GAUR8 - mila leiho zabalik
INGUMA DATU BASEA

Erreferentzia bihurtuta eta etorkizuneko erronkei begira, hogei urte bete ditu

Euskal komunitate zientifikoaren datu basea, Inguma, azken mende erdian zientzia eta jakintza arlo guztietan euskaraz ekoitzi den guztiaren gaineko oinarrizko informazioa ematen duen tresna da. Unibertsitate munduan, baina baita esparru horretatik kanpo ere, ezinbesteko erreferentzia bihurtuta, hogei urte bete ditu.


Ikerlari batek, irakasle batek, kazetari batek, edonork topa dezake azken mende erdian euskaraz zientzia eta jakintza alor guztietan ekoitzitako lanen eta haien egileen gaineko oinarrizko informazioa Inguma datu basean. Tresnak hogei urte bete ditu, egindako lan eskergaren emaitzagatik pozarren, baina erronkak eta kezkak ahaztu gabe.

Inguma euskal komunitate zientifikoaren datu basea da, Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) sortua. Iñaki Alegria UEUko zuzendari ohi eta tresna horren sorreran parte hartu zuen eta honela gogoratu du hasiera hura: «UEUren helburuen artean komunitate zientifiko-teknikoak elkar ezagutzea egon da beti, baita unibertsitate mailako produkzioa bultzatzea eta gizarteratzea ere. 90eko hamarkadaren amaieran digitalizazioa dokumentazio zentroetara iristen ari zen eta Europan proiektu bat aurkezteko aukera sortu zen. UEUko Historia eta Informatika sailek Inguma egitasmoa biltzen zuen proiektua ondu genuen, hasieran asmo hutsa zena. Europatik dirulaguntzarik ez lortu arren, UEUren baliabide urriekin proiektuari ekin genion, eta zorionez, aurrerago, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin amaitu ahal izan genuen. 2000ko Durangoko Azokan aurkeztu genuen».

Ingumaren helburu nagusia da euskal produkzio akademikoaren berri ematea, baina «ez da bibliografia nazional bat», eta ez du dokumentuen deskribapenik edo baloraziorik egiten. Euskarazko produktu guztiak eta egile euskaldunak ezagutarazteko tresna azkar eta eraginkorra izateko asmoz sortu zuten. Hartara, unibertsitate mailako euskarazko produkzioa bere osotasunean bildu dute, hainbat motatako produktuak kontuan hartuz, ahozkoak eta idatzizkoak: hitzaldiak, ikastaroak, liburuak, artikuluak, hitzaurreak, liburu aipamenak, edizio kritikoak, ikerketak eta doktore tesiak. Hori guztia bildu eta gizartearen esku jarri dute. Sortu zenetik hogei urtera, 11.800dik gora egile, 43.500 dokumentu inguru eta 16.600 artikuluren erreferentzia topa daitezke bertan. Urteurren honetan webgunea berritu dute eta bilaketak errazteaz gain, datu basera igotako azken sarrerak ikusi, bilaketak inprimatu eta hainbat estatistika eskuratu daitezke, besteak beste.

UEUren produkzioarekin batera (ikastaroak, hitzaldiak, irakasgaiak, liburuak eta artikuluak), unibertsitate mailako euskarazko, zein erdarazko 129 aldizkariren euskarazko artikuluak, 54 argitaletxeren euskarazko liburuak eta zenbait unibertsitateren euskarazko eskaintza akademikoa eta hainbat erakunderen hitzaldiak zein ikastaroak eskaintzen dira. Guztira 203 erakunderen lana dago katalogatua.

Erabilera

Unibertsitatea.net ataria Ingumaren «kume bat» da. Bertako UEUren Mintegia atalean datu basearen zenbait sortzaile eta arduradunen iritzia bildu dute azken egunotan, baita erabiltzaileren batena ere, hala nola Oskia Agirre ikerlari eta EHUn liburuzain dabilenarena: «Inguman biltzen diren edukiek hainbat erabilera izan ditzakete, ez bakarrik unibertsitatearen munduan, baita hezkuntzaren maila ezberdinetan zein dibulgazioaren alorrean ere. Eskuragarritasunaren ikuspegitik badu egun garrantzizkoa den ezaugarri bat: lanen berri emateaz gain, materialak sarean lortu daitezkeen kasuetan, esteka bertan eskaintzen da».

