GAUR8 - mila leiho zabalik

Europako antolaketa da zor publikoa kitatzeko oztopoa


Pasa den astean, Riccardo Fraccarok, Giuseppe Conte Italiako lehen ministroarengandik hurbilen dagoen aholkularietako batek, mahai gainean jarri zuen Europako Banku Zentralak pandemia garaian jaulkitako zorra kitatzeko edo betiko bihurtzeko aukera. Euroaren ardura duen erakundearen erantzuna berehala etorri zen. Fabio Panettak, EBZko Italiako ordezkariak, ukatu egin zuen aukera hori. Eta bi arrazoi eman zituen. Batetik, esan zuen proposamen hori Europar Batasuneko arauen aurkakoa dela. Eta, bestetik, adierazi zuen horrelako neurria hartzeak ondorio desorekatzaile handiak izan ditzakeela.

Proposamen hori ukatzeko eman zituen bi arrazoiak ez dira oso baliagarriak. Egia da aukera hori Europar Batasuneko arauen aurka doala, baina horrek ez du esan nahi arau horiek erabat erreformaezinak direnik. Arauek egoera eta testuinguru jakin batzuetarako balio dute. Gauzak aldatzen doazen heinean, une batean balio zuena desegokia edo kaltegarria bihur daiteke. Arauak aldatzea gai politiko hutsa da, baina horretarako gaia eztabaida politikoan jarri beharko da. Jendaurrean zalantzan jartzen ez diren bitartean, arauak ez dira aldatuko. Ildo horretan, Italiako proposamena oso egokia izan zen.

Beste argumentuak askoz balio gutxiago du. Europako Banku Zentralak erosi duen eta, beraz, bere balantzean dagoen estatu baten zorraren zatia kitatzeak EBZren eta estatu horren balantzeari baino ez lioke eragingo. Hirugarrengoen esku dagoen estatu horren zorrari erabaki horrek ez lioke eragingo. Beraz, gainerako hartzekodunek berdin jarraituko lukete. Estatuak kopuru horren zordun izateari utziko lioke (EBZra igaroko baita zorra), eta modu berean, EBZk estatu horren hartzekodun izateari. Biak administrazio publikoak diren neurrian “etxe barruan konpontzeko kontua” dela esan dezakegu.

Horrelako erabakiak ez dauka albo kalterik. Beste gauza bat da Estatuak gastatu duen diru horrek ekonomian zirkulatzen jarraituko duela eta baliteke epe ertainean gehiegizko diru hori kendu behar izatea. Baina horretarako ere bideak egon badaude. Estatuak diru gehigarriak gastatzeko duen ahalmenak erakusten du zein garrantzitsua den diru hori zertan inbertitu den, hau da, Estatuko aurrekontuak nola osatu diren. Gastuaren norabidearen arabera, eragina ezberdina izango da ekonomian eta aberastasunaren banaketan.

Estatuko zorrak kitatzeko, beharbada, arazorik zailena euroa kudeatzeko sortu den sistema da. Esate baterako, EBZk ez du proportzio berdinean erosten estatu guztien zor publikoa. Estatu bakoitzak duen pisuaren arabera egiten dira horrelako eragiketak, hau da, Alemaniako, Estatu frantseseko eta Italiako zor publikoa da gehien erosten duena. Eta aurtengo pandemiara arte, debekatuta zuen Greziakoa erostea. Azkenean, salbuespenak salbuespen, finantzaketa behar handia duten estatuen zor gutxi erosten du EBZk eta kitatzeko ere gutxi izango du.

Kondizio horietan nola kitatu ahal izango litzateke zor publikoa? Proportzionalki egiten bada, beharrik ez duen Alemania izango da onuradunik handiena. Beharrik handiena duten herrialdeena likidatzen bada, gainerakoak haserretu egingo dira... Hain zuzen, horixe da Euroguneko herrialdeen zor publikoa murrizteko arazo nagusia: moneta bakarra dago, baina ez dago hori kudeatzeko estatu federalik. •