortzua gehiegizkoa zela ahoan eramateko.

Nire etxeko ama hizkuntza ez zen beraz euskara izan. Horregatik, nire euskara oinarria beti izan da batua. Badakit oraindik eztabaida handia dagoela batuaren eta euskalkien artean. Behin baino gehiagotan esan dut batua hitz egiten dugunoi (nahiz eta gure euskaran nafartasun zirrikituren batekin, baina batua azken finean) nagusitasunez begiratzen digunak mesede gutxi egiten diola euskararen erabilerari. Batez ere, nagusitasunezko jarrera horiek oso mingarriak dira gure hizkuntza eskubideak beste leku batzuetan baino askoz ere arrisku handiagoan egon diren eta oraindik ere dauden lurraldeetan. Gogoratu beharko zenukete, Nafarroak eta Iparraldeak eratzen dugun euste horma duzuenok, hemen oso egoera larrian jarraitzen dugula. Baina uste dut gai hau, euskaldunen arteko klasismo linguistikoarena, gaindituz doala, edo hori espero dut.

Baina oraindik zirrikituak daude. Duela gutxi gauza bitxi bat gertatu zait. Hasteko, esan nahi dut nire euskara maila ez dela perfektua, seguruenik nire gaztelania maila ere ez den bezala (ezta gaztelerako C1 mailako azterketa bat bertan behera utziko luketen erdaldun elebakar askorena ere). Nolanahi ere, oro har nahiko eroso sentitzen naiz nire euskara mailarekin, batez ere duela hamar urte giro euskaldun batean lanean hasi nintzenetik. Euskarazko irratietako solasaldietan parte hartzen dut, hau bezalako komunikabideetan idazten dut eta, aldizkari honen zuzentzaileari lan pixka bat ematen diodala badakidan arren, nahiko pozik sentitzen naiz nire euskara mailarekin. Hala eta guztiz ere, eta orain dela gutxi entzule batek irratikoei adierazi omen zien bezala, oraindik hanka sartzen jarraitzen dut. Tira, erdarakada bat erabili omen nuen, piano baten tamainakoa (hortxe beste bat, opari moduan).

Ongi etorriak izan daitezela beti hizkuntzaren erabileraren inguruko hobekuntzak, baina, galdetzen diot neure buruari, baita entzule horri ere: zer nezesidade? Egia, entzule horrek egindako zuzenketak lagunduko dit hurrengoan hanka ez sartzen, hori espero dut. Baina kontrako eragina izan zezakeen segurtasun falta duen euskaldun berri batengan: lotsaren eraginez, publikoki, behintzat komunikabide batean, berriro euskaraz ez egitea.

Euskaraldiaren kanpaina bete-betean dugun honetan, eta gure hizkuntzaren erabilera zuzena zaindu behar dugula aldera utzi gabe, egin dezagun euskaraz arren. Ongi, gaizki, erdipurdi, baina egin dezagun euskaraz. Eta zuek, euskara perfektuaren zaintzaileak, lasaitu. Etengabe ikasten jarraitzen duen emakume nafar euskaldun berri batek sinatuta. •