Agirrek liburuzain gisa eta ikertzaile gisa erabili du datu basea. Beretzat Inguma ikasleei gomendatzen zien baliabidea zen hasieran: «Liburutegian eskaintzen diren formakuntza saioetan, ikasketak euskaraz egiten dituzten ikasleek asko estimatzen dute euskarazko edukiak lortzeko bide bateratu bat izatea. Beren lanetarako eta ikasketetarako euskarazko materialak lortzeko zailtasunak dituzte». Eta ondoren ikerketarako erabilera ere izan zezakeela konturatu zen: «Euskal Herrian sarbide irekiaren egoera aztertzen hastekoa nintzen eta euskal aldizkari zientifikoak identifikatzeari ekin behar nion. Inguma izan zen nire abiapuntua».

Karmele Artetxe UEUko zuzendari ohia eta lau urtez Inguma elikatzeko ardura izan zuena ere erabiltzailea da; izan ere, bere doktore tesian, esparru akademikoan euskarak duen presentzia neurtu eta historian zehar izan duen bilakaera aztertzeko, Inguma hartu zuen oinarri. Erreferentzia gune bat dela dio Artetxek, «euskarazko bibliografia eta ekoizleak (aldizkariak, argitaletxeak…) eta egile euskaldunak topatzeko balio du; eta, lehen zein gaur, erreferentziak ezinbestekoak dira, testuinguru ‘balkanizatuari’ aurre egiteko».

Komunitatea

Artetxeren ustez, Ingumak euskarazko komunikazio zientifikoa badagoela ikusarazten du, «hau da, euskara noranahikoa dela unibertsitateko ikasgelan aritzeko, artikulu zientifikoak egiteko, ikerketa euskaraz egiteko, finean goi mailako kultura eta jakintza transmititzeko».

Are gehiago dio Xabier Isasik, Inguma sortu zenean UEUko zuzendaria zenak: «Euskal Komunitate Zientifikoaren datu basea Inguma izenordez ezagutzen dugu gaur; baina orduan ez genekien euskal komunitate zientifikoa existitzen zenik ere! Neurri batean esan daiteke UEUk sortu duela komunitate hori. Horregatik sortu genuen Inguma. Orain badakigu euskaldunen komunitate zientifikoa nolakoa den, zenbat garen, zertan dihardugun, nola hazten den…». Hala berean, Inguma datu baseak euskaldunen komunitate zientifikoko nolabaiteko nortasun agiria ematen duela uste du: «Inguman ez dagoenak ez dauka komunitate zientifikoaren aitortzarik. Datu basearen erabileraren ikuspegitik, beste aldetik, zenbakiak ikustea besterik ez dago, Inguma erreferentzia saihetsezina da unibertsitatean, ikerkuntzan, administrazioetan, hedabideetan…».

Pruden Gartzia Ingumaren sortzaileetakoa eta UEUren argitalpengintza batzordeko kidearen ustez, Inguma puzzle oso handi bateko pieza bat da eta berez ez dauka balio berezirik, «ez bada euskalgintzaren barruan, ez bada proiektu historiko baten barruan; eta proiektu hori euskararen salbamendua da. Euskara hizkuntza normal bat izatea; edo beste era batera esan dezagun: Euskal Herria bizitzea».

