GAUR8 - mila leiho zabalik

Teknopertsonak


Pasa den astean, Javier Echeverria filosofoaren hitzaldi bat entzuteko aukera izan nuen. Landa eremuan edo hiriguneetan bizitzeaz gain, gaur egun, hirugarren ingurunean ere bizi garela azaldu zuen, sarean, Interneten, sare sozialetan, alegia. Eta azaldu zigun hirugarren ingurune horretan ari garenean, datuak sortzen ari garela etengabe, gure inguruko datuak. Norbaitek zerbaitetarako baliatzen duen informazio preziatua ematen ari gara, beraz.

Egia esan, aurrez ere banekien teknologiak, gailu berriek edo sare sozialek abantailak eskaintzen dituztela, baina arriskuak ere sortzen dituztela. Baina zer pentsatua eman zidan. Bereziki, aspaldian asko hitz egiten dugulako kontrol sozialaz eta askatasunaren murrizketaz.

Gobernuez eta estatuez gaindi, hirugarren ingurunean enpresa multinazional handiek agintzen dute, eta ingurune horretatik gainerako eremuetan ere sarbidea dute. Akaso, horregatik, pandemiak hainbat ekonomia sektore gogor kolpatzen dituen bitartean, etenik gabe irabaziak lortzen dituzte guk espazio publiko gisa irudikatzen ditugun sare sozialen jabeek.

Izan ere, sakelako telefonoak dauzkagunetik, pultsera telematikoak dauzkagu, teknopertsona bihurtu gara. Gailu berri bat edo software baten eguneratzea eskuratu nahi dugun aldiro, baldintzak onartzeko aukera irekitzen zaigun aldiro, ez dugu kontratu sozial bat adosten, inposatu egiten zaigu. Biltegi digitaltzat dugun hodeia, beraz, teknopertsonen fabrika da, eta gu gara ekoizleak fabrika horretan. Gainera, doan egiten dugu ekoizpen lan hori. •