Emakumeen ekarpena

Uxune Martinezek, 11 urtez Inguma datu baseko arduraduna izan zenak, datu base horrek «eragin biderkatzailea» izan duela azpimarratu du: «Alde batetik, produkzioari dagokionez, Ingumari esker euskaraz egin diren doktorego tesiei buruzko datu osatuenak ditugu gaur, eta horietako asko kontsulta librerako daude Kultura eta Hizkuntza Politikarako Saileko Tesiker datu basean. Bestalde, Inguman egindako dokumentazio lanari esker, fitxa bibliografikoetan inizial batzuen ostean zeuden egileen izen-abizenak dokumentatzea lortu da. Gehien bat, 60ko hamarkadatik 1987ra bitartean lanak argitaratu zituzten egileen datuak berreskuratu dira. Horietako asko eta asko emakumeak ziren eta goi mailako produkzioan emakumeek egindako ekarpena agerira ekarri zuen Inguman abiatutako dokumentazio lanak».

Euskarazko produkzioaren berri emateaz gain, egileekin harremanetan jartzeko bide ematen du Ingumak, Kepa Sarasola UEUko zuzendariak gogorarazi duenez: «Demagun kazetaria zarela eta aditu euskaldun bat baliatu nahi duzula gaur covid-19 gaitzari buruz… Ingumak hamaika erreferentzia emango dizkizu eta egileei idazteko aukera». Bestetik, tresna horren «erreferentzialtasun sendoa» dela eta, haren inguruan zenbait «ume» sortu dituztela nabarmendu du: Tesiker, euskarazko tesien datu basea, gune berezitu baten beharra ikusi baitzuten; Artizarra sare soziala, LinkedIn sare sozialaren antzekoa, profesional bakoitza eta haren produkzio osoa ikus daiteken gunea; arestian aipatutako Unibertsitatea.net ataria; edo Buruxkak liburutegi digitala, UEUko produkzioa eskaintzen duen biltegia.

Erronkak

Etorkizunari begira, Sarasolak erronka bat seinalatu du: «Produkzioaren erreferentziak eskaintzeaz gain, edukiak ere eskaini nahiko genituzke; hau da, artikulu edo liburuen testuak eurak ere eskaini».

Ingumaren erronken eta besteren berri jakiteko asmoz, Iñaki Alegriarengana jo du GAUR8k. Pruden Gartziak dioenez, hari zor zaio batez ere Ingumak teknologia berriak erabiltzea. Datu basea erabilgarriagoa izateko hainbat arlotan hobekuntzak egin beharko liratekeela dio, eta hedapenean sakondu beharra dagoela azpimarratu du, eskaintzen dituen aukerak komunitatean ezagunagoak izan daitezen. «Bereziki irakasle, ikasle eta ikerlariei dei egingo nieke bibliografia bilatu behar dutenean, Ingumatik has daitezen, euskarazko erreferentziak topatzeko. Lan hori errazteko, aipamen bibliografikoen esportaziorako funtzionalitate bat gehi liteke Inguman». Dioenez, euskal ikerlariek artikulu bat idaztean, euskarazkoa izan arren, askotan ingelesezko, gaztelaniazko edo frantsesezko bibliografia erabiltzen dute, ez baitakite euskarazkoa ere badagoela. «Orduan, ikerlariei ere hor bilaketak egiteko erosotasun bat emateko, erreferentzia bibliografiko horiek automatizatzeko, ikerlarien lan egiteko moduan integratzeko urratsak egin daitezke, baina gauza horiek pixka bat garestiak dira».

Finantziazio bila

Bestetik, produkzioaren parte bat digitalizatu gabe dagoela dio, beste bat ez dagoela eskuragarri, eta eskuragarri dagoen zati bat agian galduko dela ondoko urteetan. «Dena eskuragarri jartzea eta etorkizunari begira ziurtatzea izan liteke proiektuaren hurrengo urratsa; baina horretarako baliabideak behar dira».

Teknologia berriek eskaintzen dituzten esparru berrietara egokitzen jarraitzeko ahalegina ere badute kontuan: «Gauza batzuk egin ditugu, nazioartean badaude estandar batzuk biblioteken artean saretzeko; Wikipedia munduan, Wikidata bada beste esparru bat lantzen goazena, baina oraindik gauza gehiago egin daitezke. Adibidez, oso interesantea litzateke zeinek aipatzen duen zein, haien artean zer lotura dauden, zein diren artikulurik aipatuenak seinalatzea, zientifikoki eta batez ere masa zientifiko handia dagoenean».

Finantziazio arazoen inguruan galdetuta, Bizkaiko Aldundiak Ingumaren funtsezko lana finantzatzen duela dio: dokumentazioa. «Datu base hauek baliagarriak dira eguneratuta dauden neurrian, eta gure lehentasunik handiena dokumentazio lana eguneratuta edukitzea da, eta horretarako Bizkaiko laguntza ezinbestekoa da. Orduan, zer egin behar dugu? Txosten bat idatzi, ondo justifikatu, aurkeztu eta finantziazioa bilatu. Eta horretan gaude urte honetan, hogeigarren urteurrenean».

Produkzioa, motelduta

Alegriak beste gai kezkagarri bat ekarri du hizpide solasa amaitu baino lehen, Karmele Artetxek beti azpimarratzen omen duena, komunitatearen produkzioa nolabait gelditu edo moteldu egin dela. Dioenez, artikuluei eta liburuei dagokienez, 2000 eta 2010 bitartean-edo prozesu interesgarria egon zen, baina gero moteldu egin da, «eta hor hainbat faktore daude, baina inportanteena, unibertsitatean lanpostuak finkatzeko, promozionatzeko-eta, ingelesezko produkzioa bultzatzen dela. Horrek ekartzen du unibertsitatean gero eta euskaldun gehiago egotea eta euskarazko eskola gehiago ematea ez dela islatzen euskarazko produkzioan. Badaude eskolak euskaraz ematen dituzten irakasleak, euskaraz aritzeko kontratatu direnak, baina eskolak euskaraz emanda ere, gero aldizkarietan, dibulgazioan, ez dute euskara erabiltzen. Hori oso kezkagarria da». Inguma horren guztiaren isla dela dio eta, hortaz, horren inguruan hausnarketa egiteko tresna izan daitekeela.

Artizarra proiektua zer dela-eta abiatu zuten galdetuta, alde batetik dio Inguman pertsonen filiazioa, non egiten duten lan eta abar daukatela, baina detektatu zutela gauzak aldatzen zirela, batek tesia EHUn egin baina gero Deustun lan egin dezakeela; beraz, ez zeukatela ikerlari edo irakasle askoren posta finkoa eta profesional bakoitzak bere profila eguneratzeko aukera eman behar zutela. Bestetik, UEUko sailetatik eskatzen zieten komunikazio teknikorako kanal bat, jakintza arloaren arabera, «eta, horretarako, sare profesional horiek beren fruitua ematen ari dira, baina nahiko genukeen baino polikiago. Jakina, sare sozial asko daude, eta gutxieneko trafikoa ez badago, ez diozu kasurik egiten, ahazten zaizu… Baina ondo funtzionatzen du».

Balantzea

Balantze arin bat eskatu dio GAUR8k: «Oso positiboa. Ingumak bere funtzioa bete du: euskal komunitate zientifikoa zeintzuk garen dokumentatzea, zer produzitu dugun. Gainera, tesi bat atera da, Karmele Artetxek egina, euskal komunitate zientifikoaren nondik norakoak aztertu dituena. Kume berriak sortu dira, hala nola Tesiker eta Artizarra, eta ideia berriak ere badira».

Nahi zutena bete duela dio, «baina, beharbada, aukera gehiago zegoen? Batez ere hedapenari dagokionez, jendeak ezagutzea. Komunitate zientifikoan nahiko ezaguna da, unibertsitate sistemaren barruan adierazle ofiziala bihurtu delako. Euskarazko produkzioa gutxi baloratzen da akademian, baina ‘agiria’ bertan egotea da. Akademiatik kanpo, kazetarien edo kultura antolatzaileen artean, ez da hain ezaguna, baina zuk edo hitzaldi antolatzaile batek behar baduzue edozein gairi buruzko aditu bat, horretara jo eta aurkituko duzue. Oso interesgarria da».